AEB-ak

Biden: «Amerika martxan da berriz ere»

AEBetako presidenteak 1,4 bilioi euroko aurrekontua iragarri du hezkuntzarako eta zaintzarako, eta beste 1,7 bilioi enplegua sortu eta azpiegiturak hobetzeko. Proiektuak finantzatzeko, enpresa handiei eta aberatsenei zergak igotzea proposatu du.

AEBetako presidentea Kongresuan, Kamala Harris presidenteordea eta Nancy Pelosi Ordezkarien Gnberako presidentea atzean dituela. MELINA MARA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 29a
09:17
Entzun

Historikoa izan da bart gauean AEBetako presiente Joe Bidenek Kongresuko bi ganberetan egindako agerraldia. Historikoa, lehen aldiz bi emakume zituelako alde banatan, Kamala Harris presidenteordea eta Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosi; historikoa, pandemiaren ondorioz maskara jantzitako 200 ordezkarik soilik entzun zutelako zuzenean haren hitzaldia; eta historikoa, lehen aldiz, ez zutelako kongresuko ordezkari bat aukeratu behar izan batzarretik kanpo geratzeko, aretoaren aurkako erasoren bat izanez gero guztiak hiltzea saihesteko.

«Amerika martxan da berriz», esan zuen Bidenek kongresuko kideen aurrean, eta gogorarazi kargua hartu zuen egunean pandemia betean eta inoizko krisi ekonomikorik okerrenean zeudela, baita «gerra zibiletik demokraziak jasandako eraso okerrena» igaro berria zutela ere —urtarrilaren 6ko Kapitolioaren aurkako erasoa—. «Baina ehun egunen ostean, arriskuak irtenbide bilakatu ditugu, krisia aukera, atzerapenak indar».

Legealdiko helburuak ere aipagai izan zituen Bidenek: besteak beste, atzerri politikarako lerro nagusiak edota klima larrialdiaren aurkako neurriak, baita neurri ekonomikoak eta sozialak ere. Bi horietan jarri zituen indarrak. Azpiegiturak hobetu eta enplegua sortzeko 1,7 bilioi euroko aurrekontua iragarri zuen estatuburuak: «Ez dago arrazoirik langile estatubatuarrak ibilgailu elektrikoen eta baterien ekoizpenean liderrak izan ez daitezen. Gauza bat aitortu nahi dut ganbera honen aurrean. Gizon-emakume onak daude Wall Streeten, baina Wall Streetek ez zuen herrialde hau eraiki. Klase ertaineko langileek eraiki zuten. Eta sindikatuek eraiki zituzten klase ertainak». Hitz horiek esanda, eskatu zien kongresukideei berretsi zezatela sindikatuak babesten dituen lege proposamena eta har zitzatela gutxieneko soldatak igotzeko neurriak.

Neurri ekonomikoekin batera, beste 1,4 milioiko inbertsioa iragarri zuen, hamabi asteko guraso baimena ahalbidetu, doako haur eskolak bermatu eta eskola publikoak bultzatzeko. Izan ere, pandemiaren lehen hilabeteetan milaka izan dira lana galdu duten herritarrak, eta, ondorioz, asko izan dira haurren eskolako matrikula ordaintzeko baliabiderik gabe geratu direnak ere. Horrez gain, osasun arreta unibertsala bultzatzeko asmoa ere iragarri zuen presidenteak.

Aipatu bi proiektuak aurrera eraman ahal izateko, enpresa handienei eta banako aberatsenei zergak igotzea proposatu zuen buruzagi demokratak: «Justiziaren hutsuneek modua ematen dute urtean milioi bat baino gehiago irabazten dutenek euren irabaziengatik gutxiago ordaindu ahal izan dezaten langile soil direnek baino. Ekonomia behetik gora hazteko garaia da, erdigunetik kanpoaldera. Bada garaia AEBetako enpresek eta aberatsenen %1ak bere zatia ordain dezaten».

Polizia indarkeria

Polizia indarkeriarena izan da Bidenek agintaldiko lehen ehun egunotan ukitu ez dituen gaietako bat. Presidentetzarako kanpainan zela, iazko maiatzaren 25ean hil zuen Derek Chauvin poliziak George Floyd afro-amerikarra, eta orduan hautagai zenak neurriak iragarri zituen halakorik gehiago gerta ez zedin. Hala, bart eskatu zion Kongresuari onar zezala Polizia erreformatzeko lege proposamena, Floyden heriotzaren urteurrena baino lehen. «Denok  ikusi dugu bidegabekeriaren belauna AEBetako komunitate beltzaren lepoan. Orain aukera dugu benetan aurrera egiteko».

Egitasmo horiek guztiak agintaldi erdiko hauteskundeak baino lehen onartzea da demokraten helburua izan ere, oso litekeena da horien ostean Kongresuko ganberetako batean edo bietan gehiengoa galtzea —1946tik presidente bakarrak lortu du agintaldi erdiko bozetan gehiengoari eustea, George W. Bush izan zen hura, 2002ko hauteskundeetan, irailaren 11ko erasoen ostean—. «Ezer egin gabe geratzea ez da aukera bat», ohartarazi zuen estatuburuak.

Agerraldia zuzenean jarraitu zuten errepublikanoetako batzuk txaloka hartu zituzten Bidenen zenbait proposamen, esaterako, estatubatuarrei txertatzeko eskatu zienean. Baina beste batzuk ez ziren haien gustukoak izan, besteak beste, enpresa handi eta aberatsenei zergak igotzearena. «Tamalez, presidenteak gauza asko egin nahiko lituzke, baina haren  aurrekontuak erokeria hutsa dira», kritikatu zuen Mitt Romney senatariak. Oso antzeko kritika egin zion Tim Scott senatari errepublikanoak ere, zeinaren arabera, Bidenek «gizon ona» dirudien arren, haren hitzaldiak «liberalen proposamenak» bildu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.