Immigrazioa

Bidea infernu

Mexiko hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duten trenei La Bestia izena ematen zaie. AEBetara iristeko modua dira paperik gabeko migranteentzat, eta, orain, are arriskutsuagoak dira, krimen antolatuaren erruz.

Migranteak trenbideetan zain,Tierra Blancan (Veracruz). PEP COMPANYS
2014ko apirilaren 13a
13:24
Entzun

Erdialdeko Amerikako jende talde bat atseden hartzen ari da, trenbide ondoko lurrean sakabanatuta, GKE batek paperik gabeko migranteei laguntzeko ezarria duen jantoki baten aurrez aurre; Huehuetoca udalerrian dago, Mexiko Hiriko aldirietan. Atsedenalditxo batean daude atzerritarrak, hainbat egun baitaramatzate ezkutuko bidaiari gisa bidaiatzen, herrialdea hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen kargako tren batera igota; La Bestia izen generikoa dute tren horiek. Urteetan, garraiobide gailen hori erabili izan dute urtero Mexikora modu ez-arauzkoan sartzen diren ehunka milaka pertsonak, Guatemalako mugaldetik sartu ere, Estatu Batuetara iristeko asmoz. Denbora askoan, modu arriskutsu bezain merke horixe baliatu izan dute beren amets amerikar gutiziatua erdiesteko. Duela bi urtetik, ordea, ez da hain merkea, baina bai gero eta arriskutsuagoa.

Errailen gainetik oinez hurreratzen ari diren hamar bat hondurarri begira ari dira bidaiariak, jantokiko boluntarioek gertatuak dizkietenak janez —plater bete arroz eta frijol— eta edanez —kafea—.

Motxilak erantzi eta lurrean neka-neka eginda jarri orduko, hamar eguneko ibilaldia egina dutela kontatu dute. Horren proba gisa, zapata zola erabat hondatuak erakutsi ditu, irribarretsu, iritsi berrietako batek, 1,90 metro luze izango den beltz batek.

Handik 450 kilometrora, Veracruzen, Mexikoko golkoko kostaldeko eremu batean eta herrialdeko hiribururaino iritsi aurretik La Bestia -k igaro beharrekoan, atzeman zituzten krimen antolatuko talde batekoek, beste migrante batzuk izango balira bezala igoak baitziren trenera.

Behin trena martxan jarri zelarik, ezkutuan zeramatzaten aihotzak atera, eta bagoietako sabaiz sabai ibili ziren mundu guztiari 10 dolar eskaka. Hondurarren hamarkoteko inork dirurik ez zekarrenez, beltz tantaia biren artean oratu eta goitik behera bota zuten trena joanean zihoala. "Katu baten moduan bota ninduten", esan du irribarretsu agertzeari uzteke, eta keinuka aditzera eman nahirik nola heldu zion haietako batek besoetatik eta besteak zangoetatik, eta bien artean kulunkaraziz airerantz jaurti zuten. Zorionez, ongi erori zen, eta ez zen zauritu; adiskideak, berriz, ahal zuten moduan jaitsi ziren.

Tristeena da, ordea, Erdialdeko Amerikakoak zirela erasotzaileetako batzuk ere.

Aktibista bat da Ruben Figueroa, eta zortzi urteotan dihardu lanean migrante paperik gabekoen eskubideen alde. Bi urte hauetan, La 72 izeneko aterpetxe batean aritu da; hor aterpe ematen diete muga Guatemala aldetik, Mexikoko Tabasco eskualdetik, gurutzatzen duten paperik gabekoei. Nolanahi ere, joan den irailean, herrialdetik irten egin behar zuen behin-behinean, mehatxu egin baitzioten ziharduen lanean jarduteagatik. Figueroak dioenez, 2012ko amaiera aldean hasi ziren antzematen halako bandak, trenetara igo eta paperik gabekoei estortsio eginez zebiltzanak.

"Koalizio bat egin zuten Mexikoko narkotrafikoko kartelen eta Erdialdeko Amerikako gaizkile taldeetako kide edo pandillero -en artean"; trenetan infiltratzen dira, migranteak izango balira bezala, eta gero ustekabean harrapatzen dituzte herrikideak, azaldu Figueroak.

