Gaza hiriko taxiek oraindik TV gainean marraztuta daukatela jarraitzen dute. «Israelek misilak gainean ez botatzeko irtenbide errazena zen», dio Yasser izeneko taxi gidariak. Autoan, dagoeneko famatu egin den Odrub-Odrub Tel Aviv (Kolpatu-Kolpatu Tel Aviv) kanta jarri du, behin eta berriz. Iragan egunetan Zisjordanian sortutako kantu berriak egundoko arrakasta izan du Gazan.
Palestinarrak betiko martxara itzuli dira. Denda irekiak, kale beteak eta trafiko kaotikoa. Iragan eguneko hiri hilaren arrastorik ez da gelditzen. Zortzi eguneko indarkeria oldearen ostean, Gazako herritarrak gogoz bueltatu dira betiko zereginetara. Iragan egunetako beldur aurpegiak mamu baten moduan desagertu dira haien aurpegietatik.
Akramek fotokopien denda txiki bat du Wahda kalean. «Atzo su-etena iragarri bezain pronto ireki nuen denda, eta gaur ere pozik etorri naiz lanera». Iragan astean aterpe bezala erabili du Akramen familiak fotokopiak egiteko denda. Orain, lastairak etxera bueltan daramatzate seme-alabek.
Berriz hastera
Ospakizunez beteriko gauaren ostean, biharamun gogorra izan dute Gazako herritar askok. Jabalia iheslarien guneko herritarrek ondo dakite «zehar kalteez». Nayfeh Manwar da horietako bat. Ondoko lursailera botatako misil batek etxea suntsitu zion, su-etena martxan jarri baino ordu erdi lehenago. Manwar ez zegoen etxean. «Paretak eta leihoak hondatu dituzte, eta ez dut hori guztia konpontzeko baliabiderik. Nora joan, ordea?», nabarmendu du.
Elikagaien banaketaz arduratzen den biltegian, duela hiru egun Israelek ondoko polizia estazio bat jo ondotik bulegoak zeharo txikituta dauzkate. Su-etena hastearekin batera, ilara luzeak izan ziren atzo, olioa, arroza, irina eta azukrea eskuratzeko. «Guztiz aldatu da kaleen itxura. Atzo arte zeharo hutsik zeuden», nabarmendu du biltegian lan egiten duen Um Mahmoud arduradunak. Ospakizunetarako nekatuegi dagoela dio. «Su-etena adostu baino lehenago ohera joan nintzen familiarekin, baina gauean bonba hotsak entzun gabe esnatu ninduen senarrak. Su-etena indarrean zen».
Jabalian ere manifestazio jendetsua egin zuten atzo, eguerdiko errezoaren ostean. Milaka pertsonak iheslarien guneko kale estuak zeharkatu zituzten bonben geratzea ospatzeko. Gazatarrak garaile sentitzen dira, eta horrela erakutsi nahi dute kalean. Alderdi politikoetako banderez jositako autoen klaxonek geratu gabe zeharkatu dituzte hiriburuko txoko guztiak. Brigadetako kideek, armak eskuan, indar erakustaldia egin dute.
Bestalde, Gazako UNRAW Nazio Batuen Erakundeko Palestinar Iheslarientzako Agentziaren egoitza nagusian arduraduna da nagusi. Zortzi eguneko erasoetan irakasle bat galdu dute, eta kalteak egundokoak izan dira. «Espero dugu su-etenak luze irautea, baina, egia esanda, ez dakigu zer gertatuko den», adierazi du Adnan Abu Hasna prentsa arduradunak.
Kaltetutako azpiegituren kontua egiteko garaia da orain: «Hogei instalazio baino gehiago hondatu dituzte, Israelek helburu bezala jotzen zituen tokien ondoan zeudelako. Orain nazioarteko komunitateari dei egin diogu berreraikitzen lagun diezagun».
Hasnaren iritziz, badaude pozik egoteko arrazoiak, baita triste sentitzeko beste hamaika ere: «Ez zait axola nork irabazi duen borroka hau. Zibilak ari dira gerraren prezioa ordaintzen, eta hori geratu beharra daukagu. Orain poza da nagusi, baina denbora gutxi barru erasoen kalte psikologikoak sumatuko ditugu hiritarrengan».
«Normaltasunera» buelta
Bestalde, UNRAWeko 14 eskoletan aterpea hartu zuten milaka palestinarrak haien etxeetara itzuli dira. Bueltan etxerik topatu ez dutenek senitartekoei eskatu behar izan diete babesa.
Al Xifa ospitalean ere giro lasaiagoa izan zuten atzo, baina emozioz beteriko eguna zela aldarrikatu zuten medikuek. Memorian, su etenaren aurretik semea ospitalean hil zitzaion Mashdi Naim medikuaren tristura. «Israelek dio misilen %90ek jo beharreko helburuak bonbardatu dituztela, baina ospitala bisitatzea besterik ez dago hala izan ez dela ikusteko.Ez dezatela kalte kolateralen inguruan hitz egin. Beste behin, zibilen kontrako zigor kolektibo bat izan da», salatu du Mohamed Al Bak medikuak. 163 hildakoez gain, 12.222 zauritu utzi dituzte zortzi eguneko erasoek. Ospitalean sakon arnastu dute. «Kolapsatzeko zorian geunden», erantsi du Al Bak.
Su-etenaren neurrien inguruan gutxik hausnartzen dute, oraindik. Ospakizunen biharamunean ere Gazak Israelen blokeopean jarraitzen du. Mugak itxita, eta lurraldea inguratuta. Hori dela eta, batzuk oso eszeptiko agertzen dira. Abu Hasna da horietako bat: «Ez dituzte gatazkarekin amaitzeko irtenbideak ezarri, indarkeria geratzeko oinarriak baizik».
Kasuak kasu, barealdia ospatzeko eskubidea ez die inork ukatzen palestinarrei. Abu Hasnak hala ikusten du: «Bonba, gerra edo ezbehar bakoitzaren ostean normaltasunera itzultzen gara lehenbailehen. Hori da gazatarron natura. Ez dago beste alternatibarik».
Ekialde Hurbila. Gazaren aurkako erasoa
Bizitzaren itzulera
Gazan aho batez ospatu dute Hamasek eta Israelek lortutako su-etena, eta hiria jendetzak eta trafikoak hartu du berriro erePoztasuna nagusi izan arren, biktima gehienak zibilak izan direla gogorarazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu