Borroka gogor baten emaitza

Guyana Frantsesak, inoizko protestarik masiboenetan murgildu ostean, akordio bat lortu du, Parisi eskatutako inbertsioak bermatzeko. 50 urteko «atzerapena» dutela salatu dute.

Borroka gogor baten emaitza.
ander perez zala
2017ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Historikotzat dute. Erreibindikazioak hainbat ziren, ekonomikoak, sozialak eta segurtasun arlokoak, eta sektore askotako ordezkariek eta herritarrek parte hartu dute —tartean, 37 sindikatuk—. Martxoaren 25ean Guyana Frantsesean abiatutako greba orokorrak bere fruituak eman ditu, eta ordezkariek akordio bat lortu zuten François Hollanderen gobernuarekin apirilaren 21ean, 3.000 milioi euroren inbertsioa lortuta: «Ahaztuak gintuzten. Akordioa abiapuntu ona da. Hasi besterik ez dugu egin», Pou Lagwiyann Dekole (Guyana Altxatzeko) mugimenduko eledunDavy Rimanek iragarri duenez—protestako eragileak batu dituen kolektiboa da—. Bost aste iraun du eskualdean inoiz izandako mobilizaziorik masiboenak.

Erdietsitako 3.000 milioi euroren inbertsioa bitan zatitzen da: batetik, 1.086 milioi euroko «larrialdizko plana»; besteak beste, bost lizeo eta hamar kolegio eraikitzeko eta kartzela bat sortzeko. Bestetik, mugimenduak eskatzen zituen gainontzeko 2.100 milioi euroak, baina zifra horren inguruan Parisek ez du behin betiko bermea eman, lerro artean irakurtzen bada: «Estatua engaiatzen da inbertsio plan gehigarri bat osatzera», ageri da akordioan. Guyanako diputatuek uste dute protestek jarraitu behar dutela, indar txikiagoz bada ere, inbertsio gehigarri horiek behin betiko bermatzeko. Dena den, orain, Guyana Frantsesa garatuko duten proiektuak sortzea da garrantzitsuena, Rimanek azaldu duenez. Lurraren %90aren jabetza, ordea, Frantziaren eskuetan dago oraindik.

Hamarkadetako arazoei irtenbiderik ez aurkitu izanak behin betiko lehertu zuen haserrea duela sei aste: osasun arloko baliabideak urritu egin dira, eskola gutxi daude, garraio publikoa falta da eta abar. Garraiatzaileek egin zuten grebarako lehen deia, besteak beste Frantziaren ordainketen beranta salatzeko, eta herritar andana bat elkartu zitzaien; egoera «eutsiezina» zen, argudiatu zutenez. Hor piztu zen haserrea. Joana Falxa Guyanako Unibertsitateko Zuzenbide irakasleakBERRIAri adierazi dionez, arazoak egiturazkoak dira: «Politika lokal klientelista dago; gutxiren esku dago dena. Eta gutxiren esku uzteko borondatea ere badago ».

Okupaziotik manifestaziora

Ekinaldi asko izan dira protesta asteetan: sinbolikoena, Guyanako Espazio Estazioaren okupazioa, 1965. urtean eraikia Charles de Gaulle presidentearen aginduz, Guyana «ahaztua» zutelakoan. Arianespace enpresak indar handia du Guyanako ekonomian, baina asteotako jarduera bertan behera utzi behar izan du. Esaterako, Hego Koreako eta Brasilgo sateliteak orbitan jartzekoa zen Ariane 5 suziria, baina okupazioak eta protestek behin-behinean utzi dute jaurtiketa. Manifestazio jendetsua ere egin zuten 10.000 herritarrek Kouroun, eta herrialdea barrikadaz josi zuten. Akordioa lortuta, barrikadak kendu dituzten arren, okupazio horrekin jarraitzea erabaki dute, sinboloaren indarraren jakitun.

Akordiorako bidea ez da oparoa izan. Lehen negoziazioek porrot egin zuten, eta Frantziako Itsasoaz Haraindiko ministro Ericka Bareigts eta Barne ministro Matthias Fekl akordiorik gabe itzuli ziren Parisera. Orduan zaila zirudien akordio batek, baina, azkenean, lortu dute.

«50 urteko atzerapena dugu, asko eta asko pobreak dira; ez duzue horretaz ohartu nahi». Hori izan zen mugimenduaren mezua. Frantziak presidente berria izango du astebetean, eta hari dagokio akordioa errespetatzea.

Eskualde pobrea

Frantziak Hego Amerikan duen kolonia bakarra da Guyana Frantsesa —XVII. mendean kolonizatu zuten—, eta 1946tik du DOM-ROM itsasoz haraindiko departamendu estatusa. Frantziako eskualde handienetan bigarrena da —82.00 kilometro koadro—, baita biztanleria gutxiena duena ere—250.000, erdiek 25 urte baino gutxiago dute—, INSEE Frantziako Estatistika eta Ekonomia Ikerketen Institutuaren arabera. Immigrazio handia du, inguruko herrialdeetatik batez ere —Brasilen eta Surinamen artean dago—: biztanleen %35ek atzerriko nazionalitateren bat dute. Eta populazioaren banaketa desorekatua da, geografiaren ondorioz: herritarren %90 kostan bizi dira, eremuaren %2an; gainontzekoa, oihan amazonikoz osatutako eremuan.

Guyanarren egoera ekonomikoa ez da hobetu aspaldian. Langabezia handia dute, %22,3 —gazteen artean %46—, Frantziakoaren bikoitza baino gehiago, eta frantziarrek baino %30 gutxiago irabazten dute. Horri gehitu behar zaio egunerokoa askoz garestiagoa dela, Frantziakoarekin konparatuz gero —%12 gehiago; batzuetan, %45 gehiago—. Tokiko ekoizle gutxi daudenez, inportazioen beharra gailendu da, baina produktuak sartzeko tasak handiak dira, herritarren kalterako. Pobreziaz ohartarazi du Falxak: «Izugarrizko desoreka dago. Hemengo BPGa [barne produktu gordina] biztanleka oso altua da, batez bestean, baina, egiaz, %40 pobrezia mailaren azpitik bizi dira. Hau da, jende oso aberatsa eta oso pobrea dago. Eta hori agerikoa da, kalean aberatsak eta pobreak gurutzatzen dira. Aski bortitza da. Bata bestearen ondoan bizi da».

Egoera horren ondorioz, delinkuentzia tasa handia dute—17,2, 100.000 biztanleko—:42 hilketa izan ziren 2016an, eta indarkeriaz egindako 2.338 lapurreta. 500 Freres Contre La Delinquance (500 Anaia Delinkuentziaren Aurka) mugimendua sortu zuten egoera horri aurre egiteko —otsailean Cayenneko auzo batean izandako hilketa baten ondorioz osatu zuten—. Beren diskurtsoaz ohartarazi du Falxak: «500 anaien diskurtsoa segurtasunik ezari buruzkoa da, eta horri loturiko ekintzak hasi zituzten otsailean. Horren inguruan, kontzientzia pizten ari dira, baina arriskua da milizia gisa jokatzea, eta dena bere kabuz egitea. Beren diskurtsoa immigrazioaren aurkakoa da. Jendearen sostengua ikusita, eta hedabideekiko irudia mantentzeko, diskurtsoa zuritu dute, baina bideo batzuetan ikus daiteke immigrazioaren aurkako iritziak ematen dituztela».

2010eko urtarrilaren 10ean erreferenduma egin zuten Guyana Frantsesean, autonomia handitzeari buruzkoa, eta ezezkoa gailendu zen —botoen %69,8—. «Aldarrikapen autonomistak eta independentistak agertu dira protestetan. Biztanleria zatitzen duen gai bat da», uste du Falxak. Baina ohartarazi du herritarren zati baten aldarria dela, ez gizartearena: «Badirudi autonomia handiagoa aldarrikatu dutela. Nire ustez, erraz lor dezakete berriz bozkatzeko aukera, baina ez naiz ziur galdeketaren emaitza zein izango den. Ezezkoa berriz gailendu daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.