AEBetako hauteskundeak

«Bizimodu amerikarra» defendatuko duela aldarrikatuz onartu du Trumpek hautagaitza

Goizaldean amaitu da Alderdi Errepublikanoaren batzarra. Jarduneko estatuburuak lau urteotan egindako lana txalotu dute alderdikideek.

Donald Trump, AEBetako jarduneko presidentea, bart, Etxe Zurian egindako agerraldian. ERIN SCOTT, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 28a
09:31
Entzun

Ezustekorik gabe amaitu da Alderdi Errepublikanoaren batzarra. Espero zen moduan Joe Biden hautagai demokrataren aurka egiteko baliatu du Donald Trump presidentegai errepublikanoak azken eguneko hitzaldia. Apenas aipatu dituen, ordea, AEBetan inoizko osasun krisirik larriena eragin duen pandemia eta Wisconsingo protestak —horien kasuan, «istiluak» soilik aipatu ditu Trumpek, horien atzean zer dagoen zehaztu gabe—. Aldiz, gogor jo du Bidenen kontra, eta ohartarazi haren alde bozkatuz gero «anarkia» izango dela nagusi AEBetan. «Hauteskunde hauetan erabakiko da ea bizimodu amerikarra defendatuko dugun, edota hura desegiten utziko diogun muturreko mugimendu bati».

Aurkari demokratari egotzi dio pandemiaren aurrean «amore eman» izana, eta ohartarazi du hark irabaziz gero hondoratu egingo litzatekeela herrialdeko ekonomia; Trumpek nabarmendu du gainditu egingo dutela koronabirusa eta, orduan, bere gidaritzapean, «indartsuago» izango direla AEBak.

Estatuburuak Etxe Zuria baliatu du kargu hartzearen hitzaldirako. Han, alderdiko milaka ordezkariz inguratuta onartu du hautagaitza. Haren aurretik, baina, beste hainbat alderdikidek hartu dute hitza, eta Trumpen aurkako kritikak gezurtatzeko baliatu dute beren mintzaldia, eta adierazi, besteak beste, jarduneko presidentea ez dela arrazista eta bere esku dagoen guztia egin duela pandemia geldiarazteko.

Azaroaren 3an egingo dituzte AEBetan presidentetzarako hauteskundeak. Trumpek bigarren legealdia beteko luke horiek irabaziz gero; inkestek, ordea, oso lehia zaila aurreikusten diote; izan ere, zazpi eta bederatzi puntu arteko aldea ateratzen dio hautagai demokratak errepublikanoari. Bestalde, osasun krisia eta afro-amerikarren hilketen aurkako protestak direla-eta izan duen jarrerak bere aurkako kritikak ozendu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.