Chavez zer izan den eta Venezuelari eta Hego Amerikako herri klaseei zer ekarri dien analizatu ondoren, etorkizunari begira jarri beharra dago. Aurki edukiko dugu Chavez presidentea gaixo zegoela jakin genuenetik geure buruari askotan egin diogun galderaren erantzuna: iraungo al du chavismoak Chavez gabe?
Bi aukera dauzkate presidente hil berriaren kideek: hauteskundeetara deitu edo legegintzaldiari hasiera eman, Maduro lehendakariordea lehendakari bihurtuta.
Aurreneko aukeran, garbi utzi zuen Chavezek nor nahi zuen ordezko, gaurko lehendakariorde Maduro; eta bigarren aukeran ere bai, Maduro bera.
Zer komeni zaio, ordea, Chavez gabe geratu den gobernuari? Maduro zuzenean, lehendakariorde delako, lehendakari izendatzen badute, iruzur antikonstituzionala egin dutela argudiatuko dute Capriles oposizio buruak eta kritikoak diren sektore askok; tartean Chavezen aurkakoak izan diren komunikabide indartsuek. Hala nola Chavezen kontra egon diren munduko potentzietako batzuek: Washington aurrena, eta Europako Batasuna bigarren.
Caracasko gobernuak erabakitzen badu hauteskundeak aurreratzea, arrisku handia hartuko du, baina sekulako inbertsioa egingo du legitimitatean; Venezuelan eta kanpoan. Erakutsiko du ez diola beldurrik Chavez gabeko chavismoari, ez dela sistema kaudillista izan, eta chavismoa gelditzeko etorri zela, eta ez buruzagiarekin batera joateko. Alegia, etorkizuneko inbertsioa egingo luke, sekula kexatzeari utziko ez dion oposizioari argudioak kenduz.
Iazko urriaren 7ko hauteskundeetan botoen %57 lortu zuen Chavez presidenteak, eta %42 oposizio hautagai bateratu Caprilesek. Chavezen txarrenak eta oposizioko onenak. Chavezen heriotza azkarrak ez dio denborarik eman chavismoari Maduro edo dena delakoaren hautagaitza prestatzeko, eta horrek dudak sor ditzake etorkizuneko estrategia erabakitzeko orduan. Caprilesek %62tik %57ra jaitsi zuen Chavez presidentearen botoa, zentro lasaituaren itxura emanez, iazko urriko presidentetzarako hauteskundeetan.
Hartuko du arrisku hori Madurok edo 2018ra arte luzatuko du legegintzaldia, boterean egoteak ematen duen publizitatea baliatuta, bost urte eta erdiren ondoren benetako hautagaitza aurkezteko?
Legitimitatea eta seguritatea, elkarrekin lehian.