Gaizkile talde horietako kideak Amerika Erdialdeko mara deritzen gazte talde arriskutsuetako kide ere badira, eta, besteak beste, Los Zetas erakundeak errekrutatzen ditu zeregin horretarako. Kartel indarkeriazale hori Mexikoko armadako eliteko taldeetako kide izandako militarrek eratu zuten; Estatu Batuetan entrenatuak ziren, 90ko urteen amaiera aldean desertatu zutenak, Golkoko Kartelaren zerbitzura sikario gisa lan egiteko. Duela urte batzuk, beren aliatuengandik banandu egin ziren soldadu ohi haiek, eta, orain, Mexiko ekialde guztiagatiko lehian dabiltza liskartuta haiekin, handik barrenakoa baita migranteek gehienbat erabiltzen duten La Bestia -ren ibilbideetako bat.

Gurpil zoroa

Hala, bada, paradoxa makabro bat gertatzen da, mara gaizkile talde horiek 80ko eta 90eko urteetan eratu baitzituzten Kalifornian, Los Angelesen, Erdialdeko Amerikako immigranteen ondorengo deserrotuek, haurrideen arteko gerra zibiletatik —Washingtonek babestuak, Gerra Hotzaren esparruan— ihesi etorriak izaki beren sorleku hondatuetatik.

Gazte delitugile haiek sortzen ari ziren ziurtasunik gabeko bolada hari aurpegi emateko, nor bere sorterrira deportatzen hasi ziren Estatu Batuak modu masiboan. Hala, arazoari aurre egiteko ahalmen txikiagoko nazioetara lekualdatu zuten arazoa.

Salvadorren, Guatemalan eta Hondurasen, estutasunean jarri zuten Estatua mara talde haiek, eta ezin eramanezko indarkeria egoera bat sortu, milaka pertsonari Estatu Batuetarantz ihes eginarazteraino.

Estatu Batuetako migrazio politikek eragindako gurpil zoro izugarriari, baina, eman dakioke beste birarik ere azkenik: emigranteak inolako paperik gabe sartzen direlarik Mexikon, beren etxeetatik irtenarazi zituzten talde haiexek berberek eraso egiten baitiete itzulitakoan.

Eta ez diete estortsio egiten bakarrik. Lehergarria da mara eta zeta taldeen arteko nahasketa, Rio Bravoz hegoaldera dauden talderik odolzaleenak baitira biak ala biak. Zirkinik egiteke hil, bortxatu, bahitu, burugabetu, elbarritu edo azidotan deuseztatzen dituzte arerioak edo erronka jotzera ausartzen zaien edonor.

Migranteentzako aterpetxeetan lan egiten duten aktibistek kontatu dutenez, karteletako informatzaileak migranteen artean infiltratzen dira sikarioak errekrutatzeko. Noizbehinka, Hummer kamionetak —kristal tindatuzkoak, narkotrafikatzaileen kutunenak— ere etorri izan dira aterpetxeren bateko ataurreraino enplegatu berri bat jasotzera.

Mexikarrek laidotzat daukate Estatu Batuek zer-nolako tratua ematen diete mugaz bestaldeko aberkideei. Hala ere, ez dira inondik inora ere alderatzekoak iparraldeko herrialdean immigranteek jasan behar duten jazarpena eta Mexiko zeharkatzen duten paperik gabekoei jasatea dagokien amesgaiztoa.

Duela urte batzuk, migrazio agenteak edo Mexikoko polizia ustelak zituen kezka behinen, jazarri egiten baitzitzaizkien, jo egiten baitzituzten, bortxatu, eta lapurtu eta estortsio egiten baitzieten.

Orain, haietaz ez ezik, krimen antolatuaz ere arduratu beharra dauka, zeinak indarkerian murgilarazia baitu herrialdea urte hauetan, eta droga trafikoaz bestelako diru sarrerak lortzen ari baita etengabe, hala nola estortsioa, bahiketa, pirateria, edo petrolio lapurreta baliatuta. Diru iturri etekintsutzat dauzka migranteak.

Izan ere, negozio bide oparoa da migrazio gertakaria, ez bakarrik delitugileentzat eta funtzionario ustelentzat, baita haien iraganbidetik gertu dauden herrietako jende xume eta xehearentzat ere.

"Gertakari ekonomiko bat da migrazioa", dio Jorge Andradek, Huehuetoca eremuko migranteen eskubideen aldezkariak. "Derrama baliotsuak dakarzkie guztiei: bai jatekoa eta freskagarriak saltzen dizkieten dendei, bai lolekuak, garbilekuak, komunak… alokatzen dituzten auzoei, bai eta estortsio egitea onuragarri zaienei ere", adierazi du.

Denek ateratzen diote etekina migranteen ahultasunari eta haiei gerta dakiekeenaz agintariek duten axolagabeziari. "Agintarien ez-egite hori da arazorik handienetako bat", nabarmendu du Andradek, eta adibide bat jarri, lanean diharduen eskualdeko egoeraren adierazgarri, trenbidearen ibilbide osoan Mexiko Hiritik gertuen dagoena baita.

Duela bi urte arte, bazegoen aterpetxe bat Lecheria auzoan —megaurbearen metropoli eremuko alderdi horretan egiten baitu geldialdi bat trenak bagoiak aldatzeko—, udalerriko apaizak kudeatua. Iazko ekainean, hala ere, itxi egin behar izan zuten, auzokoek estuturik, paperik gabeko jendearen joan-etorri etengabeak ustez segurtasunik eza eragiten zielakoan.

Babesgabeak

Zoritxarrez, dio Andradek, "eskualde honetara iristen diren migranteak erabat babesgabe daude". Eskualdeko udalerrien eta giza eskubideen aldeko erakunde batzuekin hainbat astetan tirabiran ibili ostean, beste aterpetxe bat ireki zuten Huehuetocan, handik 30 kilometro iparraldera.

Baina haraino iristeko, hainbat ordutako ibilaldia daukate, eta mafietako kideek atzematen dituzte bidean, eta kuota bat galdegiten iragan ahal izateko, eta, dirurik ez badute, jipoitu edo bahitu egiten dituzte. Delitugile arruntek ere haietaz abusatzen dute. Batzuk, Andradek adierazi duenez, "kirol -tzat hartzen hasiak dira mozkorturik trenbidera joatea migranteak jipoitzera. Halaxe, besterik gabe, jolas gisa".

Gainera, aterpetxe berria kudeatzeko, udalerriko erretoreak neurri zorrotzak ezarri zituen, hala nola migranteak ezin ibiltzea sartu-irtenean; beraz, gehienak ez dira aterpetxean geratzen.

Gobernuz kanpoko erakundeen sare batek lokal bat hartu zuen errentan herrian, han jatorduak gertatu eta gero trenbidera eroateko Erdialdeko Amerikako migranteei; baina aste gutxi batzuk barru, goizalde batean, auto batean igaro ziren handik ezezagun batzuk, eta tiroka ekin zioten ateari, eta, hortaz, itxi egin behar izan zuten.

Hurrengo, etxe bat eskuratu zuten, paperik gabekoek han izan zezaten lolekua. Baina hura ere itxi egin behar izan zuten, sikarioak hantxe paratu zirelako, ate aurrean lehenik eta etxe barrenean tinko betiko azkenik.

"Ez-egite bat eta kolusio bat dago, sarritan, agintarien eta delinkuentziaren artean. Eskabideak egiten dira, zaintza neurriak eskatzen, baina askotan etorri eta joan egiten dira, besterik ez, ez dira harago heltzen", esan du kritiko Andradek, eta beste hau erantsi: "Poliziak jakin badaki horretan nortzuk dabiltzan, eta non dabiltzan, baina ez diote konponbiderik jartzen".

Ruben Figueroak adibide bat eman du: migranteei estortsio eginez dabiltzan talde kriminaletako bateko buruzagi bat identifikatzea eta salatzea lortu zuten, baita bi aldiz atxilotzea ere —2012an eta 2013an—, baina bietan ere laster askorik utzi zuten aske.

Abentura arriskutsua da, berez, La Bestia -n modu klandestinoan bidaiatzea. Trena abordatzeko unea da arriskutsuena. Trena geldirik dagoela ahalegintzen dira migranteak hara igotzen, alegia, bidez aldatzen den gunean edo tarte estua izateagatik kontrako bidetik datorren konboiari itxaron behar dioneko zatian. Baina, batzuetan, ez da gelditzen espero bezala ohiko leku horietan edo tren konpainiek zaintzaile pribatuak kontratatzen dituzte —garroteros deritzenak—ezkutuko bidaiariei atzera eginarazteko. Makilaz armaturik ibili ohi dira zaintzaile horiek, eta kolpeka uxatzen dituzte konboietara igotzen ahalegintzen diren Erdialdeko Amerikako migranteak.

