Yolanda Aguilar Urizar. Biktimak Aldaketa Eragiten proiektuaren sustatzailea

«Biktimaren izatetik irten ezean, amorrua besterik ez duzu sortzen»

CARLOS CASTRO.
G. Garcia Fabrega
Guatemalako Hiria
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Polizia Nazionalaren Artxibo Historikoko milioika agirien artean aurkitu zuten Yolanda Aguilarren atxilotze fitxa ere. 16 urte eskasekin atxilotu zuten, eta estatuko polizia indarrek torturatu eta bortxatu egin zuten 1979an. Ama desagertua zuen, eta ordurako aita eta neba hil zizkioten. Bere lekukotza utzi zuen REMHI elizaren egiaren batzordearen txostenean, eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko kapitulua ere hark koordinatu zuen. Urteetako barne prozesu baten ondotik, Biktimak Aldaketa Eragiten proiektua sustatu zuen.

Zertan lagundu zizun zure lekukotza emateak?

Bizia salbatu zidan. Garai hartan, bizitzeak niretzat zentzu bakarra zuen: salatzea eta nire esperientzia kontatzea. Jende askok entzun zidan, errespetu handiz. Eta jendeak entzuten dizunean, jabetzen zara gertatu zitzaizuna ez zela zure ardura izan.

Iristen da une bat, non hori jada ez den nahikoa?

Oinazean bizi izan garen guztiok badakigu hori maitatua, errespetatua eta ezagutua izaten jarraitzeko modu bat dela, sufritu egiten dugulako. Hortik irteteko beldurra handia da. Osatzea zaila da, baina inoiz ez da izango bizi izan dugun baino zailagoa. Garrantzitsuena nork bere errespetua lortzea da. Eta, zenbat eta oinaze handiagoa jasan, indar handiagoa eta tresna gehiago dituzu bizitzen jarraitzeko.

Gero barkamena dator?

Ez dut sinisten besteekiko barkamenean, atzera hutsetik hasteko gisan. Barkamena norberarengan hasten dela uste dut. Judukristautasunaren eraginez barneratuta daukagun zera da, «barkatu egiten dut, bestela kulpa izango dut». Baina geure historia pertsonalekin adiskidetzen hasteko beharra daukagu. Lan egin, kulpa eta deuseztatu egin nauten emozioak bazterrera uzteko. Oinazetik eta biktimaren izatetik irten ezean, sumina eta amorrua besterik ez duzu sortzen.

Guatemalako gizarteak oraindik sendatu beharra dauka?

Gaixorik dago Guatemalako gizartea, gatazka batetik nola kudeatu ez genekien bake egoera batera igaro ginelako. Ez zen prozesurik izan. Bakeak baldintza sozial, politiko eta ekonomikoak aldatuko zituela uste genuen. Eta ez zen hala izan. Gerra gainditu ez dugun erakusle, gaur egun gobernu militar bat daukagu, genozidioaz akusatutako presidente batekin. Gatazka bat izan zenik ere ohartu ez ziren haiek hautatutako gobernu bat; eta indarkeriari probetxu atera ziotenak. Klase ertain despolitizatu eta memoria historikorik gabea da. Horregatik, herria eraldatzen jarraitu behar dugu; ezin gara lau urtean zain egon.

Orduan, hitz egin daiteke bakeaz?

Gaur-gaurkoz, bakerik ez dagoela iruditzen zait, sistema honek eragin baitu gizakiak beldurrez jositako izaki bilaka gaitezen. Bizitzeko beldurra daukagu, hiltzekoa baino gehiago. Guatemalan izututako gizarte batean bizi gara, badakigulako edozein unetan lapurtu, hil edo bortxa gaitzaketela. Baina, finean, beste modu batean bizitzeak ematen digu beldurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.