Boli Kostan gerra zibila piztu ez dadin azken ahalegina izan daitekeena egin dute bitartekariek. Laurent Gbagbori immunitatea eskaini diote boterea utz dezan. ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoko ordezkariek egin diote proposamena presidente ohiari. Raila Odinga Kenyako lehen ministroa dago herrialdera joandako ordezkarien artean, eta, haren ustez, immunitatea eta amnistia bermatzea da krisiari irtenbide baketsua emateko azken aukera.
Indar militarrak baliatu behar ez izatea espero duela jakinarazi du Odingak. Gbagbo, baina, ez dirudi amore emateko prest dagoenik. Eskaintzari uko egingo diola iragarri baitute hainbat iturrik. Alassane Ouattara jarduneko presidenteak, hartara, deia egin dio beste behin nazioarteari gatazkari irtenbidea emateko, horretarako esku-hartze militarra baliatu behar baldin badu ere. Tentsioa, izan ere, egunetik egunera areagotuz doa, eta, enfrentamenduez gain, ugariak dira oposizioko jarraitzaileen kontrako urraketak. Amnesty International erakundeak berak salatu du jendea bahitu eta desagerrarazi dutela iragan azaroaren 28ko bozez geroztik. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak zehaztu du jada 170 lagun hil direla eta beste milaka errefuxiatu behar izan dutela; egunero 400 eta 500 lagun artean iristen dira mugara, eta 18.000 lagunek zeharkatu dute jada muga.
Zatiketa
Youssouf Bakayoko Hauteskunde Batzorde Independenteko presidenteak berretsi du botoen %54,1 eskuratu zituela Ouattarak. Gbagbok, baina, ez ditu emaitzak onartzen, eta botereari eusten dio nazioarteak presidentetza uzteko ultimatuma eman badio ere. Bost urtez luzatu zen gerra zibiletik (2002-2007) zatituta dago Boli Kosta.
Boli Kostako Gobernua utz dezan immunitatea eskaini diote bitartekariek Gbagbori
Afrikako ordezkariek jakinarazi dutenez, amnistia da esku-hartze militarra saihesteko azken aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu