Koronabirusa munduan

Birusari, errenta unibertsala

Koronabirusaren pandemiak pobrezia hedatu eta desberdinkeria areagotu duela ikusita, Latinoamerikako zenbait herrialdetan oinarrizko errenta unibertsala eta haren gisako neurriak ari dira aztertzen. Errentarentzako dirua nondik bildu, horixe da erronkarik handienetako bat.

Emakume bat, elikagaiak kalean saltzen, Quiton, Ekuadorko hiriburuan. JOSE JACOME / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, gero eta gehiago aztertzen eta lantzen ari dira oinarrizko errenta unibertsala eta gisako neurriak mundu osoan, baita Latinoamerikan ere. Oinarrizko errenta unibertsala diru transferentzia bat da, baina egiturazkoa, eta, beraz, bestelakoa da koronabirusak eragin eta sakondu duen krisiaren ondorioak arindu nahian estatuek hartu dituzten larrialdi neurrien aldean. Hainbat herrialdek egin izan dituzte probak horrelako neurriak ezartzeko, gutxi-asko. Erronka bat da neurri horiek indarrean jartzea Latinoamerikaren moduko eskualde batean: batetik, desoreka handia dago eskualdearen egituran eta irabazien eta aberastasunaren banaketan; bestetik, erresistentzia piztu du bidegabeki fortunarik handienak dituzten eta askotan pribilegioei uko egin nahi ez dietenen artean. Hain zuzen, indize altuek erakusten dute pobrezia izugarri areagotu dela pandemiaren ondorioz; Oxfam GKEak egun hauetan argitaratu duen txosten baten arabera, ordea, Latinoamerikako milioidunen dirutzak 48.200 milioi dolar handitu dira martxotik uztailera: Latinoamerikako herrialdeetako ekonomia suspertzeko diru funtsen balioaren herena.

AURREKARI NAGUSIAK

Oinarrizko errenta unibertsala, herritarren diru sarrera edo herritarren errenta ere deitua, pertsona guztiei diru transferentzia bat egitean datza, indibiduala, baldintzarik gabekoa (kontraprestaziorik gabea) eta bizi guztikoa, eta oinarrizko segurtasun ekonomikoa edukitzeko modua ematen duena. «Egin izan dira saiakerak oinarrizko errentaren antzeko ideiak martxan jartzeko, baina, deskribatu ohi dugun moduan, ez da inongo herrialdetan ezarri», azaldu du Pablo Yanesek, Latinoamerikarako eta Kariberako Batzorde Ekonomikoak (CEPAL) Mexikon duen egoitzako Ikerketa koordinatzaileak. «Neurri hori XXI. mendeko berrikuntzarik handienetako bat izango da segur aski. Lezio jakingarriz betetako esperientzia batzuk ditugu oraingoz; esaterako, Alaskakoa, New Yorkekoa, Kanadakoa, Kaliforniakoa, Holandakoa eta, berriki, Finlandiakoa».

Brasil da herritarrentzako oinarrizko errentaren lege bat onartua duen herrialde bakarra munduan —10.835 legea, 2004koa—. 2005ean sartu zen indarrean, baina Bolsa Familia programa abian jarri izanak geldiarazi egin zuen hura ezartzeko prozesua. Mexikon, adinekoen elikadura pentsioa (2006) izan zen baldintzarik gabeko transferentzien lehen programa unibertsala; Mexiko Hirian jarri zuten martxan. 2019an, herrialde osoarentzako transferentzia unibertsal bihurtu zen. Bolivian, Argentinan eta Uruguain ere ezarri ziren adinekoentzako pentsio unibertsalak. Argentinan, esaterako, seme-alabentzako laguntza unibertsala dago —haurrei ematen zaie, gurasoek lan informalak badituzte eta gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten badute— baita osasun eta hezkuntza sistema publiko eta doakoak ere.

Gainerakoan, oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko proba batzuk egin izan dira elkarrengandik urrun dauden beste zenbait tokitan ere; besteak beste, Kenyan, Iranen, Indian eta Alemanian, aldaerak aldaera. «Errenta unibertsalak ez ditu eragiten zenbait gizarte politika neurtzeko kontuan hartu ohi diren ondorio klasikoak, baina onuragarria da buruko osasunerako; antsietatea murrizten du; gurasoei laneko presioa arintzen die, eta aukera ematen die seme-alabei denbora gehiago eskaintzeko; eta abar», ohartarazi du Yanesek.

