Kenya

Bizitzaren garestitzearen aurka, hirugarren egunez jarraian kalera irten dira Kenyan

Oposizioko buru Raila Odingak antolatu ditu mobilizazioak, Kenyako Gobernuak onartutako zerga igoeren harira. Aste honetan, gutxienez sei lagun hil eta hirurehundik gora atxilotu ditu Poliziak.

Manifestariak aste honetako protesta batean, Nairobin, Kenyan. DANIEL IRUNGU / EFE
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 21a
13:11
Entzun

Kenyako Gobernuak iragarritako zerga igoeren harira, oposizioko buru Raila Odingak hiru eguneko mobilizaziora batzeko deia egin zuen asteartean, eta gaur da, berez, azken protesta eguna. Halere, Odingak ohartarazi duenez,mobilizazio gehiago antolatuko dituzte datozen asteetarako. «Finantza lege hori hilkutxako azken iltzea izango da. Indarrean jartzen badute, kenyarrak zergen esklabo izango dira».

Gutxienez sei lagun hil, ehunka zauritu eta hirurehundik gora atxilotu dituzte aste honetako protestetan —atxilo eramandakoen artean daude oposizioko alderdietako bederatzi kide—. Nazioarteko zenbait GKE gobernuz kanpoko erakundek salatu dutenez, Polizia «gehiegizko indarkeria» erabiltzen ari da manifestarien aurka. Izan ere, joan den astean hamalau pertsona hil ziren protestetan —Poliziak tiro eginda hil ziren horietatik hamar—, eta, iragan martxoan mobilizazioak hasi zituztenetik, 30 herritar baino gehiago hil ditu tiroz Poliziak.

Are, herrialdeko hedabideen arabera, Polizia negar gasa erabiltzen ari da manifestarien aurka. Baita protestetara hurbildu ere egin ez direnen aurka ere. Herenegun, Poliziak negar gasa jaurti zuen Nairobiko ikasgela batera, eta 50 haur baino gehiago eraman behar zituzten ospitalera. Protesta jendetsuenak Nairobin egiten ari dira, baina herrialde osora zabaldu dira manifestazioak, hala nola Kisumura (mendebaldean), Mombasara (hegoaldean) eta Nakurura (erdialdean).

Ehunka zauritu eta dozenaka hildako izan dira zergen igoeraren aurkako protestetan, baina, Azimio la Umoja oposizioko koalizioko kide Opiyo Wandayiren arabera, mobilizazioak «oso arrakastatsuak» ari dira izaten. «Eskerrak ematen dizkiegu Kenyako herritarrei, erregimen drakoniar honek ezarritako zergen inguruko haserrea adierazteagatik».

AEB Ameriketako Estatu Batuek bultzatuta, bi aldeei elkartzeko deia egin diete Kenyan ordezkaritza duten hamahiru diplomazialarik, eta eztabaidetan bitartekari gisa parte hartzeko prest agertu dira. Eskaerari erantzunez, Kenyako presidente eta zergen igoeraren sustatzaile William Rutok esan du «prest» dagoela Odingarekin hitz egiteko, baina ez duela, «inola ere», oposizioarekin gobernua partekatuko.

Gobernuak lege proiektua aurkeztu zuenetik, bi mobilizazio handi antolatu ditu oposizioak. Zerga igoeraren aurkako mezuak bidaltzeaz gain, Afrika ekialdeko bizitzaren garestitzea ere salatzen dute manifestariek, baita iaz Kenyako presidentetzarako hauteskundeetan «iruzurra» egin izana ere. Boto gehien Rutok lortu zuen, baina alde txikia atera zion oposizioko buruari: botoen %50,49 eskuratu zituen presidenteak, eta %48,85 Odingak.

Zergen igoera, protesten pizgarri

Rutok ekainaren 26an onartu zuen Zerga Igoeraren Finantza Lege proiektua. Berez, zergen igoerek uztailaren 1ean sartu behar zuten indarrean, baina igoerak behin-behinean eten zituen Nairobiko Auzitegiak, oraindik legearen inguruko zenbait prozedura juridiko osatzeko daudelako. Edonola ere, igo egin dituzte petrolio produktuen zergak, eta, ondorioz, litekeena da garraio publikoa ere garestitzea. Hain justu, lege proiektu horrek %1,5 igoko du etxebizitzaren gaineko zerga, eta %8tik %16ra petrolio produktuena. Are, %16 igoko du Polizia agenteek aseguru konpainien aldetik konpentsazio gisa jasotzen duten diruaren BEZ balio erantsiaren gaineko zerga.

Presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan, Rutok zin egin zuen bizitza garestitzearen aurkako neurriak hartuko zituela. Baina presidente kargua hartzearekin batera —irailean izendatu zuten gobernuburu—, 61 mila milioi dolarreko zorra ere hartu zuen bere gain. Orduan, erregaien diru laguntzak kendu zituen, eta nabarmen igo ziren oinarrizko produktuen prezioak, hala nola ogiarena eta irinarena.

Oldarraldiak oldarraldi, Rutok mezu irmoa helarazi dio gaur oposizioko buruari: «Protestek ez dute tokirik hemen. Entzun arretaz: ezin dituzu konstituziotik eta bide judizialetik kanpoko baliabideak erabili Kenyako Gobernuaren agintea eskuratzeko. Itxaron 2027. urtera arte, eta berriz irabaziko dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.