SUDANGO GATAZKA

Borroken emaitzak

2005eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
atazka guztiak oraindik konpondu gabe baditu ere, badirudi azkenaldian pixkanaka, banan-banan, horietako batzuk konpontzeko bidean dituela Sudango herriak. Joan den urtarrilaren 9an hegoaldeko gerrillarekin, SPLA Sudan Askatzeko Herri Armadarekin, bake hitzarmena sinatu zuen Gobernuak eta herenegun oposizioko koalizio nagusiarekin, NDA Aliantza Nazional Demokratikoarekin, aurretiazko akordioa izenpetu zuen.

Hain zuzen ere, oposizioak joan den astean salatu zuen hegoaldeko matxinoekin Khartumek sinatutako hitzarmena gainerako talde politiko eta sozialei zabaldu ezean bake akordioak «porrot» egin zezakeela. Gobernuak eta SPLAk lortutako itunaren arabera, eratuko den gobernu nazional berrian egungoa 1989ko estatu kolpearen ondorioa da diputatu kopuru jakin bat alderdien artean banatuko dute, eta oposizioaren miliziak Sudango Armadan sartuko dituzte. Ildo horretan joango da, hain justu, igandean Gobernuak eta NDAk Kairon (Egipto) hitzartutako aurre akordioa. Atzerri ministro Mustafa Uthman Ismailek adierazi zuen balitekeela aurki preso politiko guztiak askatzea. Horietako bat oposizio islamistako buruzagi Hassan al Turabi da. NDA dozena bat pasatxo talde politiko, sozial eta sindikalek osatzen dute. 1989an sortu zuten, egungo presidente Omar al Bashirrek boterea estatu kolpea emanik eskuratu ondoren. NDAn, besteak beste, SPLAren adar politikoa (SPLM), Alderdi Demokratiko Unionista iparralde arabiarreko alderdi tradizional handietako bat, Alderdi Komunista, Baath alderdia, Beja Kongresua (Sudan ekialdekoa), SLM Sudan Askatzeko Mugimendua (Darfur eskualdekoa) eta SPLMtik at dauden hegoaldeko alderdi batzuen aliantza daude. Aitzitik, iparraldeko alderdi handietako bat, Umma Alderdia (islamista) ez dago NDAn.1990eko hamarkadan Khartumgo gobernuaren aurkari indartsua izan zen NDA; ekialdean kanpaina militarra hasi zuen orduan, Eritreatik abiatuta. NDAko eledun Hatem al Sirr Aliren esanetan, oraindik milaka ekintzaile armatu dituzte. Igandean Gobernuarekin hitzartua otsailaren 12an osatuko dute, akordio zabalago batez. Bi aldeon arteko elkarrizketek hainbat hilabete hartu dituzte Egipton, gorabehera askorekin. Bitartean, Kenyan SPLArekin negoziatzen aritu da Gobernua, eta Abujan (Nigeria), aldiz, Darfurko bi gerrilla talderekin

SPLArekiko akordioa

Sudango hegoaldean 1983an piztu zen guda zibila. Gobernuak Sudan osoan sharia, lege islamikoa, ezarri izanak gatazka pizten lagundu zuen, hegoaldea kristaua eta animista delako.

SPLAk ez du inoiz argi esan hegoaldearen autonomiaren ala independentziaren alde borrokatzen duen. 2004ko maiatzean akordioa lortu zuen Gobernuarekin, baina abenduaren 31 arte ez ziren konpondu beharreko auzietan adostu. Halaber, su-eten iraunkorra eta bake akordioa nola gauzatu zehaztu zuten. Hori guztia hezurmamitzen joateko ituna izenpetu zuten urtarrilaren 9an. Bi aldeetako ordezkariek osatutako batzorde batek akordioaren garapena koordinatu eta behatuko du.Akordioari jarraiki, bi aldeetako gerlariek 39.000 soldaduz osatutako armada berria gorpuztuko dute. Horrez gain, hegoaldea autonomoa izango da sei urtez eta 2011n independentziaren gaineko erreferenduma egin ahal izango du. Denbora tarte horretan sharia-k ez du hegoaldean indarrik izango, bai, ordea, iparraldean. SPLAk eskatu zuen Khartum hiriburuan, iparraldean egonik ere, lege islamikoa ez ezartzeko. Akordioa lortu arteko ezadostasun gehienak administrazioko funtzionario postuak bi aldeen artean banatzearen inguruan izan ziren. Azkenean erabaki zutenez, haien %70 Gobernuaren kontrolpean egongo dira eta %30 hegoaldeko autonomiaren esku. Gainera, erdiadeko hiru eskualdeok hegoaldekotzat jotzea nahi zuten gerrillariek, baina Gobernuak ezezkoa eman zion horri. Eskualdeok Abyei, Nilo Urdina estatua eta Nuba mendiak dira. Hauetan Gobernuak administrazioaren %55 kontrolatuko du eta eskualdeek %45. Bestalde, azken urteotan petrolioa esportatzeko gai izan da Sudan, eta SPLArekiko akordioak mozkinak nola banatu finkatu du. Gehienbat hegoaldean ekoizten dute petrolioa eta irabaziak erdi banatzean adostu dira.

Gainerako gatazkak

Nolanahi ere, hegoaldean eta mendebaldean (Darfurren) ez ezik, ekialdean eta iparraldean ere ez da gatazkarik falta. Ekialdeko beja etniak eta iparraldeko nubiek bete gabeko hainbat eskakizun dituzte. Ahots kritikoek diote hegoaldea nolabait ere baketuta, Armada Darfurko gerrillarien kontra lasaiago eta baliabide gehiagorekin ekin ahal izango diola orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.