Bierzon irakaskuntzan eta administrazioan galiziera oztopatzen ari direla salatu dute

Gaztela eta Leongo (Espainia) eskualdean galizieraren aurka jo dute autonomistek; Fala Ceibe taldea kexu da

2007ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Galizieraren aldeko Fala Ceibe taldeak salatu duenez, Gaztela eta Leongo (Espainia) bi kultura elkartek autonomia erkidego horretako Bierzo eskualde galizieradunean hizkuntza honen irakaskuntzaren kontra jo dute. Gaztela eta Leongo Estatutuak hein batean babesten du galiziera hezkuntza arloan. Alabaina, Amigos del Patrimonio (Ondarearen Lagunak) eta Plataforma Proidentidad Leonesa (Leongo Nortasunaren Aldeko Plataforma) elkarteek Diario de Leon egunkarian Gaztela eta Leongo Arartekoari zuzendutako gutun irekian salatu dute galiziera irakatsi nahi izateaz gain «galizieraren inguruko kultura eta gizarte ezaugarriak ere» irakatsi nahi dituztela.

Ikastetxeetan hizkuntza galiziarraren curriculumean galizieraren eta gaztelaniaren hizkuntza eta kultura ezaugarriak konparatu bai, baina leonerari lekurik egiten ez diotela kexatu ziren talde horiek joan zen astean. Arartekoak erantzun die ezein ikastetxek ez duela leonerazko eskaintzarik egiten, «eskaerarik ez dagoelako». Halere, Fala Ceibek salatu du kexa horien atzetik bestelako asmo bat dutela: «Ez dute onartu nahi Bierzoko mendebaldeak Galiziarekin historia, kultura, ohitura eta hizkuntza bera partekatzen duela Erdi Arotik».

Horrez gain, UPL Leongo Herriaren Batasuna alderdi autonomistak Gaztela eta Leongo Gobernuari eskatu dio ez diezaiela ordaindu galiziera irakasleei. Azken urteotan kultura nahiz talde politiko leonesistek «galizieraren espantsionismoa» gaitzetsi dute.

GALIZIERAREN EREMU ZABALA. Galiziaren eremu administratiboaz gain, Espainiako zenbait eskualde ere barnean hartzen ditu galiziarren kultura eta hizkuntza eremu historikoak: Asturiasko Navia-Eu eta Vale de Ibias, Gaztela eta Leongo Bierzo, Cabreira eta Seabra (Sanabria) eta Extremadurako Val de Ellas. Eskualde horietan 140.000 biztanlek hitz egiten dute galizieraz. Navia-Eun 45.000 galizieradun daude, Bierzon 35.000, eta Seabra Garaian beste 5.000. Extremaduran, Val de Ellasko hiru herrietan 5.000 bat galizieradun daude. Santiagoko eta Vigoko unibertsitateetako datuak dira.

Iazko apirilean, Galiziako estatutu berria prestatzen ari zen batzordearekin bildu zen Fala Ceibe. Gaztela eta Leongo administrazioari ere zuzendu zitzaion, hori ere bere estatutua erreformatzen zebilelako. Galiziako administrazioaren eta Bierzo eta beste eskualde horien artean elkarlana finkatzea, galizieraren ofizialtasuna bermatzea eta geroan zein herrialdetan egon nahi duten erabakitzeko eskubidea aitortua izatea zuen xede.

Gaztela eta Leongo Estatutuak «erabili ohi den lurraldeetan galiziera babestea eta sustatzea» onartzen du. «Hori, gutxi bada ere, abiapuntua izan da galiziera irakasteko. Egoera ez da txarra. 15 bat ikasgutan lehen eta bigarren hezkuntzan ematen dute, baita Hizkuntza Eskolan ere. 850 bat ikasle daude», zehaztu du Fala Ceibek.

Galiziako Xuntak lau urterako elkarlan hitzarmena berritu zuen iaz Gaztela eta Leongo Gobernuarekin, Bierzon galiziera sustatzeko. Gainera, Bierzoko Eskualde Kontseiluarekin beste hitzarmen bat aurreikusia du, galiziera administrazioan erabiltzeko. Xuntak galiziera ikastaroak diruz laguntzen ditu Ponferradan eta Veiga de Valcarcen. Halere, Fala Ceibe kexu da, Gaztela eta Leon oso uzkur jokatzen ari dela eta.



xabier lagoBierzoko Fala Ceibe elkarteko presidentea

«Dirudien baino eskari handiagoa dago Bierzon galizieraz ikasteko»

j.m. sarasola

Bierzoko Fala Ceibe galizieraren aldeko elkarteko presidente da Xabier Lago Mestre.

