Errusiako presidente kargua 2008ko maiatzean uztera behartuta litzatekeenak irakurketa nahiko berezia egin du bere alderdiaren garaipen zabalaz. «Nabarmen geratu da Errusiako herritarrek ez dutela sekula gure herrialdea suntsibidera joaten utziko, Sobiet Batasunaren barnean zeuden beste batzuetan gertatu izan den bezala». Izendatu ez baditu ere, nahikoa argi geratu da Putinek Ukraina, Georgia eta Baltikoko hiru herrialdeak zituela hizpide, hauek Europako Batasunareneta NATO Aliantza Atlantikoaren alde hartutako jarrerak oso begi txarrez ikusi baititu Errusiak.
Nazioarteak, anartean, oso modu kritikoan komentatu ditu Errusian igandean eginiko bozak. «Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeko eta Europako Kontseiluko kideek finkatutako hainbat arau eta irizpide demokratiko ez dira bete boz hauetan», salatu du ESKEko Asanblea Parlamentarioko presidente Goran Lennmarkerrek. «Esaterako, Estatuko aparatua eta alderdi politiko bat eskuz-esku ibiltzea nazioarteko irizpide demokratikoen urraketa izan da».
Errusiako Gobernuak nazioarteko behatzaileen kopurua 30era mugatzea salatzeko xedean, ESKEko Instituzio Demokratikoen eta Giza Eskubideen Bulegoak ez zuen ordezkaririk bidali Errusiara. Hortaz, ESKEko Asanblea Parlamentarioko ordezkariak besterik ez ziren egon, eta hauek jasotako lekukotasunetan oinarritu da Lennmarker. Lekukotasun emaile hauetakoa da Golos, Errusiakogobernuz kanpoko erakundea. Honek zehazki salatu ditu Errusia osoan gertatutako iruzur egiteak eta legezkoak ez diren ekintzak. «Ez dira kasu bakan batzuk izan, bai, ordea, Errusia osotik guri jakinarazitako salaketak», azaldu die kazetariei Golosko zuzendariorde Grigori Melkoniansek.
OPOSIZIOKO ALDERDIEN SALATZE BIPILAK. Botoen %11,6 lortuta bigarren irten den Errusiako Alderdi Komunistak ere iruzur ugari gertatu izana salatu du, eta Auzitegi Gorenean helegitea jarriko duela iragarri du. Halaxe egingo duela jakinarazi du ere SPS Eskuineko Indarren Batasunak; honek, botoen %1 soilik lortuta, ez du Duman ordezkarik izango. «Boz hauek Errusian inoiz izandako maltzurrenak izan dira; Putinek zinismoari eta gezurrei esker irabazi du», kexatu da SPSko buru Boris Nemtsve. Munduko xakeko txapeldun ohi eta Beste Errusia oposizioko alderdiko buru Garry Kasparovek ildo beretik jo du, esanez: «Hauteskunde hauek, Errusiako historiako bidegabeenak eta zikinenak izan dira».
Errusiako Legebiltzarrerako bozen emaitzek kritika, susmo eta argibide eskeak eragin dituzte, halaber, munduko potentzia handien aldetik. Ihardukitzerik bipilena Alemaniarena izan da. «Boz hauek ez dira ez askeak, ez bidezkoak, ez demokratikoak izan», nabarmendu du Berlingo gobernuaren bozeramaile Thomas Stegek.
Washingtonek, Londresek eta Parisek «argibideak» eskatu dizkiote Moskuri, ESKEk eta Errusiako oposizio indarrek eginiko iruzur salaketen kontura. Europako Batzordeak ere zuhur jokatu du, «iturri ezberdinetako datuak aztertuko» dituela esanda.
NATOko zuzendaritzak ere kezka azaldu du, bilera eta adierazpena askatasunen alorrean izandako murrizketengatik.
Litvinenko espioi ohia hiltzeaz akusatua dagoena, Lugovoi, diputatu hautatu dute
a.s.2006ko azaroaren 23an Londresko (Ingalaterra) erietxe batean ekai erradioaktibo batek pozoituta hil zen Aleksandr Litvinenko Errusiako FSB zerbitzu sekretuetako kide ohiaren hilketaz akusatzen duten Andrei Lugovoik auzian immunitatea lortu du, igandean Dumarako diputatu hautatu zutelako. Vladimir Zhirinovski buru duen LDPR Errusiako Alderdi Demokrata-Liberaleko zerrendan hautatu zuten. Indar politiko ultranazionalista hau hirugarren postuan geratu zen hauteskundeetan, botoen %8,4 lortuta.
Diputatu bihurtzeaz gain, Lugovoik Dumako batzorde batean arduradun kargua izango lukeela jakinarazi du LDPRko buruzagiak. «Lugovoik ondo menperatzen duen sail batean jardungo du, ziur asko segurtasunaren batzordean», zehaztu du Zhirinovskik. Ezen, Litvinenko izan zen bezala, Lugovoi FSB Segurtasun Zerbitzu Federaleko agentea izan zen.
KALAPITA DIPLOMATIKOAREN ERDIAN.Lugovoi izan zen Londresen ihesean bizi zen Litvinenkorekin bildu zen azkenetako bat. Elkarrekin bazkaldu zuten iazko azaro hasieran Londresko jatetxe batean, eta hango Poliziaren ustez, Litvinenkori orduan isuri zioten bazkarian, modu ezkutuan, Polonium 210 ekai erradioaktiboa. Pozoitzearen ondorioz hil zen Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurkari gogorra bihurtua zen Litvinenko.
Litvinenko hil zenerako, baina, Errusiara itzulia zen Lugovoi. Litvinenkoren hilketarekin zerikusia duelakoan itaundu nahi duelako, Erresuma Batura estraditatzeko eskatu dio Londresek Moskuri. Errusiaren ukoaren ondorioz, kalapita diplomatiko bizia hazi da Londres eta Mosku artean.