Bozak aurreratuko dituzte Japonian

Kontsumoaren gaineko zerga igotzea lortu du lehen ministroak, baina trukean bozak aurreratuko ditu

Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Kontsumoaren gaineko zerga igotzeak eragin politikoak izango ditu Japonian. Yashihiko Noda lehen ministroak zerga igotzeko legea aurrera ateratzea lortu zuen atzo legebiltzarreko goi ganberan, aldeko 188 boto eta kontrako 49 jasota. 2014rako, %5etik %8ra igoko dute kontsumoaren gaineko zerga, eta 2015erako, %10era. Legea onartzearen truke, baina, 2013ko udarako antolatutako bozak aurreratzea hitzartu behar izan du Nodak oposizioarekin. Legebiltzarra «laster» desegingo duela iragarri du, baina egun jakinik aipatu barik.

2009ko hauteskunde kanpainan aurkeztutako programa ez betetzea leporatu dio oposizioak gobernuko Alderdi Demokratikoari. Alderdi Liberala agintean55 urtez egon ostean iritsi ziren boterera demokratak orduan, eta ez zuten zergak igotzerik agindu. Harrezkero, bi aldiz aldatu dute lehen ministroa demokratek, eta Nodak iaz hartu zuen kargua. Diziplina fiskalaren defendatzaile sutsua izan da hasieratik. Atzo bertan, herrialdeak 10 bilioi euro inguruko zor publikoa duela jakinarazi zuen Tokiok, barne produktu gordinarekiko altuena herrialde industrializatuen artean.

Mozioak

Konfiantza mozioari aurre egitea lortu zuen herenegun lehen ministroak, gobernuko aliatuek kontrolatzen duten beheko ganberan. Dena dela, oraindik gobernuaren kontrako zentsura mozio bati aurre egin beharko dio legebiltzarraren goi ganberan, eta oposizioak du gehiengoa han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.