Blokeo judiziala gainditzeko lege erreforma bultzatuko du Madrilek

ERCk diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua aldatzeko zuzenketa aurkeztu du

Rafael Mozo CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, urrian, ekitaldi batean. MARISCAL / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Zigor Kodearen erreforma proposamena aurkeztu zuenean, sedizio delitua ezabatzeko urrats gisa aurkeztu zuen, Madrilek Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko, Generalitatearekin adostutakoaren ildotik. Baina Zigor Kodearen moldaketara elementu berri gehiago gehitu dira azken orduetan. Besteak beste, PSOEk eta UP Unidas Podemosek bi zuzenketa aurkeztu dituzte Espainiako Auzitegi Konstituzionala berritzea eragozten ari den blokeoa gainditzeko.

Zuzenketa horietako batek nabarmentzen du Konstituzionaleko epaileak berritzeko eginkizuna derrigorrezkoa dela, eta zigor penalak aurreikusiko ditu betebehar hori urratzen dutenentzat. Bestetik, beste zuzenketa batek dio Auzitegi Konstituzionala berritzeko ardura duten bi organoetako batek, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak nahiz Espainiako Gobernuak, epaile berriak proposatzea ez dela arrazoi nahikoa izango beste aldeak proposatutakoen izendapena eragozteko. Hau da, CGPJk, berriki egin bezala, epaileak proposatzeari uko eginez gero, gobernuak bereak izendatzeko aukera izango luke.

Gainera, CGPJk ez ditu bere kideen hiru bostenak ados jarri beharko bere bi izendapenak proposatzeko. Lege aldaketa onartzen bada, boto gehien biltzen dituzten hautagaiak izango dira organo judizial gorenak proposatuko dituenak.

Egun, proposatzen diren epaile berriek legezko baldintzak betetzen dituzten aztertu behar du Konstituzionalak, baina PSOEren eta UPren proposamenak ezabatu egingo luke urrats hori. Haren ordez, Diputatuen Kongresuak, Senatuak, CGPJk eta gobernuak izango lukete izendapenak baieztatzeko ardura.

Albisteak berehala eragin du PPren eta Voxen erreakzioa. Biek iragarri dute moldaketa onartzen bada Auzitegi Konstituzionalean salatuko dutela. Azkarra izan da CGPJko kide kontserbadoreen erantzuna ere. Ezohiko bilkura batera deitu dute, gobernuaren proposamena publiko egin eta ordu gutxira. Puntu bakarra du gai zerrendak: Auzitegi Konstituzionaleko epaileak berritzea.

Konstituzionalak joan den irailaren 13an amaitu zuen bere epaileak berritzeko epea, baina CGPJk ez ditu izendatu oraindik legez proposatu behar dituen bi epaile berriak. Hemeretzi kideetako zortzik blokeatu dute erabakia—guztiak PPk izendatutakoak dira—. Horrez gain, organo judizial goreneko gehiengo kontserbadorea bere kideen berritzea blokeatzen ere ari da. Duela lau urte berritu behar zen, legez.

Irabazi asmoa, erabakigarria

Zigor Kodearen erreforman diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua moldatzeko zuzenketa aurkeztu du gaur ERC Esquerra Republicanak. Katalunian agintean den alderdiak proposatu du delitu horretan zigorrak bereiztea diru publikoarekin aberastu direnen eta irabazi asmorik gabe jokatu dutenen artean, 2015ean PPk Zigor Kodea erreformatu aurretik delituak zuen definizio antzeko batera itzulita.

ERCk azaldu duenez, irabazi asmorik ez dagoenean zigorra hiru urtekoa litzateke gehienez. Modu horretara, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioan aurrera egiteko» aurrerapausoa emango litzateke. Generalitatean agintean den alderdiaren helburua da estatuak delitu hori «berriro ez erabiltzea era arbitrarioan, mugimendu independentistari jazartzeko». Moldaketa horrek ez luke bide emango ustelkeriagatik zigor arinagoak ezartzeko,ERCren esanetan.

Bestalde, Zigor Kodearen erreformak jasotzen duen desordena publiko larrien delituari dagokionez, ERCk moldaketa batzuk proposatu ditu «protesten kriminalizazioa zailtzeko». Besteak beste, galdegin du zigorrik arinena urtebeteko espetxe zigorra izatea, eta eraikinen okupazio baketsua zigortzen duen 557 bis artikulua ezabatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.