Bigarren potentziaren txanda

Txinako Alderdi Komunistaren XVIII. Kongresu Nazionala hasiko da gaur, herrialdeko agintari berriak hautatzekoHazkundea, aldaketa politikoak eta ustelkeria izanen dira alderdiaren erronkak

mikel rodriguez
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Munduko potentzia nagusiak presidentea hautatu eta biharamunean hasiko du aurre hartu nahi dion munduko bigarren indarrak bere buruzagitza izendatzeko prozesua. Txinako Alderdi Komunistak XVIII. Kongresu Nazionala hasiko du gaur Pekinen. Bertan jakinaraziko dute zein izanen den alderdiko idazkari nagusi berria eta hari lagunduko dion zuzendaritza. Horiek bideratuko dute herrialdea datozen hamar urteetan. Azken hamarrotan, munduko bigarren ekonomia bilakatzea lortu du Txinak, eta hurrengo hamarretarako, AEBak gainditzeko helburua dauka.

Alderdi Komunistak zehazten du bortz urtean behin egindako kongresuetan Txinako Herri Errepublikaren politikak jarraitu beharreko ildoa. 1993tik, alderdiko idazkari nagusia errepublikako presidentea ere bada; kargu horren izendapena, dena den, martxoan eginen du Herriaren Batzar Nazionalak —parlamentuak—. Alderdiaren Batzorde Iraunkorreko —zuzendaritzako organo nagusiko— hierarkian bigarren lekuan dagoenak, berriz, parlamentuko presidentetza hartu ohi du, eta hirugarrenak, gobernuaren buruzagitza. Historikoki, izendapenak eta neurri garrantzitsuak kongresua hasi aitzinetik isilpean erabakita egon ohi dira, eta bilkura nagusiak jendaurrean azaleratzeko zeremonia itxura hartzen du.

Beraz, gaurtik hasi eta hilaren 14ra arte ikusiko da azken egunotan eta lehenagotik ere argitaratutako filtrazio, zurrumurru, analisi eta abarrak betetzen diren. Bederatzi kide ditu gaur egun alderdiko Batzorde Iraunkorrak. Litekeena da kongresu horretan kide izateko gehienezko adina68 urtean ezartzea, beraz, bederatzi kidetik zazpik batzordea utzi beharko dute langa hori gainditzen dutelako, horien artean Hu Jintao idazkari nagusi eta herrialdeko presidenteak eta Wen Jiabao lehen ministroak.

Batzorde Iraunkorreko bederatzi postuak betetzeko kinieletan hamabi izen agertu dira. Horietako bik dute aukera gehien, zuzendaritzako kideak direlako: Xi Jinpingek eta Li Keqiangek. Guztien gainetik, ordea, aspaldidanik Xi nabarmendu da, idazkari nagusi izateko hautagai sendoentzat hartu baitute mundu zabaleko hedabideek eta analistek. Herrialdeko presidenteordea da 2008tik, eta Batzorde Iraunkorreko hierarkian seigarren tokia betetzen du. Oraingoz, XVIII. kongresuko idazkari nagusi izendatu dute Xi; hau da, bilkuraren zuzendari. Li, berriz, lehen ministrordea da, eta zuzendaritzako hierarkian Xi baino postu bat beherago dago. Hamabi hautagaietatik bakar bat da emakumea: Liu Yandong. Era berean, Liu da politburo-an —zuzendaritzan— dagoen emakume bakarra —24 kide ditu—.

«Hautaketa lehiakorra»

Praktikan, kongresu orotan bezala, idazkari nagusiaren hautaketa eta zuzendaritzarena aurrez egintzat jotzen da. Cai Mingzhao kongresuko bozeramaileak azaldu duenez, ordea, batzordeko kideak «hautaketa lehiakorraren bidez» aukeratuko dituzte. Cairen arabera, 2.268 ordezkariek sekretupeko boto bidez aukeratuko dituzte Batzorde Iraunkorreko kideak eta horien ordezkoak.