Erruleta errusiarra

Halakoetan, martxan doala igo beharra daukate trenera, eta zorigaiztokoa izan liteke. Aurrera egin ahala, erakarpen eremu bat eratzen dute gurpilek, eta hurbiltzen den oro xurgatzen. Jausi egitean oina behar bezala bermatu ezean, hankamotz gera litezke. Migrante asko elbarritu da hala.

Gainera, hainbat ordutako bidaldiaren ostean, bat baino gehiago hartu du loak bagoiaren sabai gainean edo bagoi ertzean, eta txiki-txiki eginda geratu tren azpira jauzita. Bizi asko galdu da bidean, duela hogei bat urte hasi zirenetik migrazio masiborako garraiobide gisa erabiltzen. Ongi merezia du La Bestia izena.

Baina, orain, krimen antolatukoek hainbat kuota ordainarazten baitizkiete —zati bakoitzeko 100-200 dolar bitarte ere bai, migranteen defendatzaileek esatera—, benetako erruleta errusiar bilakatua zaie trenera igotzea.

Normalean, estortsiogileek bota egin ohi dute dirurik ez daukana edo ordaindu nahi ez duena. Baina lotsa handirik gabe jo ere egiten dituzte aihotzez, edo tiro batez hiltzen, edo bahitzen.

Estortsioa ez da migranteen ibilbideko narkotrafiko negozio bakarra. Hain zuzen, pertsonen trafikoarekin ateratzen dute mozkinik handiena, dio ziur Figueroak. Aktibistaren iritziz, haien helburu lehena da ahalik eta jenderik gehiena bideratzea "zerbitzu" horretara, onean zein txarrean.

"Terrorea eragiten dute, migranteei fisikoki eraso eginez, heriotza mehatxuka, trenak indarrez hartuz, haiei eraso eginez, amorru biziz: goitik behera botatzen dituzte migranteak, odol hotzean hiltzen… Kaos erabatekoa", deskribatu du. "Horregatik, pixkanaka, txikitu egin da trenaren ibilbide horretako immigranteen joan-etorria; baina ezin ikusizko beste ibilbidean, pertsonen trafikoari dagokionean, handitu egin da kopurua", erantsi du.

La 72 aterpetxetik 80-100 bat Erdialdeko Amerikako migrante igaroko dira egunean, eta, hango lanean, aditu izateraino ikasi du Figueroak bereizten nor den migrante, eta nor pollero —hala deritze pertsonen trafikatzaileei—, migranteen artean "bezero" bila sartu dena. Asko eta asko atera izan behar ditu aterpetxetik gainerakoak behartzen saiatzeagatik esanaraztera ba al duten senitartekorik, aurrez Estatu Batuetan ezarritakorik, haiek dirua izango dutelakoan.

"Normalean, migranteek trena erabiltzen dute, ez dutelako babestuko dituen senitartekorik edo ez diotelako ordaindu nahi inongo trafikatzaileri". Figueroak honela deitu dio: "Trafikatua izateko atzemate behartua".

Praktikan, bahitu egiten dituzte, mugaz bestaldeko haien ahaideek ordain diezaieten Estatu Batuetako lurraldeetarainoko garraioa. Ahaideei deitzen diete, eta esaten ordainduz gero onik eta osorik eramango dituztela haraino baina ordaindu ezean hil egingo dituztela.

Milaka biktima

Ez da mehatxu hutsal bat. Mexikoko GKEen kalkuluen arabera, paperik gabeko milaka migrante izan dira halako erakundeen biktima. Zorionez, gorpuak agertu egiten dira. Kasurik zorigaiztokoena 2010ean gertatu zen, Tamaulipasko etxalde batean, Texasko mugaldeko eremu batean: 72 migrante erail zituzten. Handik bizirik irten zen batek kontatu zuenez, Estatu Batuetarantz zihoan migrante talde bat, eta komando haietako batek atzeman zituen bidean, eta senitartekoei erreskate bat eska ziezaieten galdegin zieten, edo sikario gisa bat egin zekizkien. Hala egiteari uko egin ziotenez, sarraskitu egin zituzten.