Zer eragin izan du Bierzon galiziera irakastearen kontrako erasoak?

Kultura eta hizkuntza leondarraren aldeko bi elkarte, beren kulturaren aldeko eskakizunak egitean, galizieraren aurka agertzen dira. Oraingo kontua antzekoa da. Nonbait, kexu dira Bierzon galiziera irakasteaz gain kultura galiziarra ere irakasten eta sustatzen dutelako. Leonesista horiek gaizki ikusten dute hori. Haien salaketak ez du ez hankarik ez bururik, gauza jakina delako hizkuntza baten atzean kultura bat dagoela, ohitura batzuk, toponimia sorta bat, ahozko literatura... Leonesistek uste dute soilik hizkuntza bat ikasten dela, eta ez dela beste deus ikasi behar. Oraingo erasoak ez dira berriak. 1999an, Gaztela eta Leongo Estatutua lehen aldiz erreformatu zutenean, galizieraren onarpena sartzean, horren kontra jo zuten.

Orain ere erreforma prozesuan da, ezta?

Bai, eta hain justu, iaz Fala Ceibek Gaztela eta Leongo Gorteei galizieraren koofizialtasuna eskatu zien Bierzorako. Gorteetan nagusi diren bi alderdiek, PSOE alderdi sozialistak eta PP Alderdi Popularrak, ez ziguten kasurik egin. Orain estatutu proiektua tramitazio fasean dago Espainiako Gorteetan -apirilerako aurreikusia dago tramitazioa-, eta gure eskakizunak sostengatuko dituzten alderdi nazionalisten bila gabiltza.

Zer arrazoi politiko daude eraso eta ukazio horien atzetik?

Ez da soilik Bierzoren kasua. Alderdi politiko handiak ez daude prest gutxiengoen inguruan eztabaida zabal bat hasteko. Ez dute onartu nahi lurralde historikoetatik at ere hizkuntza gutxituak daudela. Egunen batean onartu beharko dituzte. Eskualdeetako nahiz Hizkuntza Gutxietarako Europako Kartak babesten gaitu, eta espero dugu egunen batean herritarren presioak eta presio politikoak eskubideak bermatzea lortzea.

Zer eskatzen duzue egoera hobetzeko?

Guk urtetik urtera salatu izan dugu galizieraren irakaskuntzak hainbat oztopo jasaten dituela hezkuntza administrazioaren aldetik. Izan ere, dirudien baino eskari handiagoa dago galizieraz ikasteko, baina irakaskuntza ikastetxeen esku uzten dutenez, zenbait ikastetxetako zuzendaritzak eragotzi egiten dute galiziera irakastea. Gure ustez, eskaria dagoen lekuetan irakasleren bat jarri beharko lukete. Dena den, gauza bitxi bat gertatzen da. Bierzon galizieraz egiten ez den eremuan, ekialdean, portugesezko eskolak ematen dituzte ikastetxeetan. Nolanahi ere, horrek galizierari mesede egiten dio, prestigioa ematen dio, oso-oso antzeko hizkuntzak baitira, senideak izaki.

Kanpainaren bat abiatzekotan zarete?

Bai. Maiatzeko udal bozei begira, apirilean programa bat banatuko diegu alderdi eta udal guztiei. Galizieraz ikasi nahi duen jendea dagoen ikastetxeetan irakasleak jartzeko eskatuko diegu udalei. Halaber, Gaztela eta Leongo Gorteetarako bozei begira, bi neurri eskatuko dizkiogu gobernu autonomoari: batetik, Gaztela eta Leongo administraziopean dauden hizkuntza gutxituak lege bidez babes ditzala, hots, galiziera, astur-leonera eta Trebiñun (Araba) euskara. Koofizialtasuna onartu ez arren, orain baino modu eragingarriagoan babes ditzake. Bestetik, Bierzoko Eskualde Kontseiluan galiziera administrazioan erabiltzeko eskatuko dugu, baita udaletan Hizkuntza Zerbitzua eratzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.