LURRIKARA MAROKON

«Biztanleek asko sufritu dute, eta lurrikarak ondorio nabariak izango ditu»

2004ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Al Hoceiman gizarte laguntzan lanean dabil Azerkan Mohammed. Lurrikararen ondorioak larriak direla esan dio berriari.

Zein da une honetan Al Hoceima eta inguruetako herrietako egoera?

Une honetan ospitalean nago, oraintxe gobernuz kanpoko erakunde bateko kideak etorri dira laguntzeko asmotan. Zauritu eta hildako asko daude. Kaosa da hau. Im Zourenen ere izan naiz hona etorri baino lehen, bertan, lurrikararen ondorioak oso bortitzak izan dira. Baita nekazaritza inguruetan ere. Hau hondamendi bat da. Halere, jendeak ahal duen guztia egiten du. Nahiz eta gehiegi ez izan, duten guztia eskaintzen ari dira.

Zer ondorio izango ditu lurrikarak biztanleen bizimoduan?

Zaila da hori jakitea. Epe laburreko eta luzeko ondorioen inguruan hitz egin behar da. Al Hoceiman izan dira lurrikarak aurretik. Esaterako 1994. urtean; biztanleek asko sufritu zuten, ekonomikoki galera ugari izan ziren eta jendea ez zen ziur sentitzen. Joan egin nahi zuten. Hori baino bortitzagoa izan da hau, horregatik, ondorioak nabariak izango direlakoan nago.

Zeintzuk ziren azpiegiturak ezbeharraren aurretik?

Zonalde hau Espainiaren menpe egondakoa da. Independentzia lortu ostean ez ditu Gobernuak eskaintzen zizkion diru laguntzak erabili, beti marginatua geratu da. Geografikoki isolaturik dago, baita sozialki ere. Horregatik, azpiegiturak oso prekarioak dira. Orain, azpiegitura kaxkarrak direla-eta, beharrezko materiala duen ospitale batera iristeko 10 ordu inguru behar dira.

Al Hoceima nagusiki berberea da. Zein da berbereen egoera Al Hoceiman eta, oro har, Marokon?

Gai hori lasaitasunez hitz egin beharrekoa da. Marokok azken urteetan izan duen gai gatazkatsuena izan da.

Kultura berberean marginazioa eta bereizketa jasan behar izan du. Marokoko Gobernuak ez du berbereen kultura eta hizkuntza aberastasun gisa ulertu. Horregatik, horren alde lanean ari diren taldeak daude. Izan ere, marokoarren nortasuna aniztasun kulturalean oinarritzen da. Gobernuak dialekto gisa ulertu nahi izan ditu berberea bezalako hizkuntzak eta suntsitu nahi izan dituzte. Oraindik ere borroka asko egin behar da berbere kultura eta hizkuntza onartuak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.