fukushima

Bost egunetan 47 aldiz igo da Fukushimako uraren erradiazioa

Teknikariek ez dakite zergatik handitu den erradiazioa horrenbeste hain denbora gutxian. Zentralaren lur azpiko ur erradioaktiboak ingurutik filtratzen den ur berria kutsatzen du.

2013ko abuztuaren 6a
18:23
Entzun

Kutsatutako uraren metatzea da zentral nuklearra eraisteko lanen kezka nagusia. Joan den uztailaren 23an fabrikaren operadoreak —Tokyo Electric Powerek (TEPCO)— lehengoz onartu zuen ur erradiaktiboa itsasora iragazten ari dela.

Fukushimaren lur azpiko uraren erradiazioa geroz eta handiagoa da, eta geroz eta ur gehiago dago pilatuta: bost egunetan ur kutsatuaren erradiazioa 47 aldiz igo da, hots, litroko ia 56.000 becquerele.

Ur berriaren kutsadura oztopatzeko lurpean langa batzuk eraiki dituztela jakinarazi du TEPCOk. Horrela, ur kutsatua edukiontzi batzuetara ponpatu, bertan bildu eta ur berria kutsatzea ekidin nahi dute.

Lurpeko langetan ur gehiegi biltzen ari zenez, ponpatze lanekin lehenago hasteko gomendatu zion TEPCOri Japoneko Erregulazio Nuklearreko Aginteak. Horregatik, aste honetan ekin dio ur kutsatua ponpatzeari, hasiera batean hilabete bukaeran hasi behar zuen arren.

Txernobylen ondoren, ezbehar handiena

Fukushimako zentral nuklearreko ezbeharra (2011) Txernobyleko hondamenditik (1986) gertatu den okerrena izan da. 3.500 langilek lanean dihardute krisi atomikoa amaitzeko, baina, oraindik beste 30 edo 40 urte inguru iraungo duela aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.