Blokeo susmoen artean, azken uneko gutxieneko akordioan adostu nahi dira

Annanek aurkeztutako proposamen nagusiei uko egin diete akordioren bat lortzeko

Kristina Berasain Tristan.
2005eko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00


New Yorken gaur hasi eta ostirala bitartean egingo den goi bilera erabakigarria izan daiteke nazioarteko erakundearen etorkizunean. Horixe ziurtatzeko zantzuak gero eta ageriagoak dira. Negoziazioak sustatzen ari diren hamabost enbaxadoreak gau osoan egon ziren bilduta herenegun hiru eguneko epean oinarrizko akordioren bat adostu ahal izateko. NBE Nazio Batuen Erakundearen etorkizuna kolokan egon daitekeela ohartarazi dute adituek. Kofi Annan idazkari nagusiak aspaldian onartu zuen erakundea «bidegurutzean» zegoela eta hausnarketa sakona egitea beharrezkoa izango zela «norberak bere aldetik erabilitako legerik gabeko indarra areagotzea saihesteko».

Iraken «gerra prebentiboa» abiatzeko munduko potentzia nagusiak bere kasa hartutako erabakiak nazioarteko erakundean jada errotuta zegoen krisia sustatu baino ez zuen egin. NBE erreformatzeko prozesua abiatzea erabaki zuen orduan Annanek. Iragan martxoan hamasei adituz osatutako talde batek egindako proposamena aurkeztu zuen idazkari nagusiak. Asanblea Nagusiak gaur eta ostirala bitartean eztabaidatuko du proposamena. Adituek egindako txosten horretan jasotzen ziren erronkak, baina, murriztu egin dituzte azken unean. Oinarrizko hitzarmen batean adostu ahal izateko hasierako xedei uko egin eta proposamenaren atal ugari ezabatu behar izan dituzte.«Zuzena den dokumentu bat amaitzeko bidean gara. Ez da dokumentu ideala, baina ideala kimera bat da batzuetan. Interes ezberdinak dituzten estatuen errealitatean adostu ahal izan duguna da. Oinarrizko asmoak betetzen ditu». Txileko enbaxadore Heraldo Muñozen hitzak dira. Iragan martxoan aurkeztutako proiektuak oinarrizko bi helburu zituen. Milurtekoaren Helburuak gauzatu ahal izateko eta, beraz, pobreziari aurre egin ahal izateko herrialde gehiagoren konpromisoa lortu eta nazioarteko erakundearen erreforma sakona abiatu. Bi puntu hauetan, baina, aldaketa asko egin behar izan dituzte herrialde batzuek iragarritako betoa aintzat hartuta.Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bushek mundua «bere kabuz konpondu» behar zuela esan zuenean piztu zen nazioarteko erakundean erreformak egiteko kezka. Bushek joan den abuztuan, senatariak oporretan zeudenean, izendatu zuen erakundeko enbaxadore John Bolton. Hilabete bateko epean orotara 700 emendakin aurkeztu dizkio enbaxadoreak mundu osoko adituek egindako hasierako proposamenari. Boltonek akordioa lortuko zutela esan zuen atzo: «Aurreneko pausoa da. Berri positiboa da, baina aurreneko pausoa besterik ez da». NBEk oinarrizko aldaketak martxan jarri ahal izateko eta adostasuna lortu ahal izateko denbora behar dela zehaztu zuen: «Horrelakoa da NBE».Hauexek dira gaur eta ostirala bitartean munduko agintariek eztabaidatuko dituzten puntuak. Azken unean oinarrizko akordiorik lortu ezean, dagoeneko ahulduta dagoen erakundearen etorkizuna porrota izan daiteke. Kofi Annanek kezkatuta zegoela onartu zuen herenegun: «Negoziazioen emaitza dena delakoa dela, aintzat hartu behar da ez dela izango prozesuaren amaiera. Hasiera baino ez da».

- NBE-ren erreforma: Segurtasun Kontseilua erreformatzeko auzia abendura arte atzeratuko dute. Betoa duten estatuek, boterea galtzearen beldurrez, uko egiten diotemementuz aldaketak egiteari. Segurtasun Kontseiluan hamabost kide daude egun eta kopuru hori hogeita laura igotzea da asmoa. Beto eskubidea duten herrialdeen kopurua ere handitu egingo da, baina zehazteke dago nola. AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Errusia eta Txina dira estatu horiek. Brasil, India, Alemania eta Japonia, berriz, kide iraunkor izateko presio gehiena egiten ari diren herrialdeak dira. Beto eskubidea duten herrialdeak batzuen edo besteen alde egiteko prest daude euren aliantzak aintzat hartuta.

Idazkari nagusiari, bestetik, botere gehiago ematearen alde agertu dira Mendebaldeko herrialdeak, tartean, Washington. Garapen bidean diren estatu txikiak, berriz, egun duten eragin urria galduko duten beldur dira.

- garapena: Pobrezian bizi diren herriek datorren urterako garapenerako estrategia bat abian jartzea ezartzen zen aurreneko txostenean. Milurtekorako Garapenerako Helburuak 2015. urterako beteta izatea ahalbidetu beharko luke egitasmoak, baina proposamena sinatu eta bost urtera gutxi dira lortu diren helburuak. Garapen bidean dauden herrialdeen pobrezia tasa erdira murriztu ahal izateko aberatsek diru laguntzak bikoiztu beharko lituzkete. Washingtonek dagoeneko uko egin dio BPG Barne Produktu Gordinaren %0,7a ematea jasotzen zuen neurriari. Duela hiru urte onartu zuten neurri hori.

Munduan 800 milioi pertsonek ez dute elikagai aski eta pobrezia tasak murriztu beharrean gora egin dute azken urteotan. Dolar bat baino gutxiagorekin bizi dira 1.100 pertsona munduan eta urtero hamaika milioi haur hiltzen dira gosez.

- giza eskubideen kontseilua: Giza Eskubideen Batzordea aldatu eta Kontseilua ezartzea da asmoa, baina organo berriaren zereginak zehaztu gabe geldituko dira. EB Europako Batasunak organo iraunkorra izatea defendatu zuen atzo, bere eragingarritasuna bermatu ahal izateko. Kontseilu berrian, ildo horretan, kide kopurua murriztea proposatzen dute. 1946. urtean eratutako batzorde horretan 53 kide daude egun.

Orain arte giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten herrialdeek parte hartu dute batzordean, tartean, zuzendaritzan. AEBek, Egiptok,Errusiak, Pakistanek eta Indiak, zentzu horretan, goi bilera boikotatzeko eta proposamenak blokeatzeko asmoa dutela ohartarazi zuten atzo gobernuz kanpoko hainbat erakundek.

- 'Terrorismoa': Terrorismoaren definizioa egiteko garaian adostasuna lortzeko zailtasunak dituzte herrialdeek. Zibilen kontrako erasoak inondik inora ezin direla justifikatu dio hasierako txostenak eta litekeena da puntu hori azken dokumentutik ezabatzea. Herrialde arabiarrak okupazioari aurre egiteko erresistentzia eskubidea defendatzearen aldekoak dira. Herrialde arabiar eta ez arabiarren arteko ezadostasunak gero eta ageriago gelditzen ari dira erakundean.

- Armen ugalketa: Armak bakearen mehatxu handiena direla zehazten du adituen proposamenak. Washingtonek potentzia handiek dituzten arma nuklearren inguruan dauden erreferentziak kendu nahi ditu bertatik. Garapen bidean dauden herrialdeak armak garatzearen kontra irmoki azaldu da.

- bakerako batzordea: Bake bidean dauden estatuei laguntza ematea izango litzateke batzorde honen xede nagusia. Segurtasun Kontseiluak berak batzordea kudeatzea nahi du Washingtonek. Asanblea Nagusiaren zeregina dela hori argudiatzen dute, berriz, garapen bidean diren herrialdeek.

- babeserako ardura:Kanadak proposatutako kontzeptua da. Genozidio eta garbiketa etnikoen aurrean agintariek pertsonak babesteko betebeharra dutela jasotzen du kontzeptuak. Horrela egin ezean, gobernuak zigortzeko eskubidea emango luke neurri honek. Kasu horietan nazioarteko indarrek esku hartzeko baimena izango lukete. Honen aurrean mesfidati agertu dira hainbat herrialde.



Datua



60

Nazio Batuen Erakundeak 60 urte beteko ditu urriaren 24an. 1945. urteko egun horretan berretsi zuten urte bereko ekainean 50 estatuk sinatutako Nazio Batuen Karta. Erakundeak hurrengo urteko urtarrilaren 10ean egingo zuen aurreneko bilera. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente izandako Franklin D. Rooseveltek erabili zuen aurreneko aldiz izen hori 1942. urtean, II. Mundu Gerran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.