Boko Haramen aurkako nazioarteko erasoaldia hasi dute Nigerian

Nigerko eta Txadeko armadek adierazi dute bi herritatik bidali dutela muturreko talde islamista.Boko Haramek leialtasuna adierazi dio Estatu Islamikoari.Hilaren 28an bozak dituzte Nigerian

Nigeriako armadako soldaduak Chibok hirian, ipar-ekialdeko Borno estatuan, joan den astean. HENRY IKECHUKWU / EFE.
mikel rodriguez
2015eko martxoaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mugimendu politiko eta militar handiko hilabetea izaten ari da Nigerian, eta bukaerara arte hala izanen dela espero da. Hauteskunde orokorretarako hemezortzi egunen faltan, Boko Haramen aurkako nazioarteko lehenbiziko erasoaldi antolatua hasi da herrialdearen ipar-ekialdean. Txadeko eta Nigerko armadek elkarrekin ekin diote muturreko talde islamistaren aurka, eta, atzo jakinarazitakoaren arabera, hiru herritatik bidali dute. Boko Haramek EI Estatu Islamikoari leialtasuna adierazi eta biharamunean hasi dute haren aurkako erasoaldia. Hauteskundeen kanpaina betean, gerra orain arte ikusi gabeko fase batean sartu da Nigerian.

Nigerko armadak atzo adierazitakoaren arabera, Nigerko hego-ekialdeko muturretik sartu ziren bi armadetako zutabe motorizatu bana, eta bi herrialdeetako abiazioaren bonbardaketen laguntza izan dute aitzinera egiteko. Malamfatori eta Damassack dira Boko Harami kendu dizkioten herriak, iturri horrek dioenez. Iaztik, Boko Haramen gatazkak Nigeriako mugak gainditu ditu, talde horrek lehenik Kameruni eraso ziolako, eta ondoren Txadi eta baita Nigerri ere; hain zuzen, Nigeriarekin ipar-ekialdean muga egiten dute hiru herrialdeei. Nigeriako Gobernuaren baimenarekin, Txadek Kamerunekin batera joan den hil hasieran hainbat eraso koordinatu zituen Nigeriako lurretan. Oraingoa, operazio zabal baten hasiera dela erran dute.

Izan ere, erasorako hasitako operazioaz gain, joan den ortziralean AB Afrikako Batasunak ofizialki osatu zuen 8.000 soldadu baino gehiagoko nazioarteko indar bat. Indar horren zeregina ez da izanen Boko Harami erasotzea, Txad lakuaren Nigeriako aldea okupatu eta segurtasuna bermatzea baizik. Aintzira horretan muga egiten dute Nigeriak, Nigerrek, Txadek eta Kamerunek, eta Boko Haramek eremu batzuk kontrolpean dauzka, eta maiz egin ditu erasoak inguru horretan.

Boko Haram 2009. urtean matxinatu zen, Nigeriako armadak buruzagitza atxilotzeko egindako operazio handi baten ondoren. Ordutik, 13.000 lagun inguru hil dira gatazkan, gehienak zibilak. Nigeria iparraldean musulmanak dira gehiengoa, eta estatu islamiko bat ezarri nahi du Boko Haramek. Gerrillaren aurkako borrokan Nigeriako armadak eraginkortasun eskasa erakutsi du, eta, gehienbat AEBen eta Frantziaren presioen ondoren, ondoko herrialdeek bere lurraldean esku hartzea onartu du.

Joan den larunbatean, Boko Haramek bideo bat argitaratu zuen Interneten, EI Estatu Islamikoari leialtasuna adieraziko diola jakinarazteko. Nazioartean hori egin duten taldeen artean azkarrenetakoa da Boko Haram, Libiako eta Sinaiko (Egipto) miliziekin batera. Nigeriako armadaren arabera, ordea, adierazpen hori ahultasun seinale bat da. «Izua sortu nahi du nazioarteko laguntza eskatuta, baina ez zaio inoiz etorriko aurki ikusiko baitugu matxinadaren bukaera Nigerian», adierazi dio BBCri Sami Usman Kukasheka koronelak. Larunbatean bertan, Boko Haramek atentatu suizida hirukoitz bat egin zuen Maiduguri hirian—gutxienez 59 lagun hil zituen—.

Armadaren hedapena

Goodluck Jonathan presidenteak kanpainan gutxi aipatu du Boko Haram. Hauteskundeak otsailean ziren egitekoak, baina ipar-ekialdean Boko Haramen ondorioz egoera ezegonkorregia zelako, hil honen 28ra arte gibelatu dituzte. Ikusteko dago hiru aste baino gutxiagoan zenbat aldatu litekeen egoera. Hauteskundeetarako armadaren hedapen berezi bat agindu du Jonathanek, baina oposizioko hautagai batzuk kexu agertu dira; haien boto emaileak «izutzeko» helburuz aritzea egotzi diote presidenteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.