Venezuela. Asanblea Nazionalerako bozak

Bozgorailua isildu diote

Duela hilabete batzuk, AEBetan Venezuelako behin-behineko presidente gisa hartu zuten Juan Guaido, baina, orain, oposizioko kideen babesa bera ere galdu du.

Juan Guaido oposizioko kidea. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Venezuelako «presidente zilegi» gisa hartu zuten AEBetako presidente Donald Trumpek eta Ordezkarien Ganberako buru Nancy Pelosik Juan Guaido Etxe Zurian. 2020ko otsailaren 5a zen, eta Washingtonen txaloka egin zioten ongietorria oposizioburuari. Ordurako, dozenaka herrialderen babesa zuen bere burua Venezuelako behin-behineko presidentetzat jo zuenak. Buruzagitza onartu ziotenen artean zeuden Kanada, Txile, Espainia eta Eusko Jaurlaritza bera. Inoiz baino indartsuago zegoen VP Herri Borondatea alderdiko kidea. Hamabi hilabete igaro dira, ordea, eta Guaido bakarrik geratu da. Nazioarteak bozgorailuak isildu dizkio, eta alderdikideek bizkarra eman diote. Asanblea Nazionalerako hauteskundeetarako kanpaina betean, askok galdetzen dute non ote dagoen Nicolas Maduro agintetik kentzea xede gisa jarri zuen liderra.

Guaidok iazko urtarrilaren 22an aldarrikatu zuen bere burua behin-behineko presidente. Asanblea Nazionaleko buru denak milaka herritarren aurrean egin zuen karguaren zina. Trump bera izan zen haren kargu hartzea ontzat ematen lehena, eta haren atzetik heldu ziren besteak. Askok salatu zuten Etxe Zuriaren esku hartzeari esker egin zuela urratsa oposizioko kideak, eta iragarri ez zuela askorik iraungo haren ospeak. «Guaidok askoz ere ospe handiagoa dauka Venezuelatik kanpo, herrialdean bertan baino, batez ere Washington inguruetan eta haren aliatuen artean», adierazi zuen Mision Verdad agentziako kazetari Diego Sequerak.

Venezuelan, Leopoldo Lopez alderdikidearen babesa izan du batez ere Guaidok. Haren presidentetza sostengatu zuen Lehenik Justizia alderdiko kide Henrique Caprilesek ere, baina egoerak bultzatutako keinua izan zen harena. Caprilesen eta Lopezen arteko lehia aspaldikoa da. Biak borrokatu dira oposizioko buruzagitza eskuratu eta Maduroren alternatiba gisara aurkezteko. Baina Guaido agertu zenean, Lopez preso zegoen, eta Capriles, berriz, sostengu txikiarekin; horrek ahalbidetu zuen Guaidoren goraldia. Harik eta gobernuak preso zeuden oposizioko hainbat kide askatu eta haiekin bozak egitea adostu zuen arte.

Lehendik krisian zen eskuina zatitu zuen erabakiak. Capriles bera aldendu egin zen Lopezen eta Guaidoren estrategiatik —abstentzioaren eta protesten alde jarraitzen zuten haiek—, eta parte hartzearen aldeko jarrera defendatu zuen hasieran, nahiz eta gero atzera egin, Europako Batasunak esan ostean ez zegoela baldintzarik «boz demokratikoak» egiteko. Baina Capriles oraindik ere hauteskundeak egitearen alde dago, eta salatu egin du «barne kontrolik ez duen behin-behineko gobernu bati eusteko herri kontsulta bat» antolatzeko ekinaldia.

Lopezek berak —iazko apirilera arte preso zegoen, eta maiatzean babes hartu zuen Espainiak Caracasen duen enbaxadan— nahiago izan du Madrilera ihes egin bere alderdikidearen kanpainarekin bat egin baino. Haren ihesak are gehiago ahuldu du Guaidoren irudia, eta nazioarteko fokuak urrundu ditu bere burua presidentetzat jo zuen buruzagiarengandik.

Bestalde, oposizioaren estrategiak ez du esperotako emaitzarik lortu, eta horrek ere nekea eragin du koronabirusari eta krisi ekonomikoari aurre egiten nahikoa lan baduten herritarren artean. Herrialdeak duen blokeo ekonomiko eta politikoaren erantzuletzat jotzen dute askok Guaido. Maduroren gertukoek iragarri dute urtarrilaren 5ean hartuko duela azken kolpea haren lidergoak, Asanblea Nazional berria osatu eta ganberako presidentea izendatzen dutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.