TXINA

«Blokeen arteko konfrontazioa» sustatzea egotzi dio Txinak NATOri

Kontzeptu estrategiko berrian jasotakoaren harira, «etsaiak sortzeko taktika zaharrarekin» jarraitzea leporatu dio Pekinek aliantza militarrari.

Xi Jinping Txinako presidentea, artxiboko argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 30a
14:09
Entzun

NATOIpar Atlantikoko Itunaren Erakundeak atzo onartutako kontzeptu estrategiko berriaren kontra egin du Txinak. Mendebaldeko aliantza militarrak datorren hamarkadarako adostutako bide orriak egozten dio aliatuen «segurtasunari eta balioei desafio egitea», eta, hori irakurrita, Pekinek irmo erantzun dio, nabarmenduz aliantzak «blokeen arteko konfrontazioa» sustatzen duela, kontzeptu berria «ideologikoki lerratuta» dagoela, eta «Gerra Hotzaren garaikoa» dirudiela.

EB Europako Batasunerako Txinaren misioak ohar bat kaleratu du, kritikatuz «etsaiak sortzeko taktika zaharrarekin» segitzen duela NATOk. «Kontzeptu berri honek maltzurki erasotzen dio Txinari, eta difamatu egiten du. Erabakitasunez eta sendotasunez erantzungo diegu gure interesak urratzen dituzten ekintzei», ohartarazi du.

Txinaren arabera, aliantzaren bide orri berriak adierazten du beste herrialde batzuek desafioak planteatzen dituztela, baina Pekinek nabarmendu du aliantza berak «arazoak» eragiten dituela «mundu guztian». Leporatu dio, gainera, aldarrikatzen duela «nazioarteko ordena» arauen bidez mantentzeko beharra, bainaNBE Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua alde batera utzi izan duela eta estatu burujabeen aurkako gerrak hasi dituela. 1999an, NATOk Serbia bonbardatu zuen, segurtasun kontseiluaren oniritzirik gabe, hain zuzen.

Zhao Lijian Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramailea harago joan da aliantza militarraren aurkako kritikan, eta «zibilak hiltzea» eta «eskuak odolez zikinduta» edukitzea egotzi dio. Gogoratu du, bide batez, 1999an Serbia bonbardatu zuenean Txinako enbaxadari ere eraso egin ziola eta hiru kazetari txinatar hil zituela. «Nor ari da munduko bakea urratzen? Ba al dago NATOk parte hartu ez duen gerrarik?».

Putin ez dago arduratuta

Suediak eta Finlandiak NATO kide bihurtzeko prozesua hasi dutela eta, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez du «arazorik» ikusten, Interfax berri agentziak jaso duenez. Hori bai, ohartarazpen bat egin die bi herrialdeei: «Ulertu behar dute lehen ez zutela mehatxurik, baina orain, azpiegitura militarrak ezarriz gero, simetrikoki erantzutera behartuta gaudela».

NATOren kontzeptu estrategiko berriak jasotakoari dagokionez —Errusia «mehatxu zuzena» da aliantzarentzat—, Putinek adierazi du «gertakari gisa» onartzen duela, eta AEBek «kanpoko etsai bat» behar izaten dutela aliatuak «ustezko mehatxu baten bueltan» biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.