Filipinak

Bongbong Marcos izango da Filipinetako presidentea

Ferdinand Marcos diktadore izandakoaren semeak aise irabazi ditu hauteskundeak, Leni Robredo bigarrenaren botoak halako bi lortuta. Manny Pacquiao boxeolari ohia izan da hirugarren hautagaia botoetan. Presidenteorde, berriz, Sara Duterte-Carpio izango da, Rodrigo Duterte egungo presidentearen alaba.

Bongbong Marcos, pasa den astean, kanpainako azken ekitaldian. FRANCIS R. MALASIG / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 10a
10:07
Entzun

Berriz ere marcostar batek aginduko du Filipinetan. Hala erabaki zuten hango herritarrek atzoko hauteskundeetan: Ferdinand Marcos Bongbong hautagaia izan da boz gehien bildutago hautagaia, hogei urtez Filipinetako diktadore izaniko Ferdinand Marcosen semea. Botoen %96 zenbatuta, 30,5 milioi boto baino gehiago eskuratu ditu, Leni Robredo bigarrenak halako bi baino gehiago —14,5 milioi boto jaso ditu hark—.

Robredo zen emakumezko hautagai bakarra, eta 2016an hark irabazi zituen presidenteorde izateko hauteskundeak, Marcosek baino boto gehiago bilduta. Orain, ordea, bestelakoak izan dira emaitzak, eta pazientzia eskatu die jarraitzaileei: «Badakit ez dela erraza emaitza hauek onartzea». Horretaz gain, bozketetan izandako irregulartasunak salatu ditu, eta protestak izan dira herrialdean.

Manny Pacquiao izan da hirugarren hautagaia botoetan, historiako boxeolaririk onenetakoa izandakoa. Zortzi kategoriatan munduko hamabi garaikur eskuratu dituen boxeolari bakarra da filipinarra, baina, dirudienez, trebeagoa zen ringean, politikan baino: 3,2 milioi boto lortu ditu, eta Marcosengandik urrun geratu da. Iazko irailean iragarri zuen boxeoa utziko zuela, 42 urterekin, presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko.

Marcostarren itzulera

Emaitza horiei esker, 1986an diktadura amaitu zenetik lehen aldiz izango du gehiengo osoa presidente batek. Marcostarrek, beraz, indartsu berreskuratuko dute aginte makila. Atzo egindako adierazpenetan, 64 urteko Bongbong Marcosek laguntzen jarraitzeko eskatu zien herritarrei: «Niregan konfiantza izaten jarraituko duzuela espero dut; asko dugu egiteko gure etorkizunaren alde».

Marcosek hauteskundeak irabazi izana ez da kasualitatea. 1986ko iraultza baketsuaren ostean, Marcos sendia Hawaiira (AEBak) erbesteratu zen, baina 1990eko hamarkadan itzuli zen Filipinetara, diktadore ohia hil zenean. Ordutik, pixkanaka, lehen zuten boterea berreskuratzen hasi ziren euren jatorrizko eskualdean, Ilocos Iparraldean.

Hala, desinformazio kanpaina bati esker iritsi da boterera Marcos: aitaren legatua berridatzi du, eta gorazarre egin dio hari, programa politiko jakinik aurkeztu gabe. Marcos diktadoreari kontu publikoetatik 9.500 milioi euro espoliatzea egozten diote, eta bere agintepean 3.257 lagun exekutatu zituzten, milaka torturatzeaz gain. Bongbong Marcosekin, printzipioz, Txinarekin dituzten harremanak hobetzen jarraituko dute Filipinek, Rodrigo Duterterekin egiten ari diren moduan. Ekainaren 30ean egingo dute presidente aldaketa, datozen sei urteetarako.

Duterte-Carpio, presidenteorde

Duterte ez da presidente izango aurrerantzean, baina ez da urruti ibiliko: alabak irabazi ditu presidenteordetzarako hauteskundeak, Sara Duterte-Carpiok. Marcosekin batera aurkeztu da hauteskundeetara, eta, presidente izango denaren moduan, emaitza bikainak eskuratu ditu (31 milioi boto baino gehiago). Botoetan, hurrengo hautagaiek 8,7 eta 7,8 milioi boz jaso dituzte, Duterte-Carpiorengandik urruti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.