Sandersek bertan behera utzi du kanpaina, baina ez du hautagaitza erretiratuko

Alderdian eragin ahal izateko, ordezkaritza handitzea da orain senatariaren helburua. Joe Biden da orain Alderdi Demokrataren presidentegai bakarra

Bernie Sanders, New Hampshiren, kanpainako ekitaldi batean. JUSTIN LANE / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Twitterreko bere kontuaren bidez jakinarazi zuen atzo Bernie Sandersek kanpaina bertan behera uzteko erabakia. Alderdi Demokratako presidentegaia aukeratzeko lehia abian jarri zenean, indartsu hasi zen Vermonteko senataria. Iowan, New Hampshiren eta Nevadan nagusi irten zen ezkerreko hautagaia, baina Astearte Handiak irauli egin zuen egoera: egun batetik bestera, Joe Biden bilakatu zen faborito, Barack Obamaren presidenteordea izandakoa.

Gazteen babesa izan du hasieratik Sandersek. Baina Bidenen alde egin dute alderdiaren bi zutabe nagusiek, beltzek eta latinoek, eta baita azken ordura arte zalantzan egon diren demokrata zuriek ere. Azken asteetan, kanpainari eutsi dio Vermonteko senatariak, baina koronabirusaren krisiak ahuldu egin ditu haren indarrak, eta baita diru iturriak ere. Hala, eskerrak eman dizkie jarraitzaileei, «Amerika berri bat» eraikitzeko ahalegina egiteagatik.

Alderdi Demokratan «borroka ideologiko bat» piztea lortu dutela nabarmendu du Sandersek, eta gehitu hasieran «muturrekotzat» hartu ziren proposamenak mahai gainean dituztela orain alderdikideek: esaterako, orduko 13,8 euroko gutxieneko soldata.

Demokraten presidentegaia izateko bigarren ahalegina izan du aurtengoa 78 urteko senatariak —aurrekoa 2016an egin zuen, Hillary Clinton hautagai izendatu zutenean—, eta aitortu du gogorra izan dela kanpaina bertan behera uzteko erabakia: «Azkenean onartu behar izan dut ezinezkoa zela hautagaitza eskuratzea. Joe Biden izango da demokraten presidentegaia, baina guk saiatu beharko dugu ahalik eta ordezkari gehien lortzen, gure iritziak ahalik eta pisu handiena izan dezan». Hala, kanpaina bertan behera utzi arren, hautesleek haren alde bozkatzen jarraitu ahal izango dute.

Biden eta Trump

Sandersek bere erabakiaren berri eman eta minutu gutxira heldu da Bidenen erantzuna. Presidenteorde izandakoak eskerrak eman dizkio Sandersi egindako lanarengatik, eta aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko deia egin dio. «Sandersek ez du soilik kanpaina egin: mugimendu bat sortu du bere inguruan, eta ziur naiz mugimendu hori ez dela berehalakoan desagertuko».

Sandersen jarraitzaileei ere dei egin die bere kanpainarekin bat egin dezaten: «Entzuten zaituztet, eta ulertzen dut herri hau aldatzeko beharra dagoela. Horregatik eskatzen dizuet gurekin bat egiteko».

Bidenekin batera, Donald Trump estatuburuak ere jadanik eskuratu du bere alderdiaren hautagaitza. AEBetako egungo presidentea izango da, beraz, Bidenen aurkaria azaroan egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetan. Biak ala biak koronabirusak eragindako osasun krisia baliatzen ari dira botoak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.