LATINOAMERIKA

Pandemiak agerian utzi du Latinoamerikako biztanleek zein aise gal ditzaketen diru sarrerak. Hori dela eta, ideologia bateko eta besteko gobernuek larrialdiko transferentziak egiteari ekin diote. Hilabete hauetan egindako transferentzia kopurua azken hogei urteetako batez besteko BPGaren bikoitza da. Datu hori CEPALek argitaratu du, COVID-19aren inguruko hirugarren txostenean. Horrek agerian utzi du egiturazko arazo bat konpontzeko beharra.

Larrialdi neurri horiei transferentzia monetario esaten diete: behar espezifikoak asetzeko diru kopuruak dira. «Egoerak bide eman du ikusteko zeinen premiazkoak diren halako neurriak. Aldi berean, beharrezkoa da aldi baterako neurriak pentsatzea edo babes sozialerako eta ongizaterako sistema berri bat sortzea, hain zuzen, oinarrizko diru sarrera bermatua izango duen sistema bat», adierazi du Yanesek. «Kontu honen inguruan asko eztabaidatu da azken hamabi urteotan, 2008ko eta 2009ko atzeraldi handia izan eta gero; horrez gain, eraldaketa teknologikoari eta hark enpleguaren estrukturan izango dituen inpaktuei buruz ere eztabaidatu izan da. Eta orain, pandemia dela eta, berriro eztabaidatu da horren guztiaren inguruan».

ARGENTINA

Desberdinkeria handiarekin batera, lan informalen tasa handia da Latinoamerikako herrialde gehienen arazo larrienetako bat. Horrek bereizten ditu AEBetatik eta Europatik, nabarmen bereizi ere. Argentinan, langileen ia %40k kontratu informalak dituzte. Langile horietako askok zirkulazioan egiten dute lan: trenean gauzak saltzen dituzte, janaria saltzen dute kaleko postu batean, etxeko langileak dira, eta abar. «Pertsona horiek guztiak diru sarrerarik gabe geratzekoak ziren berrogeialdia ezarri zenean», adierazi du Mercedes D'Alessandrok, Argentinako Ekonomia Ministerioko Ekonomia, Berdintasun eta Genero zuzendari nazionalak. «Langile formal batzuek kobratzen jarraitu dute berrogeialdian ere. Gobernuak, gainera, neurriak hartu zituen kaleratzerik izan ez zedin eta enpresek porrot egin ez zezaten. Biztanleriaren sektore hori identifikatu genuenean, konturatu ginen oso talde handia zela: zerbait egin beharra zegoen. Etxetik ez ateratzeko eskatzen diozu, baina, aldi berean, kutsatzeko ala gosez hiltzeko esaten diozu». Hala, familien larrialdiko laguntza sortu zen.

Gaur egun, bederatzi milioi pertsonak jasotzen dute familientzako larrialdi laguntza, ia bost herritarretik batek. 10.000 pesoko diru sarrera da (116 euro): oinarrizko erosketa saski bat baino gehiago, baina ez da gutxieneko soldatara iristen (607,59 euro). Brasilen eta Txilen antzeko neurriak hartzen ari dira. «Familientzako larrialdi laguntzak izaera unibertsala du, ez baitu baldintzarik, eta ez duzu lan erregistratu bat izan behar. Familientzat da, etxe bakoitzeko pertsona batek jasotzen baitu», azaldu du D'Alessandrok. Ez daki familien larrialdiko laguntza, pixkanaka, oinarrizko errenta unibertsala bihurtuko den: «Oraingoz, asko eztabaidatzen ari dira ideia. Argentinan badira aurretik sortutako beste transferentzia batzuk. Pentsio sistema unibertsala dugu, eta erretiroa hartzeko adinean daudenen %98k jasotzen dute pentsio hori. Gainera, babes soziala oso zabala da, doako hezkuntza eta osasuna barne. Beraz, zaila da herrialdeek hartu dituzten neurriak alderatzea. Txilen, urrutira joan gabe, hezkuntza eta osasuna ez dira doakoak».

Pandemiaren krisian hasi zenean, Argentinan pobrezia %35 zen, eta 14 urtetik beherako haurretan, berriz, %52. «Mundu guztiak uste zuen pandemia honek hilabete batzuk iraungo zuela. Munduko ekonomia oso kaltetuta dago, eta neurri horien guztien gastua izugarria da. Baldintza horiekin guztiekin neurri asko eztabaidatzen dira, eta, horien artean, oinarrizko errenta unibertsala aurrera eraman behar ote den».

