Kataluniako erreferenduma

Bihar parlamentu aurrean biltzera deitu du ANCk

Jordi Sanchezek 18:00etarako deitu du elkarretaratzera, independentzia deklarazioa babesteko. CUPek prentsaurreko batean adierazi du deklarazioaren funtsa adostua dagoela; hedabide batzuek ere berretsi dute deklarazioa adostua dagoela, eta asteazkenetik aurrerako erabakiak aztertzen ari direla orain. Puigdemont bihar, 18:00etan, agertuko da Kataluniako Parlamentuan. Pablo Casado PPkoak ohartarazi dio, independentzia deklarazioa egiten badu, Companysek bezala amaitu dezakeela. Kataluniako Auzitegi Nagusiak, berriz, Bartzelonako Justizia Jauregia zaintzeko ardura kendu die mossoei, eta Espainiako Poliziari eman dio.

Espainiako Poliziako bi kide, Pinedatik alde egiterakoan. ANDREU DALMAU, EFE
2017ko urriaren 9a
07:03
Entzun

Nacio Digital atariak aurreratu duenez, astearteko deklarazioa adostua dute alderdi independentistek. Informazio horren arabera, oso mamitua dago biharko adierazpena, eta testuaren "xehetasunei" buruz ari dira hizketan azkeneko orduotan. Gaur goizetik bilera ugari egiten ari dira alderdi independentisten, gobernuaren eta ANC eta Omniumen artean.

Iturri horiek diotenez, elkarrizketari eta nazioarteko bitartekaritzari aipamen ugari egingo dizkio biharko deklarazioak, eta, aldi berean, aipatuko du negoziazio epe bat ireki beharko litzatekeela Espainiako Estatuarekin. Mugimendu independentista, hala ere, aurrerago doa: asteazkenetik aurrera zer erabaki hartu beharko dituzten aztertzen ari dira. Kataluniak, etzitik aurrera, zein eremutan izan ahalko duen independente, erabakiak nola ezartzen joan, eta independentzia %100 efektiboa noiz izango den aztertzen ari dira.

Benet Salellas CUPeko parlamentariak agerraldia egin du arratsaldean. Espainiarekin negoziatzeko bitartekaritza baten alde agertu da, soilik autodeterminazio eskubidea onartzen badu eta errepresioa salatzen badu. "Ez dugu behar statu quo-a mantendu nahi duen bitartekaririk". Independentzia deklarazioak nazioarteko bitartekaritzari bidea irekiko diola aipatu du. Sergi Sabria ERCko bozeramaileak esan du "errepublika katalan, demokratiko, sozial eta zuzenbidezkoa" eraikitzen hasi beharra dagoela bihartik bertatik, negoziazioari atea itxi gabe. Democrates de Catalunya alderdiak ere adierazi independentzia deklarazioari ezin zaiola "inbuturik" jarri —Junts Pel Si barruan hiru diputatu ditu alderdi horrek—.

Biharko deklarazioko lanak aurreratzen ari direla, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak eskutitz batean erakundeko kideei esan die bihar independentzia deklaratzea dela "irtenbide bakarra". Parlamentuaren kanpoko aldean elkartzeko eskatu die herritarrei, eta "Espainiako Estatuak egiten duena eginda ere", lasai egoteko eskatu die. "Demokraziaren eta bakearen oinarrietan altxatuko den herrialde libre eta bidezko bat eraikitzen ari garenon zibismoarekin eta adorearekin erantzun".  

U-1eko erreferendumaren emaitzak aztertzeko hitzaldia bihar du egitekoa Generalitateko presidenteak Kataluniako Legebiltzarrean, eta ikuskizun dago zein neurri emango dion hitzaldiari. Independentziaren aldarrikapen ez oso argia egin eta denbora irabazten saiatuko dela dioen tesia zabaldu da alde batetik, baina deklarazioa argia izango dela iradokitzen dute azken orduetako agerraldiek eta adierazpenek. Betiere, Espainiako Estatuari negoziatzeko eskari argi bat eginda, eta nazioarteko komunitateari bitartekari gisa laguntza eskatuta.

Carles Puigdemontek argi adierazi zuen atzo TV3ek emititu zuen elkarrizketan: "Erreferendumaren Legeak dioena egingo dugu". Eta legea zehatza da: erreferenduma egin eta baiezkoak irabazteko kasuan, bi eguneko epea du legebiltzarrak independentzia aldarrikatzeko. Une horretarik aurrera Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea sartuko litzateke indarrean, eta errepublika abian jartzeko egin beharreko urratsak zehaztuta daude.

Erreferendumaren Legearen arabera, Puigdemonten hitzaldiaren ondoren, bozketa egin eta independentzia aldarrikatu behar luke legebiltzarrak, baina, gai ordenan hitzaldiaren puntua besterik ez da ageri. Eta ez dago argi bozketarik izango ote den ere.

Mossoei agintea kentzen

Eskumenak galtzen hasi dira mossoak. Jesus Maria Barrientos TSJC Kataluniako Auzitegi Nagusiko presidenteak Bartzelonako Justizia Jauregiko segurtasunaz arduratzeko esklusibotasuna kendu die, eta, aurrerantzean, lan hori Espainiako Poliziarekin batera egin beharko dute. Gainera, eskumena bi poliziena izan arren, agintea Espainiako Poliziarena izango da. Ostiralean sinatu zuen agindua, eta gaur jakinarazi die bi polizietako buruei, banaka, auzitegian bertan egindako bileretan.

Bihar gerta daitekeen independentzia deklarazioaren aurrean "eraikinaren segurtasuna indartzea" du helburu erabakiak; "bere bilerak eta funtzionamentu normala bermatzea". Izan ere, Trantsizio Juridikorako Legeak Auzitegi hori indargabetzea jasotzen du. Eta Legebiltzarrak bihar independentzia aldarrikatuko balu, lege hori indarrean sartuko litzateke.

EBko komisarioak ikerketa eskatu du

Bien bitartean, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren igandeko oldarraldiak zeresana ematen jarraitzen du. Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak oldarraldi hura ikertzeko agindu dio Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroari. "Ikerketa azkarra, independentea eta eraginkorra" egitea galdegin dio.

Urriaren 4an sinatutako gutunean dio ikerketa horrek berebiziko garrantzia duela "tentsio eta biolentzia goraldiak eragozteko". Ardurak argitzea beharrezkoa da, haren ustez, herritarrek Poliziarengan konfiantza berreskuratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.