Adela Castillo andereñoa Potosi departamentuko errepide mozketetan parte hartzen ari da. Bere iritziz, Carlos Mesa presidentearen botere uztea «antzerki hutsa da, benetako arazoei aurre ez egiteko komedia». «Mesa diskurtsoak botatzen aritu da, eta hitzekin arazoak ez dira konpontzen». Hala ere, Adelak onartu du dimisioak gauzak konplikatzen dituela.
Potosiko enparantza nagusian kontzentratu diren manifestari gehienek antzeko iritzia dute. David, Carla eta Shirley ikasleak «Boliviako hidrokarburoak nazionalizatu daitezen eta batzar konstituziogile bat osa dadin» eskatzeko ari dira protestan, «konstituzio berri bat idazteko». Daviden arabera, gaur egun Estatu Batuetako multinazionalek petrolioa eta gasa iturrian hartu eta atzerrira eramaten dute, Boliviarentzako ia etekinik utzi gabe. Horregatik nazionalizazioaren alde dago, multinazionalek zerga gehiago ordain ditzaten. Ikasle eta irakasleez gain, indigenek ere manifestazioa egin dute Potosin. Santiago Estrada Quispe CONAQ taldearen buruetako bat da (Curaca, kitxua hizkuntzan). Berak argi dauka gaur egungo krisialdi hau aspalditik datorrela, gutxienez 1996. urtetik. «2002 eta 2003. urteetan protesta baketsuak egin genituen, eta aurtengo otsailean La Pazera joan ginen martxa baketsu haundi batean», esan du, «baina gure eskariei kasurik ez zien egin presidenteak». Quisperen esanez, «krisialdi honen irtenbide bakarra batzar konstituziogile baterako deialdia egitea da, errekurtso naturalean gaineko legeak erreformatzeko eta herri indigenen parte-hartzea bermatzeko». Santa Cruz edo Tarija departamenduetatik datozen oihartzunen erabat kontrajarriak dira Potosikoak. Departamentu horietan autonomia gehiago lortzeko erreferenduma dute helburu sektore batzuek.
Lau eztabaidagai
Hauteskundeen data, Batzar Konstituziogilearen sorrera, hidrokarburoen nazionalizazioa eta autonomiari buruzko erreferendumaren deialdia dira azalean dauden eztabaidagai nagusiak. Ordea, gai horien atzean zatiketa faktore nagusiago batzuk bereiz daitezke, estrukturalagoak.
Faktore horietako bat demokraziaren funtzionamenduari dagokio. Demokrazia ordezkatzailea nolabait hustu egin dela dirudi, krisialdian sartu. Gizarte mugimenduak (nekazari, sindikatu, ikasle eta abar) demokrazia zuzena eskatzen ari dira, aspertuta daude orain arteko gobernuek behin eta berriz hautsi dituztelako beren promesak. Horregatik, 2003. urteko krisialdian ez bezala, presidente aldaketa ez dute nahikotzat jotzen eta hori dela eta kaleko protesta, errepide mozketa eta manifestazioekin aurrera jarraitzen dute eta areagotzen ari dira Bolivia osoan. Aurreko faktore honekin zerikusia du kitxua eta aimara herri indigenek Boliviako administrazioan eta bizitza aukeretan duten partaidetza txikiak. Nahiz eta populazio osoaren %56 indigenak izan (Munduko Bankuaren datuak), sistema politikoan baztertuta daude herri indigenak. Hiru aginte organoetan duten ordezkaritza oso txikia da. Bestalde, pobrezia eta aukera falta haundiena (lana, hezkuntza, osasun zerbitzuak eta abar) indigenek sufritzen dute. Ez da harritzekoa, beraz, kalean ari den jende gehiena indigena izatea: nekazariak, meatzariak, bestelako langileak eta langabetuak.Krisialdiaren hirugarren faktore estrukturala da ekonomiaren ezintasuna enplegua eta aberastasuna sortzeko boliviar gehienentzat. Azken 20 urteetan Boliviak jarraitu duen eredu ekonomiko neoliberalak ez dio erantzuna eman populazioaren gehiengoari, baina talde jakin batzuk asko aberastu dira. Talde horiek errekurtso naturalen esplotazioarekin daude lotuta (petrolioa, gas naturala, mehagintza, egurra, nekazaritza komertziala, eta ura), eta nazionalak zein atzerritarrak dira. Errekurtso naturalen nazionalizazio deiaren aurrean, Boliviako ekialdeko sektore hauek autonomia eskatu dute. Ekialde horretan biltzen dira, hain zuzen, errekurtso natural gehienak. Eredu (eta pribilegio) ekonomikoen inguruko eztabaida krisialdi honen erdian dago dudarik gabe.Aurreko faktoreei aurre egiteko kontsentsu minimo bat behar da Bolivian, baina kontsentsu hori urruti dagoela dirudi. Izan ere, gizatalde ezberdinek eta alderdi politikoek beren trintxeretan jarraitzen dute. Carlos Mesak trintxera horretatik ateratzeko keinua egin du presidentetza utziz. Baina datozen egunetan beste keinu asko egin beharko dituzte, alde guztiek, tentsioa murriztu eta krisiari irtenbidea bilatzeko.
BOLIVIA
Bolivia bidegurutzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu