Duela lau urteko primarioetan ere bertan behera utzi zuen kanpaina Bernie Sandersek. Ordu hartan, Hillary Clinton izan zen Alderdi Demokrataren hautagaia, baina Sandersek ez zuen hura babestu. Aldiz, kanpaina bertan behera utzi eta egun gutxira, Vermonteko senatariak Joe Biden sostengatu du, militante moderatu eta ezkertiarrei bat egiteko dei eginez.
«Gaur eskatzen diet estatubatuarrei, demokrata, independente eta errepublikanoei bat egin dezatela kanpaina honekin, eta babes dezatela zure hautagaitza nik egin dudan moduan», esan du Sandersek sareetan zabaldutako bideo batean.
Bidenek modu berean eskertu du Sandersen keinua, eta nabarmendu du «asko» direla partekatzen dituzten helburuak. «Zure babesa oso garrantzitsua da. Zure beharra izango dut, ez bakarrik kanpainan, baita gobernura heltzean ere», adierazi du hautagai demokratak.
Sandersen sostengua Wisconsingo emaitzekin batera heldu da. Estatu hartan joan den asteartean egin zituzten primarioak, eta Biden irten zen garaile, botoen %60 eskuratuta. Sandersek botoen %30 lortu zituen, baina senatari demokratak bozak egin eta hurrengo egunean iragarri zuen kanpaina uzteko erabakia.
Alderdi Demokratak abuztuan egingo du presidentetzarako bozetarako hautagaia izendatzeko kongresua -koronabirusa dela eta atzeratu behar izan dute-. Hala ere, dagoeneko ziurra da Biden aukeratuko dutela Donald Trumpi aurre egiteko. Egungo estatuburuak ere abuztuan jasoko du izendapen ofiziala.