ERREAKZIOAK

Bideo bat, Espainia "herrialde demokratikoa" dela defenditzeko

Epaia iritsi aurretxoan, bideo bat zabaldu du Espainiako Gobernuak: ministroak ageri dira, hainbat hizkuntzatan Espainia goraipatzen. Herrialde "irekia" dela nabarmendu nahi dute nazioartean.

Isabel Zelaa ageri da bideoan, besteak beste.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 14a
11:04
Entzun

Kataluniako lider subiranisten aurkako epaiak ekar diezaiokeen kaltearen jakitun, nazioartera begirako kanpaina bat abiatu du Espainiako Gobernuak. 09:30ak aldera zabaldu du bideo bat sare sozialetan, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia jakinarazi baino minutu batzuk lehenago. Bi mezu nagusi zabaldu nahi dituzte: Espainiak "demokrazia sendoa eta modernoa" duela, eta "denen etxea" dela "elkarrizketaren eta elkar ulertzearen" bidez.

Horixe da bideoaren goiburua: Espainia, denen etxea. Sare sozialetan #EverybodysLand etiketa zabaldu dute. Bideoan ez diote zuzeneko erreferentziarik egin Kataluniako auziari, baina bistakoa da erabat lotua dagoela auzi horrekin. Hainbat ministro ageri dira hizketan, hainbat hizkuntzatan, Espainiak hamarkada hauetan egindako aurrerapausoak hizpide dituztela: diktadura atzean utzita demokraziara igaroa dela, sexu berekoen ezkontza onartzen lehenetakoa izan zela... Irekitasun eta modernotasun irudia eman nahi izan du Madrilek. Bideoan ageri da Isabel Zelaa bizkaitarra ere, gobernuko bozeramailea: gogoratu du Francoren diktadura garaian "isiltasuna" ezarri zutela, eta "abertzale erradikalek" ekarritako kalteaz ere mintzo da. Ingelesez ari da Zelaa bideoan —ingeles irakaslea da—.

[YouTube]https://youtu.be/N6fEthko52o[/YouTube]

Bideo hori ez da Espainiako Gobernuak azken asteetan martxan jarritako kanpaina bakarra: estatuaren irudia hobetzeko helburuz, hainbat ekitaldi antolatu ditu nazioartean, enbaxaden bitartez, España Global proiektuaren harira. Dokumentu bat ere zabaldu du gobernuak nazioarteko eragileen artean, Prozesu independentistari buruzko errealitatea izenekoa, gobernuaren argudio nagusiekin. Quim Torra Generalitateko presidenteak iragarria du auzitara joko duela dokumentu horren harira, akusatuen errugabetasun presuntzioa urratu zuelakoan —epaia iritsi aurrekoa da agiria—, eta "iritzi subjektiboetan" oinarritua dagoelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.