BOLIVIA. HAUTESKUNDE OROKORRAK. Garaipen historikoaren atarian

Moralesek esku-eskura dauka bigarren agintaldia gaurko bozetan; erronka Batzar Plurinazionalean gehiengo osoa lortzea da

Kristina Berasain Tristan.
2009ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Bolivian mugarri bikoitza ezarriko du gaur Evo Moralesek. Buruzagi aimara garaipen historiko baten atarian izateaz gain -botoen %53 eta %69 artean eskuratuko ditu inkesten arabera-, presidentetzarako hauteskundeak jarraian irabazten dituen hautagai bakanetakoa izango da: Paz Estenssorok 1964. urtean berretsi zuen garaipena da aurrekari bakarra. Hala ere, ez da mugarri bat ezartzen duen aurreneko aldia; herritarren erdiak indigenak diren herrialde batean lehen presidente indigena bilakatu baitzen 2005. urteko abenduaren 18an -botoen %53,7 bildu zituen-. Aimara, kitxua, txikitao eta guaraniei eskaini zien garaipena orduan, eta, oraingoan, haratago joan eta, «martxan dagoen iraultza demokratikoan sakonduta», estatu eredu berri bat aldarrikatu nahi du.

Bolivian gaur egingo dituzten hauteskundeetan ez baita hegemonia jokoan dagoena, esku-eskura dauka hori presidenteak; estatua erreformatu ahal izateko proiektu politiko berri bat gauzatzeko nahikoa sostengua lortzea da erronka. Batzar Plurinazionalaren eserlekuen bi heren bereganatu beharko ditu horretarako MAS Sozialismorako Mugimenduak. Diputatuen Ganbera -130 ordezkari- eta Senatua -36 eserleku- biltzen dituen organo legegile hori martxan jartzea baita une honetan presidentearen lehentasun nagusia; hartara, indarrean jarri nahi dituen hainbat lege aurrera ateratzen ahalko ditu. Egungo Kongresua ordezkatuko luke botere exekutiboaren eta judizialaren oinarriak lantzeko zeregina izango duen Batzar Plurinazionalak -orain arte gutxiengoan aritu da MAS Kongresuan-. Moralesek Konstituzio berri bat onartu behar izan zuen urtarrilean, polemika ugariren artean, instituzio mailako aldaketa egin ahal izateko; hauteskundeetan berriz ere lehiatu ahal izateko aldatu baitzuen ituna.

Oposizioa zatituta

Orotara bost milioi lagunek izango dute bozkatzeko aukera gaurko bozetan -berez datorren urtean ziren egitekoak-, eta errolda biometrikoa baliatu dute aurreneko aldiz. Morales beste zazpi presidentegairekin lehiatuko da, eta oposizioa erabat zatituta egoteak are mesede handiagoa egiten dio. Manfred Villa hautagaiari 30 puntuko aldea atera dakioke presidenteak, eta zentroko alternatiba eratzen saiatu den hautagaiari, berriz, are zabalagoa; Doria Medinaren asmoek ez dute herritarren artean arraskatarik izan, eta gainontzeko hautagaien programa politikoak antzuak dira, eta apenas egin duten kanpaina hauteskundeetan.

Azken lau urteetako polarizazioaren ostean, izan ere, oposizioa soslai eskaseko buruzagiek osatzen dute egun. Podemos bera, orain arte oposizioko nagusia, ez da bozetan lehiatuko, eta oposizio tradizionala erabat ahul dago.

Batzar Plurinazionala eta presidentea aukeratzeaz gain, bost eskualdetako herritarrek erreferendum autonomikoak izango dituzte ere. La Paz, Oruro, Potosi, Cochabamba eta Chuquisacan egingo dituzte galdeketak, eta hamabi lurraldetan, berriz, autonomia indigenen inguruko erreferendumak. Jatorrizko herrien eskumenak zabaltzea aurreikusten du eredu horrek, tartean, indigenei euren tradizioen eta ohituren arabera erabakiak hartzea baimenduko lieke -Bolivian dauden 327 herrietatik hemeretzik aldarrikatu dute autonomia indigena-.

Indigenen begiko

Evo Morales buruzagi aimarak lau urteko agintaldian ahalegin berezia egin du historikoki baztertuta izan diren indigenak bizitzaren hainbat alorretan barneratzeko, baita alor publikoan ere, eta pobrezia tasa murrizteko. Urteetako injustizia hori kitatzeko asmoak eragin du, neurri handi batean, presidentea indigenen begiko izatea. Eta hark ere gerturatu nahi izan zuen hauteskunde kanpainako azken ekitaldian haiengana, haren gotorlekuan, El Alton: «Babesa ematea eskatzen dizuet proiektu politiko bihurtu den herri mugimendu hau aurrera eramateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.