Borroka zelai malkartsuena

Iraken kontraerasora jo du EIk, eta Ramadin sartu da, Al-Anbarko hiriburuan.Suniten gotorlekua da probintzia, eta jihadisten esku dago iaztik.Armadak apirilean hasi du hura hartzeko erasoaldia

Borroka zelai malkartsuena.
Adrian Garcia.
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ez dio asko iraun Irakeko armadari Tikrit hiria hartu osteko ospakizunak. EI Estatu Islamikoak kontraerasora jo du, eta Al-Anbar probintziako hiriburuan sartu da, Ramadin. Herenegun hasi zuen hiria hartzeko erasoaldia; aldirietako hiru herrixka hartu eta iparraldeko bi auzo bereganatu zituzten. Atzo erasoa indartu zuten muturreko islamistek, eta gobernuaren eraikinen aurkako eraso suizidak eta bonbardaketak egin zituzten. Probintziako agintariek ohartarazi dute Bagdadek bidalitako errefortzuak ez direla nahikoak jidadistak geldiarazteko. AEBek gidatzen duten koalizioaren erasoek lagunduta eutsi diete erasoari. Sunitak gehiengo dira Irakeko mendebaldeko Al-Anbar probintzia zabalean. 2013. urtearen amaieran hainbat tribu sunita matxinatu egin ziren xiitek osatutako gobernuaren aurka, eta EIko —Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa zen orduan— borrokalariekin batera Falluja, Ramadi eta probintziaren zati handiena hartu zuten iazko urtarrilean.

Hain zuzen ere, Irakeko lehen ministro Haider Al-Abadik Al-Anbar jo zuen helburutzat Tikrit hiria berreskuratu ondotik, Bajiko petrolio findegiarekin batera. Apirilaren 8an hasi zuen armadak probintzia bereganatzeko erasoaldia. «Aldi berean hasiko ditugu [kanpainak]. Baji eta Al-Anbar».

Baina jihadistek mugikortasun handia erakutsi dute, eta azken hilabeteetan atzera egin arren—AEBen arabera, Iraken lurraldearen laurden bat galdu dute—, Irakeko armada ezustean harrapatzeko gai izan dira. Armadak jakinarazi duenez, herenegun borroketan 25 militar hil zituzten jihadistek, eta hartutako eremuetan polizia etxeak leherrarazi zituzten. Atzo, berriz, erasotzaile suizida batek autoa Ramadiko polizia etxe baten aurka zartarazi zuen, eta ondorengo borroketan hiru polizia, bost jihadista eta zazpi zibil hil ziren. Bestalde, armadaren alde lerratu diren tribu suniten buruzagien etxeak leherrarazi dituzte jihadistek.

Halere, Barne Ministerioak adierazi du galdutako auzo bat eta herrixka bat berreskuratu dituztela errefortzuak iritsi ostean. Irakeko Gobernuaren arabera, armadak hirigunearen kontrolari«irmo» eusten dio.

Jihadistek aurrera egin dutela ikusita, Ramadiko herritar askok ihesari eman diote. Sattar Nowruz Irakeko Migrazio eta Errefuxiatuen ministroaren arabera, bi mila familia inguru Bagdadeko mendebaldeko eta hegoaldeko auzuneetan babesa hartu dute. Ministroaren arabera, errefuxiatuen egoera «larria» da. Kanpadendak, janaria eta bestelako giza laguntza bidali ditu gobernuak.

AEBen amesgaiztoa

Lan nekeza izango du Bagdadek Al-Anbar probintziaren kontrola hartzeko. Suniten gotorlekua da, eta EIren esku egon da azken urtean. AEBen hegazkinen babesa izan arren, hiru aste pasatxo behar izan ditu armadak Tikrit hiria hartzeko —260.000 biztanle zituen 2003ko AEBen inbasioaren aurretik—. 1,5 milioi biztanle bizi dira Al-Anbarren,140.000 metro koadroko eremuan. Desertu handi batek osatzen du probintzia, eta Bagdaden mendebaldeko atea da; Damaskorekin eta Ammanekin lotzen dituen autobideek zeharkatzen dute eskualdea.

Inbasioaren ostean, AEBetako tropen erronka nagusia izan zen. Saddam Husseimen gobernua erortzean, Baath alderdiko kide asko, muturreko militanteak eta Al-Qaedako kideak bertan ezkutatu ziren, eta kanpoko indarren aurkako segadak prestatu zituzten. Estatubatuarren amesgaiztoa izan zen: 1.300 bat soldadu hil zituzten, gehienak Falluja eta Ramadi inguruetan.

Al-Qaedari aurre egiteko, AEBetako David Petraeus jeneralak Iratzarri taldeak sustatu zituen. 50.000 suni militanteek osatutako indarrak ziren, eta muturreko islamistak kanporatzeko eta segurtasuna mantentzeko erabili zituen Washingtonek. Baina ikusteko dago orain tribu sunitek hartuko duten jarrera. Izan ere, 2008an Nuri al-Maliki Irakeko orduko lehen ministroak taldeok desegin zituen, xiiten gobernuaren aurka matxinatuko ziren beldur. Gainera, tribu suniten buruzagien eskaerei entzungor egin zien, eta armadatik eta botere guneetatik baztertu zituzten. Horrek erein zuen, neurri handi batean behintzat, tribu suniten eta EIko militanteen arteko ulermenaren hazia.

Milizia sunita batzuk Irakeko Gobernua laguntzeko prest agertu badira ere, beste batzuk uzkur ageri dira, indar xiiteen errepresalien beldur. Bestalde, Bagdaden ez dute egoki ikusten aliatu sunitei armak helaraztea.

Edonola ere, Irakeko armadarentzat EIren aurkako epe luzerako helburu estrategikoa da Al-Anbar, ezinbestekoa jihadisten Mosulerako hornikuntza bideak eteteko. Horrez gain, Siriako ekialdeko gotorlekuarekiko harremanak zailduko litzaizkieke jihadistei Al-Anbar galduz gero.

Sirian ere atzera eginarazi diote Estatu Islamikoari. Damaskoko kanpoaldean, Yarmuk palestinarren errefuxiatu kanpalekuan sartu ziren iragan astean jihadistak, eta zati handi baten jabe egin ziren. Bada, Siriako Gobernuaren alde eta aurka dauden palestinar miliziek desadostasunak ahaztu eta batu egin dira islamistei aurre egiteko. Hamasek jakinarazi duenez, kanpalekuaren %40 berreskuratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.