Boto bila, Jerusalemen

Mitt Romney AEBetako presidentetzarako hautagaiak Jerusalem Israelgo hiriburutzat jo izana salatu dute Palestinako agintariekIsraelera egin duen bisitan, errepublikanoa AEBetako juduen botoa erakartzen saiatu da

Arnaitz Lasarte.
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Guztiz onartezina da Jerusalem Israelgo hiriburua dela esatea». Palestinako agintariak isilik egon dira orain arte, Mitt Romney AEBtako presidentetzarako errepublikanoen hautagaiak Israelera egin duen bisitaren inguruan. Igande gauean Romneyk Jerusalemenen esandakoak, ordea, ez zaizkio gustatu PAN Palestinako Aginte Nazionalari, eta haserre agertu dira ordezkari bat baino gehiago. «Jerusalemen, Israelgo hiriburuan, egotea esperientzia hunkigarria da», adierazi zuen errepublikanoen hautagaiak. Romneyk, AEBetan bizi diren juduen botoak lortu nahi ditu, eta haien aldeko mezuak zabaltzen aritu da Israelen.

Alde horretatik, AEBek Tel Aviven duen enbaxada Jerusalemera mugitzeko asmoa erakutsi zuen, besteak beste. Nazioarteko komunitateak, ordea, Tel Aviv jotzen du Israelgo hiriburutzat, eta ez du horretarako baimenik ematen. Barack Obama AEBetako presidentea, hain justu, Jerusalemi buruzko eztabaidak saihesten saiatu izan da beti, eta horregatik kritikatu izan dute sektorerik gogorrenek. Errepublikanoen hautagaiak harreman horiek estutzeko nahia erakutsi du asteburuan. Jerusalemi buruz egindako aipamena urrats bat da bide horretan.

Saeb Erekat, PANeko negoziazio buruaren esanetan, onartezina da Jerusalem Israelgo hiriburua dela adieraztea, munduko ia herrialde guztiek hala onartzen ez dutenean: «Muturreko jarrerak, biolentzia eta gorrotoa bultzatu nahi ditu. Romneyren hitzek okupazioa saritzen du».

Mahmud Abbas Palestinako presidentearen aholkulari Nabil Abu Rdeineren ustez, Romneyren adierazpenak aurreko AEBetako Gobernuaren jarrerarekin kontrajarriak dira, eta bakerako akordio bat lortzeko bidea zailtzen dute. Yasser Abed RabboPANeko idazkari nagusiaren arabera, AEBetako politikariek «hipokresia» baztertu, eta «palestinarren eskubideen kontura» boto batzuk irabazteari utzi behar diote.

Batez ere, hori da agintari palestinarrek haserrea eragin duena; juduen botoak erakartzeko, etengabe Palestina gutxiesten aritzea. Atzo, adibidez, biztanleko Israelgo eta Palestinako BPG barne produktu gordina alderatu zituen, herrialdean egindako azken agerraldian. Bi herrialdeen arteko aldea —21.000 dolar israeldarrek; 10.000 palestinarrek—«Jainkoaren eskuari» zor zaiola esan zuen Romneyk.

Romney Israelgo hainbat agintarirekin bildu da asteburuan: Simon Peres presidentearekin, Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin eta oposizioko buru den Shaul Mofazekin. Salam Fayyad lehen ministro palestinarrarekin ere elkartu da. RomneyAEBetan bizi diren juduen botoak lortzeko babes bila joan da Israelera. Izan ere, azaroaren 6ko hauteskundeetan, sektore horren botoa garrantzitsua izango da hainbat estatutan.

Historikoki demokraten ondoan kokatu izan dira juduak, eta oraingoan ere hala diote inkestek. Ostiralean argitaratutako inkesta baten arabera, AEBetako juduen %68 leudeke Barack Obamaren alde, eta %28, soilik, Romneyren alde.

Israelen eskutik, Iranen aurka

Iranen programa nuklearraren inguruko eztabaidan ere Israelen ondoan kokatu da Romney, eta adierazi du Israelek Iranen aurkako badaezpadako eraso bati ekiten badio babestu egingo duela: «Guk ez dugu begiratuko beste aldera, eta gure herrialdeak ez dio bizkarrik emango Israelekiko duen konpromisoari».

Iraneko Gobernuaren esanetan, programa nuklearrak helburu «baketsuak» ditu. Israelek, berriz, gaitasun nuklearra handitzeko mugimendu bat dela uste du. Iritzi bera du Romneyk: «Onartezina da Iran arma nuklearrak dituen Iran batean bilakatzea. Mehatxu handia litzateke Israelentzat, ingurukoherrialdeentzat eta mundu osoarentzat».

Hauteskunde aurreko birarekin jarraituz, Romney Poloniara joan zen atzo. Lech Walesa presidente ohiarekin bildu zen, eta,gaur, Bronislaw Komorowski presidentearekin bilduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.