Gutxienez bost lagun hil eta beste 22 zauritu dira atzo gauetik Libanoko iparraldean, Tripoli (Tarabulus, arabieraz), bi taldeen -sunitak eta alauitak- arteko borroketan. Azkenaldian elkarren kontra dabiltza bi talde horiek, granadak elkarri jaurtita eta frankotiratzaileen bidez tiroka. Gaur ere halako armamentua eta metodoak erabili dituzte, eta bi hil dituztenetako bi emakumeak dira, iturri ofizialen arabera. Gutxira armada bidali du Gobernuak Libanoko bigarren hiri nagusira. Su-etena negoziatu, eta 17:00etatik aurrera jarri dute indarrean.
Nagusiki sunita den Bal al Tebbane auzotik FM Etorkizunaren Mugimenduko ekintzaileak -Saad Hariri gehiengo parlamentarioko buruaren alderdia- aritu dira tiroka, ondoko Jabal Mohsen auzo nagusiki alauitan dauden ekintzaileen kontra. Biktima gehienak erdian harrapatu dituzte enfrentamenduek.
Borrokak atzo gauean hasi ziren, eta hainbat orduz iraun dute, gaur arte. Lehenbiziko su-etena 11:30ean saiatu dira indarrean jartzen, hainbat alderdiburu eta erlijiobururen arteko bileraren ostean, baina ekintzaileek ez dute errespetatu.
Libanoko armada uztail erdialdean hedatu zen Tripoli barruan, halako borrokak eragotzi nahian. Ekainaz geroztik 14 lagun hil eta 100 baino gehiago zauritu dituzte borroketan, horietako asko zibilak.
Alauitak musulman xiiten zatiketa bat dira, eta Ali imam-a gurtzen dute, Mahomaren suhi eta lehengusua zena. Libanon dauden 18 komunitate ofizialetako bat dira, eta Legebiltzarrean eserleku bat dute erreserbatuta. Hezbola alderdi eta gerrilla talde xiitaren aliatuak dira, baita Siriako Gobernuarenak ere. Sirian, hain zuzen ere, gutxiengo alauitatik ateratako elite batek agintzen du, gehiengoa sunita den arren. Libanon gehiengoa (%40 inguru) xiitak dira, baina sunitek, kristauek -hainbat elizatakoak- eta druzoek ere presentzia handia dute.
Gehiengo parlamentarioko diputatu Ahmed Fatfatek (Kiroletarako ministro ohia) gaur esan du iparraldean enfrentamenduak pizten diren aldiro talde batzuek presio politikoa egiteko erabiltzen dutela, "helburu politikoak lortzeko". Borroka horiek, berez, ez dira sektarioak, helburu politiko jakin batzuekin egindakoak baizik.
Gobernu berriak aste gutxi daramatza lanean, krisi luze baten ondoren koloka egon eta gero. Halere, oraindik ez dute ofizialki izendatu, Legebiltzarrean onartu edo errefusatu behar baitute diputatuek.
Hain zuzen ere, atzo gauean Hezbolaren -erresistentziako talde nagusietako bat, ezagunena- armen gaineko elkarrizketak atzeratzea erabaki zuen Michel Suleiman presidentea eta Fuad Siniora lehen ministroa buru dituen kabineteak.
Mundua
Bost lagun hil dira Libanoko iparraldean, bi taldeen arteko borroketan
22 lagun zauritu dituzte. Enfrentamenduak iparraldean gertatu dira, Tripolin, FM talde sunitako ekintzaileen eta ekintzaile alauiten artean. Armada hedatu dute eta 17:00etatik aurrera su-etena indarrean jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu