Bostekoa, erraldoi baten parekoa

Chavezek ebakuntza osteko xehetasunen berri zehatza baduela esan du Venezuelako presidenteordeak

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak, Hugo Chavezen «osasuna delikatua» aipatu eta gisa guztietako zurrumurru zaharrei haize berria eman zien berak, presidentea «indartsu» ikusi duela esan du, Kubatik Venezuelara itzuli aurretik. «Bostekoa eman, eta, hizketan ari ginen bitartean, erraldoi baten pareko indarrarekin estutu dit ezker eskua», adierazi du Madurok.

Habanan egin dituen bost egunetan Chavez bi aldiz ikusi duela argitu du Venezuelako presidenteordeak, Telesur telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, eta presidentea «ebakuntza ostean izaten ari den egoera gora-beheratsuaren inguruan jakitun» dela nabarmendu du. Chavezek, hain zuzen ere, «herria egiaz informatuta» mantentzeko eskatu ziola ere azaldu du Madurok. «Hala egin du gobernuak, abenduaren 11n presidenteari ebakuntza egin ziotenetik. Gaur 21 egun betetzen dira ebakuntza egunetik, egoera delikatua da, eta hor jarraitzen du, borrokan».

Minbizia berritu zitzaiolako egin zioten Chavezi bigarren ebakuntza, Kuban, eta ondoren arnas sisteman konplikazioak izan bide ditu. Ondorioz, Madurok igandean esamesen kutxa ireki ostean, hildakotzat jo dute hainbat komunikabidetan, hilzorian dagoela argitaratu dute beste hainbatetan, arnasketa artifizialeko aparatutik noiz deskonektatuko duten zain, eta urte amaierarekin haren aldeko otoitz aldiak ere antolatu dituzte Venezuelan.

Hugo Chavez agintera itzultzeko moduan izango ote den, hori da, finean, auzia. Urtarrilaren 10ean du berez Venezuelako presidente karguaren zina egiteko eguna, baina astebetean osatzeko itxaropenik ez dago. Horregatik, eztabaida bizia piztu da egun horretan huts egingo balu legezko zer ondorio leudeken. Venezuelako Konstituzioa ez baita batere argia alor horretan. Artikulu batek dio gobernuburuaren «erabateko absentzia» gertatuz gero agintea legebiltzarreko presidenteak hartu eta 30 eguneko epean hauteskundeak eginarazi beharko lituzkeela. Baina beste artikulu batek presidente karguaren zina eperik gabe atzeratzeko aukera zabaltzen du. Eta eztabaida horretan kateatu dira Chavezen aldeko eta kontrakoak.

«Oso egoera kezkagarria»

Iraultza bolivartarraren gidari nagusi bilakatu denaren aldeko guztiak ere ez dira, dena den, hain baikor ageri. Boliviako presidente Evo Moralesek, esaterako, Chavezen egoera «oso kezkagarria» dela esan zuen atzo, eta errezora emana dagoela erantsi: «Gure otoitzek lagunduko ahal diote Chavez anaia presidenteari bizia salbatzen!».

Chavezen jarraitzaileen artean, Heinz Dieterich soziologo alemaniarrak —XXI. mendeko sozialismoa esapidearen sortzaileak— ez du inolako aukerarik ikusten Venezuelako presidentea agintera itzultzeko. «Epe ertainean bizirik jarraitzeko aukerak txikiak dira. Ezinezkoa da presidente kargua berriro hartzea», adierazi dio Dieterichek Txileko La Tercera egunkariari.

Hugo Chavez bera gabe ere, nolanahi dela, chavismoak aurrera egin dezakeela adierazi du Dieterichek: «Ereduak balio du Venezuelarako, eta Madurorekin jarraitu egingo du». Hain zuzen ere, Chavezek bere hurrengo Maduro aukeratu izanaren arrazoia zein den azaldu du Dieterichek: «Chavezek sortutako proiektu politikoa fideltasunik handienarekin jarraituko duena bera da, eta itzal handia dauka herritarren artean: hauteskundeetan Caprilesi irabazteko gauza da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.