Tunisian zigorrak bata bestearen atzetik pilatzen ari da Zine el-Abidine Ben Ali. Bizi osoko espetxe zigorra ezarri berri dio herrialdeko auzitegi militar batek, bere aurkako iazko protestetan manifestariak hiltzeko agindua eman zuela frogatutzat jo ondoren. In absentia epaitu behar izan dute, ordea, Saudi Arabian baitago presidente ohia babes hartuta. Hori horrela, zigorrak pilatuta ere ez dituela beteko kritikatu dute errepresioaren biktimek. Izan ere, Riadek ez du keinurik egin hura estraditatzeko Tunisek eskatzen duen bezala.
Ben Aliren agintaldiko beste berrogei goi kargudun epaitu dituzte presidente ohiarekin batera, eta horietatik hamar absolbitu egin ditu epaileak. Gainontzeko akusatuei bost eta hogei urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkie. Ben Ali izan da bizi guztiko zigorra jaso duen bakarra. Zigortutakoen artean daude, besteak beste, Rafik Belhaj Kacem Barne ministro ohia —hamabost urteko espetxe zigorra— eta Ali Seriati presidentearen segurtasuneko buruzagi ohia —hogei urteko kartzela kondena—.
Biktimak haserre agertu dira epaiarekin, eta protesta egin dute, zigor txikiegiak ezarri dizkietela salatuz. «Errudun guztiek bizi guztiko espetxe zigorra merezi dute», oihukatu dute auzitegiaren kanpoaldean bildu diren biktimek. «Gure semeak ez dira intsektuak, errudunak bost urtera bakarrik zigortu ditzaten. Mendekatu egingo ditugu, ez gara isilduko, ez gara besoak gurutzatuta geratuko», ohartarazi du Saida Sifik, Ben Aliren aurkako protestetan 19 urteko semea galdu zuenak. 300 lagunetik gora hil ziren protesten errepresioan, eta senideek «bidezko epaiketak» eskatu dituzte hilketen erantzuleen aurka.
Ehun salaketatik gora
Aurretik ere beste hainbat zigor ezarri dizkiote Ben Aliri Tunisian. Besteak beste, ustelkeriagatik, indarkeria sustatzeagatik eta legez kanpo armak eta drogak izateagatik zigortu dute. Guztira, ehun salaketa baino gehiago ditu bere aurka, baina presidente ohiak guztiak ukatu ditu erbestean.
Maiatzean Ben Aliren aurkako heriotza zigorra eskatu zuen Tunisiako militarren fiskalburuak, manifestariak hiltzeagatik. Zigor hori gehiegizkotzat jo zuen orduan Ben Aliren abokatu Akram Azouryk, eta arrazoi politikoetan oinarritzea leporatu zion Tunisiako militarren fiskaltzari.
Herenegun, hain justu, bidezko epaiketa hitzeman zion Tunisiako presidente Moncef Marzoukik Ben Aliri, herrialdera itzuliz gero. Bere osotasun fisikoa bermatuko duela ere agindu dio presidenteak. Ben Aliren abokatuak, hain zuzen, presidente ohia Suitzan dituen aktibo guztiak Tunisiari itzultzeko prest dagoela jakinarazi zuen astelehenean. Leila Trabelsi emazteak, berriz, Ben Ali Tunisian bidezko epaiketa bati aurre egiteko prest dagoela adierazi zuen uztail hasieran.
Bizi guztiko espetxe zigorra jarri diote Ben Aliri Tunisian manifestariak hiltzeagatik
'In absentia' epaitu dute presidente ohia, Saudi Arabian babes hartuta baitago; beste 30 goi kargudun zigortu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu