Palestina. LGTB mugimenduak

Borroka anitz borroka bakarrean

Gizarte tradizionalaren barnean, genero eta sexu hesiak hausteko etengabeko erronkan dihardu Palestinako LGTB mugimenduak. Okupazioaren kontrako erresistentzia higituz, Israelek bultzaturiko homosexualitatearen «erabilera politikoa» deitoratzen du.

Harrotasun eguna Jerusalemen, 2008an. BERRIA.
Ane irazabal
Jerusalem
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Homosexualak dira Palestinan, eta arabiarrak Israelen. Dikotomia horri behin eta berriz aurre egin behar diote lurralde okupatuetan zein Israelen bizi diren queer palestinarrek. «Hierarkia sexuala apurtzea, gizarte homofoboaren eta patriarkalaren zama gainditzea eta Israelgo okupazioa borrokatzea dira Palestinan gehien bazterturikosektorea osatzen dugun LGTB Lesbiana, Gay, Trans eta Bisexualen egunerokoak». Horrela definitzen du Mahmud Abu Neda ekintzaile palestinarrak gay eta lesbiana izatearen erresistentzia.

Queer komunitatearen borroka gaztea bezain indartsua da Palestinan, eta hiru esparru nagusitan banatzen da: banakako babesa eskaintzea, tokiko ekimenak egitea eta mundu mailan ezarri den korronte nagusia desafiatzea. Erresistentziarako ilusioa aise sumatzen bazaie ere, Palestinako gay eta lesbianen mugimenduaren ordezkari izateari uko egiten dio komunitateak.

Testuinguru horretan, Al-Kaus (ostadarra arabieraz) sexu eta genero aniztasunaren aldeko Palestinako queer-ez osaturiko mugimendua da adibideetako bat. «Erakunde apolitiko moduan sortu zen Al-Kaus Jerusalemen, baina palestinarrak garen heinean, Israelgo gizartean nagusitu den arabiarren kontrako arrazakeriak borroka politikoa besarkatzera bultzatu gaitu», azaldu du Haneen Maikei mugimenduaren zuzendariak. Izan ere, Palestinan sexualitatea eta Israelen nortasuna ezkutatu beharrak asimilazio forma ezberdinak ukatzera derrigortu ditu. Hori dela eta, harresiaren bi aldeetara zuzentzen du Al-Kausek borroka, eta bi munduen artean Jerusalem da bateragune. «Gure nortasuna eta sexu aniztasuna argi dauzkagu, eta, beraz, aldarrikatu nahi dugu edonon eta edonorekin sexua arabieraz egiteko eskubidea daukagula», adierazi du Maikeik.

Mugimenduaren kontzientzia politikoa Tel Aviven estrategia berri baten erantzun gisa hezurmamitu zen. Bigarren intifadaren eta Libanoko inbasioaren ondotik, Palestinako okupazioa gogortzen zen bitartean, irudi berri bat erakusteko marketin kanpaina burutsua hasi zuen Israelek mundu mailan. Nazioarteko agertokiaren aurrean estatu moderno eta aurrerakoi gisa azaltzea zen helburua, eta, horretarako, homosexualen eskubideen aldeko diskurtsoa izan zuen ardatz kanpainak. Mundu mailako gay eta lesbianen komunitatea Tel Avivera erakartzeko ekimenek haientzat paradisu gisa ezagutzera eman du hiria.

Nolanahi ere, Palestinaren aldeko ekintzaileek gogor kritikatu dute estrategia, eta pinkwashing (garbiketa arrosa) deitu dute kanpaina. Okupazio militarra ezkutatu eta nazioarteko atentzioa desbideratu nahi duela salatu dute.

Abu Nedak «burbuila irreal» gisa definitzen du errealitatea: «Kolore desberdinez margotzen ditu Israelek bere injustiziak. Historia ezkutatzeko, basoak landatu eta berdez margotu zituen paisaiak. Palestinarrak gordetzeko, harresiaren kolore grisez pintatu ditu muga irrealak. Eta, arrazakeria ezabatzeko, arrosaz jantzi du Tel Aviv».

Estalkia kendu

Kolore guztietako Israelgo politikariek ondo barneratua dutekanpainaren marka. Iragan maiatzean, Benjamin Netanyahu lehen ministroak, AEBetako kongresuaren aurrean egin zuen hitzaldian, aipamen berezia egin zion gaiari: «Emakumeei harriak botatzen dizkieten eskualdean, homosexualak urkatzen eta kristauak epaitzen dituzten eskualdean, Israel ezberdina da. Duela ehun urte George Eliot idazleak adierazi zuen legez, Ekialdeko despotismoaren aurrean dirdira egiten duen askatasunaren izarra da estatu judua», adierazi zuen. Entzuleek zutik eta txalo zaparrada batez erantzun zioten.

Maikeiren iritziz, argia da Netanyahuren xedea: «Etengabeko konparaketa egin nahi dute ondoko herrialde arabiarrekin, eta progresistak, aurreratuak eta demokratikoak diren bakarrak direla erakutsi nahi dute. Mendebaldeko puzzle globalizatzailean primeran sartzen den pieza da Israel».

Tel Aviveko gobernuaren egituraketak, baina, ez du hala erakusten. Historiako kabineterik atzerakoienak gidatzen du Israel, Likud taldekatze eskuindarrak, Israel Beitenu muturreko alderdi nazionalistak eta Shas ultra ortodoxoen alderdiak sortu zuten koalizioaren ondotik. Gero eta eskuindarragoa eta kontserbadoreagoa izanik, begi bistan, kontraesankorra dirudi queer komunitatearen aldeko jarrera sutsuak.

Nolanahi ere, Sarah Schulman irakasleak «homonazionalismoaren» testuinguruan azaltzen du prozesua. Gay eta lesbiana zurien artean gailentzen ari da haien arraza edo nortasun erlijiosoa pribilegiatzeko joera, etorkinen kontrako eragileak eta islamofobiaren bozaramaile berriak bilakatu direlarik. Iragan astean The New York Times egunkarian publikatu zuen artikuluan argi azaltzen du Schulmanek fenomenoa: «Homosexualen eskubideen aldeko jarrerak sortu du herrialde bat aurreratua den edo ez definitzeko joera, homosexualekin nola jokatzen duen kontuan izanda. Israelen kasuan, soldadu gayak badirela azaltzea eta Tel Aviven irekitasun sexuala erakustea ez dira giza eskubideen adierazle osatuak».

Iritzi berekoa da Maikei, eta nabarmendu du pinkwashing terminoa Israelgo armadaren eredua erabiliz ulertzen dela hobekien. «Behin eta berriz aldarrikatzen dute lehen armada dela gay eta lesbianei aho betean soldadutza egiten uzten diena, baina berdintasuna aldarrikatzen badute ere, guztiz ezkutatzen dute armada hori beste herri bat okupatzen ari dela».

Gizartearen bazterketa

Palestinako LGTB mugimenduak indartsu dihardu okupazioaren aurka, baina bertako ekintzaile askoren mespretxua jaso ohi du. Askoren ustez, borroka politikoa bestelako borroka sozialen gainetik ezarri beharko litzateke, eta helburu horretan indarrak batu.

Nortasuna babesteko aburuz, tradizio eta ohituretan gorde da Palestinako gizartea azken hamarkadetan, eta borroken hierarkia ezarri izan da palestinarren adimenean. Garrantzitsua eta premiazkoa dena aukeratu, eta beste aldarrikapenak horren azpian ezarri dituzte zenbaitzuek. Okupazioak gizartearen ibilbide naturala oztopatu duela ukatu gabe, gatazkaren itzalean ezkutaturik inolako aurrerabiderik nahi ez duten herritar asko daude.

«Israelek inposatzen duen okupazioari aurre egin behar diogu, baina betiere gure gizartea eraikitzen jarraitzen dugun bitartean. Denboran geldituta gaude, esperoan, eta horrek gure gizartea eta kultura suntsituko ditu», nabarmedu du Maikeik. «Zer egin behar dut palestinarra eta lesbiana naizen heinean: itxaron? Ez dut bata edo bestea aukeratu nahi. Palestina aske bat nahi dut, baina askatasunaren zentzu zabalean».

Kasu horretan, legediak ere ez du testuingurua oztopatzen, ezta laguntzen ere. Palestina Jordaniako kode penala da oraindik, okupazioaren eraginez Gazak eta Zisjordaniak ez baitute eskumen osoko gobernagarritasunik. 1957an, Erresuma Batuko agintaldiaren garaitik jasotako sodomiaren kontrako legeak aldatu ziren, eta homosexualitatea deskriminalizatu egin zen. Geroztik, etxearen barruan mantendu da, logelaren pribatutasunean.

«Palestinan aski ezaguna da gizonak gizonekin oheratzen direla, eta hein handi batean onartu egiten da, baina bakarrik era pribatuan egiten bada. Emakumeen kasuan zailagoa da, haien askatasuna mugatuagoa delako. Ezin da homosexualitatearen inguruan hitz egin genero rolak desafiatu gabe», adierazi du Abu Nedak.

Etxetik atera eta borroka politikoa aldarrikatzen hasi denean pairatu du Palestinako LGTB kolektiboak gizartearen arbuioa, ostrazismoa eta kasu askotan indarkeria. Maikeiren esanetan, «gizarte homofoboa eta patriarkala da palestinarra, hori ezin da ukatu, baina oinarrietara jo behar dugu, homofobia adierazpen bat besterik ez delako».

Osama Jibat zinemagileak, homosexualitatearen inguruko film labur bat egin ondotik, Palestinako zenbait hiritan aurkezteko kanpaina hasi zuen Al-Kaus, Asuat eta Boikot, Desinbertsio eta Zigorren aldeko Palestinako Queer-ak erakundeen laguntzaz. «Betleemgo unibertsitatean, adibidez, gaiaren inguruko tabuak apurtzeko eztabaida antolatu genuen, eta, ondoren, filma erakustea zen helburua», dio Jibatek. Azken uneko presioen ondorioz, ezin izan zuten Zisjordanian aurkeztu.

Moldeak apurtuz

Nolanahi ere, Palestinako LGTB mugimenduak distantziaz begiratzen dio nazioarteko gay eta lesbianen komunitateari, eta berezko borroka aldarrikatzen du. Testuinguru horretan, Joseph Andoni Massad ikerlari palestinarraren Desiring Arabs (2007) (Arabiarrak Desiratzen) obra polemikoa aipatzen dute, behin eta berriz.

Herrialde arabiarretan homosexualitatea egon dela eta egon badagoela aldarrikatu zuen Massadek bere obran, eta nazioarteko erakundeen jokabidearen kritika zorrotza gauzatu zuen. Horrez gain, arabiar munduko sexualitarearen inguruko azterketa historikoa egin, eta Mendebaldeak zabaldu dituen usteak azaleratu zituen.

Massaden arabera, Mendebaldeko gay mugimenduak gidatzen duen «gizon zuria» heterosexualitatearen eta homosexulitatearen arteko banaketa zabaltzen saiatu da, horrelako kategoriarik egiten ez duten kulturetan. «Ahalegin misiolari» moduan definitzen duen banaketa horrek tokian tokiko komunitateetan egin dezakeen kaltea nabarmentzen du ikerlariak.

Maikei ere oso kritikoa da LGTBen eskubideen aldeko mundu mailako erakundeek Palestinan egiten duten lanarekin, eta kolonialismo eredu moduan definitzen ditu. «Honako hau adierazten digute: homosexualen eskubideak errespetatzen ez dituzuen arabiar zapalduak zarete, baina lasai, guk heziko zaituztegu. Ramallahen bulego bat ireki, eta esango dizuegu zer den gay eta lesbiana izatea eta nola jokatu behar duzuen».

Hori dela eta, Mendebaldearen joera nagusia baztertu, eta bertako ikusmoldetik espazio askeak eskaintzen saiatzen direla diote Palestinako LGTB mugimenduko ekintzaileek. Abu Nedak argi ikusten du: «Harrotasunaren desfileen ideia eta garena eta ez garena aitortu beharraren obsesioa desafiatzen ari gara. Gure errealitatearekin bat ez datozen burbuilak apurtu nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.