Alderdiaren funtzionamendua eta hautaketa prozesuak itxiak eta ilunak izan dira historian. Azken urteotan, borroka ideologiko nagusia liberalizazio eta pribatizazio politiketan sakontzearen aldekoen eta pentsamendu maoista jatorragoari eustearen aldekoen artekoa izan da; hau da, eskuineko eta ezkerreko adarren artekoa. Kongresuak eskuineko adarraren gailentzea irudikatuko duela uste dute nazioarteko analista gehienek.

Kongresutik aterako den zuzendaritzaren hiru erronka nagusietakoak hazkunde ekonomikoari eustea, barne politikan aldaketak bultzatzea eta ustelkeriari aurre egitea izanen dira. Cai bozeramaileak erran du helburu horiei heltzeko «agertoki erabakigarrian» dagoela Txina.

Ordezkaritzak eta ordezkariak

1977tik, kongresuak bortz urtetik behin egin ditu Alderdi Komunistak, eta zuzendaritza aldaketak hamarretik behin. 38 ordezkaritzatan bildutako 2.268 ordezkarik parte hartuko dute bilkuran. Ordezkaritzek ordezkatzen dituzte 31 eskualdeak, alderdiak Taiwanen dituen kideak, Batzorde Zentralaren sailak —Batzorde Iraunkorraren eta politburo-aren azpitik dagoen organoa—, gobernuaren sailak, gobernuaren enpresak, finantza sistema, armada eta Polizia.

Txinako Alderdi Komunistak 82 milioi kide ditu. 31 eskualdeetako militanteek barne hauteskundeen bidez hautatu dituzte ordezkariak, iazko urriaren eta iragan uztailaren artean. Kongresua hasi aitzinetik egindako bilkuraren ondoren aurkeztutako txostenaren arabera, militanteen %98k parte hartu dute hautaketa prozesuan.

Zenbait aldaketa bultzatu nahi izan ditu alderdiak, «barne demokrazia» sustatzeko asmoz. Adibidez, exijitu zuen gutxienez azkenean aukeratuak izan direnak baino %15 hautagai gehiago egotea —2002an baino %5 gehiago—. Xinhua agentzia publikoak nabarmendu du, gainera, 2.268 ordezkarien artean heren bat oinarriko militanteak direla, hau da, alderdian edo gobernuan kargurik ez duten nekazariak, langileak eta enpresariak. Herrialdeko aberatsenen zerrendako zazpi kide ere kongresuan egonen dira. Emakumeak, berriz, 571 izanen dira (%23), 2002an baino 76 gehiago. Ordezkarien «aniztasun etnikoa» ere aipatu du Alderdi Komunistak, 249 ez direlako han etniakoak —Txinako biztanleen %90 inguru dira hanak—. Gainera, 149 gonbidatu «ez-komunista» kongresuaren hasiera eta bukaera ekitaldietan egonen direla jakinarazi dute txostenean.

Bi eskandalu politikoren itzalpean eginen da kongresua. Berriena, Wen lehen ministroari eragin diona da. The New York Times egunkariak joan den hilaren amaieran txosten bat argitaratu zuen, Wenen sendiari egotziz 2.700 milioi dolarreko (2,1 milioi euro) aberastasuna pilatzea lehen ministroaren botere politikoa baliatuz. Bere irudia garbitu eta urak baretzeko asmoz, kongresua hasi baino hiru egun lehenago Wenek berak Alderdi Komunistari eskatu zion bere jabetza ikertu zezala. Bertze kasua Bo Xilairena da, Chonqing hirian alderdiak zuen idazkari nagusiarena. Duela astebete bota zuten alderditik, eta epaiketaren esperoan dago, ustelkeria egotzita. Urte hasieran, Batzorde Iraunkorrean sartzeko hautagaietako bat zen.

Bi kasuek izan duten oihartzunak, behintzat, argi utzi du munduak gero eta adiago begiratzen diola Txinan gertatzen denari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.