OINARRIZKO ERRENTARAKO DIRUA

Nondik bildu dirua: horra hor oinarrizko errenta unibertsalari buruzko gai funtsezko bat. Eta horrek zerikusia du beste eztabaida garrantzitsu batzuekin: zerga sisteman ezinbestekoak diren aldaketak, nazioarteko finantza kapitalen kontrola —zerga ihesa etazerga saihestea— eta lan munduaren prekarizazioa. Natalia Zuazo politologoak seinalatu duenez, «egun argiz egiten duen marketin positiboan, Googlek parte hartzen du Kenyan errenta unibertsala jartzeko egitasmo aitzindarietan. Baina, era berean, zergak ez ordaintzeko trikimailuak erabiltzen ditu, bulegoak Irlandan jarrita, eta dibidenduak pagatzen ditu jabetza intelektualagatik zerbitzuen truke».

Argentinan lege proiektu bat eztabaidatzen ari dira aberastasunari behin ezarriko litzaiokeen zerga bat jartzeko, baina ez dute lortu Kongresura iristea, oztopo asko jartzen ari baitira bai beren pribilegioak arriskuan ikusten dituztenek baita beren ordainpeko nahiz ordaindu gabeko defendatzaileek ere. «Ez daude ados, baina proiektuak gizartearen babesa du», azaldu du D'Alessandrok. «Lanean ari gara zerga sistema aldatzeko eta diru gehiago jasotzeko bide horretatik».

Yanes kezkatuta dago zerga sistema ahula eta erregresiboa delako. «CEPALekoek kalkulatzen dugu urtean 350.000 milioi dolar baino gehiago bildu gabe geratzen direla zerga ihesaren eta zerga saihestearen ondorioz. Hau da, eskualdeko BPGaren %6 edo %7», baieztatu du. «Aldatu beharra dago desberdinkeria sortzeko fabrika hori guztia, paradoxa bat dago eta: Latinoamerika ez da munduko eskualderik pobreena, baina bai desberdinkeriarik handiena duena. Hau da, Latinoamerikako ekonomia handiagoa da herritarren ongizatea baino. Esaterako, zure diru sarrerak pobreziaren muga baino hiru aldiz handiagoak badira, estatistiketan ez zara agertuko behartsu gisa, baina diru horrekin ezingo dituzu ordaindu heziketa eta osasuna».

MILIONARIOAK

Oxfamek aipaturiko txosten horretan bertan adierazi du, martxotik ekainera, zortzi lagun sartu direla mila milioi dolar baino gehiago dituztenen taldean: milioi askoko aberats bat bi astean behin. Eta halako aberats batzuek, mundu guztiko 83 supermiliodunek osaturiko talde batek, eskutitz bat idatzi die G-20koei, gobernuek zerga gehiago ordainaraz diezaieten. «Gure gobernuek zergak igo behar dizkiete gu bezalakoei. Oraintxe bertan. Nabarmen igo ere. Eta luzarorako»: halaxe dio Erresuma Batuko The Guardian egunkariak argitaratutako gutun horrek. Talde horrek Millonaires for Humanity deitzen dio bere buruari, eta beste talde bat du ernamuina: Patroit Millonaires izenekoa, AEBetan 2010ean sortua.

Morris Pearl Patroit Millonaireseko zuzendariak harago jo du, eta, Página 12 Argentinako egunkariaren Cash gehigarrian egin dioten elkarrizketa batean, hauxe bota du: «Alemaniako Finantza ministroak esan zuen zerbait egin beharra zegoela multinazionalen eta zerga paradisuen inguruan. Ados gaude, baina horrek ez du guztiz konponduko arazoa. Herrrialderik pobreenen zorraren ordainketa etetea pauso txiki bat da bide onean, baina askoz ere harago joan behar da. Aberatsek zerga gehiago ordaindu behar dituzte, eta gutxien dutenek, gutxiago».

Morrisek ziurtatu du historian inoiz ez bezala pilatzen ari direla batzuk aberastasuna, eta horrek ez diela mesede egiten ezta aberatsei berei ere, ezinbestekoa baitute kontsumitzaileak egotea. «Horrek guztiak esan nahi du jabetu beharra dagoela nolako segurtasun faltan bizi diren biztanle multzo asko eta asko. Arazoa, azkenean, botere egituren, ekonomia politikoaren eta banaketa harremanen kontu bat da», borobildu du Yanesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.