Baina gehienetan, arrastorik utzi gabe desagertzen dira, hala nola desagertu dira 26.000 mexikar zazpi urte hauetan, Mexikoko Gobernuak drogaren kartelen kontrako oldarraldi bat antolatu zuenez geroztik armadaren parte hartzea zuela bitarteko; hark mailarik goreneraino areagotu zuen indarkeriaren izugarria.

2006az geroztik, urtero, Erdialdeko Amerikako emakumeen karabana bat ibili ohi da migranteen ibilbidean barrena senitartekoren baten bila, oro har Mexikoko lurraldean arrastoa galdua zioten semeren baten bila. Aldiro, berrogeita hamarren bat emakumek parte hartzen dute, beren senide maiteen argazkiak hartuta; haietako gutxi batzuek bakarrik aurkitzen dituzte.

Figueroak eskueran duen informazioaren arabera, Coatzacoalcos hirian —Veracruz hegoaldea— badute "atzemate behartu"-en sare bat. Paperik gabeko migranteak atzematen dituzte, eta "segurtasun etxe"-etara [zulo] eramaten; haietatik, autobusean igotzen dituzte, eta Estatu Batuetako mugalderaino garraiatzen; 1.300 kilometroko bidaia.

"Astero, lauzpabost autobus erabiltzen dituzte, eta ibilgailu bakoitzean 40 bat migrante eramaten. Horietako bakoitzak 3.000 eta 4.000 dolar bitarte ordaintzen du; beraz, guztira, 120.00 dolar eskuratuko dituzte autobuseko", adierazi du. Eta honako hau gaineratu du: "Guk jaso ditugun lekukotasunen arabera, polizia patruilen zaintzapean joan ohi dira autobus horiek, eta jende armatua eraman ohi dute barruan".

Mexikon, vox populi da elkarren konplize direla Polizia eta delitugileen talde horiek.

Figueroak salatu du agintariek kolusio egintzak egiten dituztela erakunde kriminal horiekin batean; ondorioz, ez dute ezertxo ere egiten ibilbideko paperik gabekoen kontrako indarkeria geldiarazteko, horri esker jende asko behartzen baitute pertsona trafikoaren sarea erabiltzera eta, hala, irabazi handiagoak lortzen baitituzte.

Washingtonera begira

Migranteen hainbat defendatzaile harago doaz, ordea, hala nola Saltilloko —Mexiko iparraldea— gotzain Raul Vera, eta Tomas Gonzalez apaiza, La 72 aterpetxeko arduraduna. Erlijio gizon horien ustez, migranteen defendatzailerik aktiboenetako bi izaki, Mexikon estatu politika oso bat dago, krimen antolatua darabilena Estatu Batuetaranzko migrazio emaria txikitzeko, indarkeriaren bidez, eta Washingtonekin ongi moldatzeko.

"Esan ere egin liteke Mexikoko Estatuak taktika moduko bat darabilela Erdialdeko Amerikakoen migrazioa geldiarazteko, talde paramilitarrez baliaturik bai trenbidean bai tren gainetan, eta herrialde osoan barrena. Mexikoko Estatuak babestu egiten ditu jende migrante horren kontra diharduten mafiak", esan du ziur Gonzalezek.

Eta hau ere adierazi du: "Mexikoko Estatuak badu estrategia bat: kriminal horiek trenetan lerrarazten ditu, migrazio ibilbideetan sarrarazten", hala kontentu edukitzearren Estatu Batuak, obsesionatua izaki immigrazio legez kanpokoarekin.

Raul Vera, gotzain lagunkide izan zen San Cristobal de las Casasen (Chiapas), 1995 eta 1999 bitartean, gatazka zapatistaren garaiko urterik indarkeriazkoenetan, gobernuak talde paramilitarrak erabili baitzituen EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistaren gerrillaren kontra; Chiapasen bizi izandako egoerarekin alderatu du Verak migranteen gaur egungo egoera.

Verak adierazi duenez, "mekanismo horiek oso ohikoak dira botere ekonomikoari loturiko sistema politikoetan, betiere ugaltzen ari baitira kontrolerako eta matxinaden kontrako metodoak". Baina hau ere nabarmendu du: "Orain, krimen antolatua dute aliatu, eta Chiapasko paramilitar haiek zuten egiteko berbera dute: Mexikoko politikarien eta diruaren egituraren konplize aritzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.