Orain arteko inkesta guztiek haren garaipena ziurtatzen zuten, zaila baitzirudien hamabost puntuko aldeari buelta ematea. Baina, azken orduko keinu batek aurreikuspen guztiak hankaz gora jar ditzake. Marco Enriquez-Ominami gazteak, hirugarren hautagai gisa bataiatuak, Eduardo Frei ofizialistaren hautagaitza babestu du, modu berezi samarrean bada ere. Nola Frei hala Piñera «iraganeko buruzagiak» iruditu arren, txiletarren %29k botoa eman zioten hautagaitza babestuko duela adierazi zuen iragan asteazkenean, «kalte gutxien» aukera horrek eragingo dituela eta.
Enriquez-Ominamik botoen %20 eskuratu zituen lehen itzulian. Hala, azken asteotan, bai Piñerak eta bai Freik sekulako ahaleginak egin dituzte Enriquez-Ominamiren jarraitzaileak eurenganatzeko, azken hitza haiek izango dutelakoan.
Berdinketa teknikoa
Enriquez-Ominamik Freiren hautagaitza babestu aurretik kaleratutako azken inkestak botoen %49,1 ematen zizkion ofizialisten ordezkariari eta %50,9 hautagai eskuindarrari. Berdinketa teknikoa, beraz. Duela hilabete inorgutxik uste zuen Freik horrelako babesa lortuko zuenik, aditu askoren iritzian Kontzertazioaren ahultzea bizkar gainean daraman hautagaia delako. 1990ean, Pinochetek boterea galdu zuenean sortutako aliantza politikoa da Kontzertazioa, eta Gobernuan da ordutik. Frei bera ere Txileko presidenteizana da sei urtez, 1994tik 2000ra. Ondoren, 2006ra arte, Ricardo Lagosek bete zuen kargua; eta haren ostean, Michelle Bacheletek, gaur errepublikako presidente izateari utziko dionak.
Egia esan, Enriquez-Ominamik Freiren hautagaitza babestu izana ez da oso ezusteko handia izan askorentzat, 2000. urtera alderdi sozialistako kide izana baita, eta alderdi hori ere Kontzertazioaren parte da. Baina, Enriquez-Ominami ez da izan Freiren aldeko botoa eskatu duen bakarra. Aukera bera babestu dute lehen itzulian hirugarren hautagaiaren alde egin zuten buruzagi politiko gehienek, nahiz eta badiren «inkoherente» izatea leporatu diotenak ere, bere kanpainan Kontzertazioaren kontra kritika gogorrak egin zituelako.
Horiez gain, abenduaren 13an botoen %6 eskuratuta presidente izateko aukera galdu zuen Jorge Arrate ezkertiarrak ere Freiren hautagaitza babestu du. Eta nola ez, Michelle Bacheletek gidatzen duen gobernuak.
Boto baliogabearen beldur
Piñerari ez dio batere graziarik egin Enriquez-Ominamik Freiren aldeko botoa eskatu izanak, inor ez babesteko aukera hobe zetorkiolako. Baina, are grazia gutxiago egin dio Bacheleten jarrerak. «Presidenteak herritar gisa badu iritzia izateko eskubidea, baina presidente gisa inoiz ez. Nahiz eta hauteskundeetarako hiru egun falta diren ezin du ahaztu txiletar guztion presidentea dela». Hori horrela, «hauteskundeetan esku-hartzeizugarria, abusuzkoa eta legez kanpokoa egon dela salatu nahi dut».
Babesak babes, baliorik gabeko botoaren beldur da Frei. Hain zuzen, inork ez dezala bere botoa baliogabetu esanez amaitu zuen kanpaina hautagai ofizialistak, hori eskuinaren mesederako izango litzatekeela arrazoituta, gehiengoa hark baitu. Botoa ematea derrigorra da Txilen, eta botoa baliorik gabe uzteko modua txartela markatzea da.
Internet bidez hedatu den ekimen baten berri izan ondotik egin zituen adierazpenok Freik. Izan ere, Erniquez-Ominamiren hainbat jarraitzaile baliorik gabeko botoa eskatzen ari dira Facebook, Twitter eta halako sare sozialetan. «Baliorik gabeko botoa ematea Piñeraren alde bozkatzea» dela argitu zuen Ricardo Lagos presidente ohiak.
Txileko indigenen erakundeek ere baliorik gabeko botoa eskatu dute, horretarako boto txarteletan «autogobernu maputxea» idatzita. Hautagai batek zein besteak legealdirako agindu dituztenak ez zaizkie nahikoa iruditzen herri indigenen eskubideak eta batez ere maputxearenak bermatzeko.
Bi hautagai eta hamaika iritzi. Orain arteko inkestek, gainera, gutxi dute argigarritik. Beraz, botoa emateko eskubidea duten zazpi milioi herritarrek zer egingo zain egon beharko da, datozen urteetan Txileko presidentea nor izango den jakiteko.
Behin botoa emanez gero, behartuta daude beti ematera
18 urtetik gorako txiletarren %70ek baino gutxiagok dute izena emanda hauteskunde erroldanA. A.
Augusto Pinocheten diktadura bukatu zenetik 22 urte pasatu diren arren, oraindik agerikoak dira agintaldi hark utzitako arrastoak txiletarren bizitzan. Hauteskunde sistema da horietako bat. Txilen, botoa eman ahal izateko, ezinbestekoa da hauteskunde errolda deituriko zerrendan izena emanda edukitzea. Adinez nagusi -18 urte- diren guztiek dute horretarako eskubidea, baina, gaur-gaurkoz, eskubide hori duten hamarretik zazpi baino gutxiago daude zerrenda horretan. Horrek esan nahi du, Michelle Bacheleten ondorengoa hautatzeko hauteskundeetan gutxienez %30etik gorakoa izango dela abstentzioa. Pinochet agintean zen bitartean, adinez nagusi zirenen %95ek osatzen zuten errolda hori.
Gazteenak dira botoa emateari uko egiten dietenen artean gehienak, besteak beste, behin emanez gero behartuak daudelako ondorengo hauteskunde guztietan ematera. Kontrara, isuna ordaintzera behartzen ditu Estatuak.
Horregatik, bi hautagaietako inoren alde bozkatu nahi ez, eta isunik ordaintzeko prest ez dagoenak boto zuria ematea edo bere botoa baliogabetzea du aukera, hori gehiengoa lortzen duenaren mesederako izango litzatekeen arren.