«Tamalgarria da: urte askoan ez dugu lortu agiririk adostea, ezin ginelako Kubari buruz ados jarri. Orain, Kuba mahaian eserita dago, eta ados jarri ezinik jarraitzen dugu». Hector Timerman Argentinako Atzerri ministroak etsipenez laburbildu du Ameriketako VII. Goi Bilerak lehenbiziko egunean eman duen itxura. Egun historikoa behar zuen atzokoak, 35 herrialdetako agintariak leku berean —Panama hirian— elkartzekoak zirelako lehenbiziko aldiz. Estatuburuek topo egin baino lehen, ordea, Atzerri ministroek egin diete aurrelana, eta agerian utzi dute iragarri zitekeena: akordio orokorrik gabe amaituko dela aurtengo goi bilera.
Kontinente osoari eta hura osatzen duten herrialdeen arteko harremanei eragiten dieten hainbat auzi izango dituzte hizpide atzo eta gaur egingo dituzten bileretan; besteak beste, merkataritza, migrazioa, pobrezia, osasuna eta hezkuntza. Gai horiei buruzko akordio orokor bat bilatzen ahalegindu dira goi bileraren aurreko hilabeteetan, eskualdeko erakundeentzako zeregin sorta bat adostuta. Panamara heldutakoan, ordea, agerian geratu dira Ipar Amerikako estatuen eta hegoaldekoen arteko desberdintasunak. Latinoamerikako hedabideen arabera, AEBak eta Kanada ez dira ados agertu hegoaldekoek egindako hainbat proposamenekin —batez ere osasun, enplegu eta ingurumen gaietan estatuek hartu beharreko funtzioari zegozkionez—, eta aldez aurretik iragarri dute itun bereiziak sinatuko dituztela gai horiei buruz.
Banaketa eragin duen beste auzia Venezuela da. Martxoan, Barack Obama AEBetako presidenteak hainbat zigor ipini zizkien, dekretu bidez, Nicolas Maduroren gobernuko kide batzuei, «segurtasun» arrazoiak aipatuta. Latinoamerikako gobernu gehienek babestu egin dute Venezuela, eta dekretua atzera botatzeko eskatu diote Washingtoni. Herenegun, aurrez aurre elkartu ziren bi herrialdeetako Atzerri ministroak, eta topaketa gatazkatsua izan zela aitortu du Delcy Rodriguez Venezuelakoak.
Goi bilerara heldu aurretik, giroa leuntzeko adierazpen batzuk egin zituen Obamak berak: zigorrak «giza eskubideen urraketak saihesteko» onartu zituela, baina ez duela uste Venezuela mehatxua denik AEBentzat, «ezta alderantziz ere». Hitzok itzal baten moduan jarraitu diote Panamaraino, eta Madurok estu hartu du azalpenak emateko. «Zergatik erabaki zuen Obama presidenteak dekretua sinatzea? Eta zergatik dio orain sinatu zuena ez dela sinatu zuena?». Venezuelako gobernuburuaren arabera, Caracas prest dago «aro berri bati» ekiteko AEBekiko harremanetan, «baina errespetuan eta bakearen diplomazian oinarrituta, eta ez interbentzionismoan».
Argazkiaren zain
Adostutako testurik ez, baina irudi esanguratsu batzuk eman ditu Panamako goi bilerak. Ostegun iluntzean —atzo goizaldean, Euskal Herriko orduan— elkartu ziren AEBetako Estatu idazkaria eta Kubako Atzerri ministroa. Bi herrialdeek blokeo diplomatikoa haustea erabaki zutenetik izandako bilera esanguratsuena da John Kerry eta Bruno Rodriguezen artekoa. Washingtongo eta Habanako kargudun altuenetan bigarrenak bildu ostean, antzeko zerbait espero zuten askok agintari gorenen aldetik; izan ere, Obama eta Raul Castro aurrez aurre egongo dira estatuburuen topaketan. Baina atzo, bederen, ez zen heldu esperotako argazkia. Etxe Zuriak jakinarazi du ez dagoela bi gobernuburuen arteko bilera ofizialik programatuta egun hauetarako, baina «elkarrizketa» bat izango dutela gaur, goi bileraren «ertzetan».
AEBen presioagatik, AEE Ameriketako Estatuen Erakundetik egotzita egon da Kuba 1962az geroztik, eta ez du gonbidapenik jaso estatuen goi bileretan parte hartzeko. Aurten, Washingtonek ez du trabarik jarri; neurri batean, Latinoamerikako gainerako estatuek gogor kritikatu izan dutelako asmo hori, eta, neurri batean, Habanarekiko harremanak arintzeko borondatearen keinu gisa. Berandu baino lehen espero da, halaber, Kuba «terrorismoa sustatzen duten gobernuen» zerrendatik kentzeko erabakia. Kerryk egina dio neurria berriz aztertzeko gomendioa presidenteari, eta, Senatuko atzerri gaietarako batzordeko buruak iragarri duenez, zerrendatik ateratzeko aholkatu dio. Orain, Etxe Zuriko batzorde batek aztertu beharko du, eta gero Obamari helaraziko dizkio ondorioak. Nolanahi ere, erabakia ez da helduko aurtengo Ameriketako Goi Bilera amaitu baino lehenago.
Horren ordez, hainbat hitzordu polemiko dakartza Obamaren Panamako agenda ofizialak. Besteak beste, Venezuelako oposizioko kideekin eta Kubako disidenteekin bilduko da, baita Ameriketan jarduten duten enpresa handienetako buruekin ere. Ordezkaritza horien presentziagatik hainbat istilu sortu dira bileraren atarian. Estatuburuen topaketaz gain, gizarte zibileko hainbat foro ere egin dituzte, proposamenak gero agintariei helarazteko. Haietako batzuk mahai bereizietan egin behar izan dituzte, Kubako Gobernuaren aldekoak eta aurkakoak liskartu egin direlako.
'Beste' agintariak ere, bertan
Aurtengo goi bileraren gai nagusiek ekonomiarekin dute zerikusia: herrialdeen garapen ekonomikoa, nazioarteko enpresekin dituzten harremanak, lankidetza proiektuak eta politika partekatuak, besteak beste. Enpresa handientzat galdu ezinezko aukera da negozioak egiteko eremu berriak atzemateko eta hitzarmenak arrantzatzeko. Horregatik, topaketa paraleloa egin dute Coca-Cola, PepsiCo, Berrick Gold eta Facebooken moduko konpainiek. Idatzizko proposamen bat aurkeztu diete Ameriketako estatuburuei, sektore publiko eta pribatuen arteko «konbergentzia handiagoa» eskatzeko, azpiegitura, energia eta merkataritza gaietan batez ere.
Kubako Kanpo Merkataritzako ministroa haiei mintzatu zaie propio, eta gogorarazi die bere herrialdea prest dagoela AEBetako enpresekin negozioak egiteko. «Baina ez dezagun ahatz blokeo ekonomikoa indarrean dagoela oraindik. Hark ez die soilik Kubari eta kubatarrei kalte egiten; negozioak egin nahi dituzten estatubatuarrei ere egiten die».
Bostekoak eta diosalak, baina akordio osorik ez
Estatuburuak elkartu aurretik, Ameriketako Atzerri ministroak bildu dira Panamako Goi Bileran.Ez da itun orokorrik egongo: AEBek eta Kanadak itun bereiziak sinatuko dituzte ados ez dauden gaietan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu