Boikotak suminduta

AEBek «babes osoa» adierazi diote Israeli, boikot ekonomikoari buruzko adierazpenek Tel-Aviven haserrea piztu ostean«Estatu judu baten onarpena» exijitzen du Netanyahuk, PANekin ituna sinatzeko

Ion Orzaiz.
2014ko otsailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urduri dago Tel-Aviv. Haserre. Hamasekin, PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin, Irango Gobernuarekin, Europako Batasunarekin. Haserre munduarekin. Baita aliatu hurbilenekin ere. Besteak beste, nazioartean indar handia hartu duen BDS mugimendua dago amorru horren oinarrian: Israelen kontrako boikotak, desinbertsioak eta zigorrak sustatzen dituen kanpaina. Hasiera batean «palestinarren propaganda saio ezdeusa» zena «mehatxu estrategiko» bihurtu da azken urteetan —Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren hitzak dira— eta, horregatik, boikot hitza aipatze hutsak kirioak dantzan jartzen dizkio sionismoaren sektore eskuindarrenari.

Israelgo Gobernuaren eta PANen arteko bake negoziazioek porrot egiten badute estatu sionistaren egonkortasun ekonomikoa eta segurtasuna «ispilatze huts» bihur daitezkeela esan zuen AEBetako Estatu idazkari John Kerryk larunbatean. «Egungo egoerak ezin du iraun. Irudipen bat besterik ez da. Egonkortasuna eta bakea azalekoak dira, behin-behinekoak. Horregatik, bake prozesuak huts egiten badu, kalteak larriak izan daitezke guztiontzat. Israeli zilegitasuna kentzeko kanpaina bat abian da, eta jende anitzek babesten ditu halako ekinbideak. Boikotari eta bestelako zigorrei buruzko zurrumurruak gero eta ozenago aditzen ditugu», gaineratu zuen diplomaziaburu estatubatuarrak.

Israelgo Gobernuko zenbait sektorek «mehatxu onartezintzat» jo dituzte Kerryren adierazpenak, eta bidea eman diote Netanyahuri boikoterako deialdiaren kontra hitz egiteko. Israelen aurkako kanpainak «moralgabeak» eta «justifikaziorik gabekoak» direla azpimarratu du lehen ministroak, haren ustez, «palestinarren intrantsigentzia xaxatzen dutelako». Netanyahuren kabineteko beste zenbait kargudunek ere kritika gogorrak egin dizkiote AEBetako Estatu idazkariari. «Presio ekonomikoak ez du Israel menderatuko», adierazi du Naftali Bennet Ekonomia ministroak.

Washingtonen eta Tel-Aviven arteko arrakala, ordea, azalean gelditu da. Israelen erreakzioa ikusita, «babes osoa» adierazi dio Kerryk Netanyahuri, eta boikoterako deialdiak «ezbairik gabe» arbuiatzen dituela azpimarratu du. «Kerry Estatu idazkariak hiru hamarkadako eskarmentua du Israelen ongizatearen eta segurtasunaren defentsan», gaineratu du AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Jen Psakik.

Israelgo Gobernuko Justizia ministro eta negoziazio taldeko buru Tzipi Livnik ere Kerryren alde egin du, eta AEBak «lagunak» direla gogorarazi die bere gobernukideei: «Lagun batek mehatxu baten berri ematen digunean, ezin dugu lagun hori kritikatu. Hark ez gaitu mehatxatu». Horrez gainera, «Israelen kontrako ekintzak saihesteko» Kerryk egin duen «lan eskerga» nabarmendu du Livnik: «Kritikatu dutenetako askok nik dakidan guztia ezagutuko balute, lotsaz gorrituko lirateke».

PANen eta Israelen arteko bake negoziazioez eta AEBek aurkeztutako esparru hitzarmenaz solastatzeko bilera egin zuten Kerryk eta Livnik igandean. Handik ordu gutxira, AEBetako Estatu idazkariak telefonoz hitz egin zuen Netanyahurekin, Haaretz berripaperaren arabera, bi gobernuen arteko desadostasunak konpontzeko eta «bake negoziazioak bideratzeko».

Israelen kontrako boikotak eta isunak sustatzen dituen BDS kanpaina 2005. urtean sortu zuten Palestinako erakunde eta sindikatu nagusiek, «okupazioa, koloniak, harresia eta arabiarren kontrako arrazakeria» zigortzeko. Ordutik, babes handia lortu dute nazioartean: besteak beste, Herbehereetako PGGM aurrezki kutxak Israelgo bost bankutan zituen inbertsioak eten ditu «arrazoi etikoak» argudiatuta, Norvegiako Finantza Ministerioak bere pentsio funtsetik kanpo utzi ditu Danya Cebus eta Israel Investments konpainia israeldarrak, eta AEBetako Ikasketa Amerikarren Elkarteak «boikot akademikoa» hasi du sionisten kontra. 2007tik aitzinera, kanpaina horiek eta beste askok Israeli eragindako kalte ekonomikoak «milaka milioi eurorenak» izan direla uste dute BDS mugimenduaren sustatzaileek.

Estatu «judua» ezbaian

Israelgo Gobernuak ukatu egiten du hori guztia, baina dirutza xahutzen du urtero, boikotaren kontrako ekintza propagandistikoak sustatzeko. Izan ere, BDS mugimenduaren helburuetako bat «Israelen bizi diren herritar arabiarren oinarrizko eskubideen aitorpena» da, eta Netanyahuren kabineteak ez du halakorik onartu nahi inondik inora.

Israel «estatu judu» gisa onartzea da Netanyahuk PANeko ordezkariei bake negoziazioetan jarri dien baldintza nagusietako bat. BDS kanpainako sustatzaile den Omar Bargutiren arabera, ordea, «bazterkeriari ateak zabaltzea» izanen litzateke hori: «Gure mugimenduak lege berdintasuna eskatzen du palestinarrentzat, eta hori oso kezkagarria da Israelen ikuspuntutik, kolokan jartzen baitu estatu juduaren kontzeptua. Eskubide berdintasuna mehatxu bat da haientzat, herri juduarentzat propio sortutako estatu judua izatea baita Israelen nortasunaren funtsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.