FILIPINAK

Bozik odoltsuenak eta «zikinenak» amaitu dira filipinarrentzat

Egungo presidentea garaile izatea espero da, baina asteak beharko dira datu ofizialak izateko

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Filipinetako demokraziaren historian hauteskunderik bortitzenak bukatu ziren atzo, bozkalekuak itxi ondorengo lehen galdeketek Gloria Macapagal Arroyo egungo presidentea garailetzat ematen zutela. Indarkeriaz gain, ustelkeriaren inguruko salaketak izan ziren atzoko saioan gehien entzundako kexa. Izan ere, boto eroskeria, hautestontzi lapurreta eta bestelako irregulartasunak izan zirela salatu zuten atzoko bozka zaindu zuten behatzaileek. Datorren igandean emaitzen aurrerapen ez-ofiziala emango du ikuskatzaile taldeetako batek. Halere, behin betiko emaitza ofizialak plazaratzeko hainbat aste beharko ditu Hauteskunde Batzordeak.

«Ohiko» indarkeria eta ustelkeria

Kanpainan 90 pertsona baino gehiago hil dituzte eta atzoko bozkaldia hasi baino ordu batzuk lehenago beste 16. Hildako gehienak (70 gutxienez) independentista musulmanen eta bestelako hainbat talde armaturen borroka eremua den hegoaldeko Mindanao uhartean gertatu dira. Halere, hauteskunde eguna Mindanaon «erabateko arrakasta» izan zela adierazi zuen atzo Armadako buru Roy Kyamkok, atzo «soilik bost hildako eta 13 zauritu» izan zirela argudiatuta.

Atzo goizean bozen antolakuntzako bi langile hil zituzten Manilan. Samar eskualdean granada bat jaurti zuten Hauteskunde Batzordearen bulego baten aurka, eta erakundearen ibilgailu bati eraso zioten Jolon. Azken gertaeran zauritu bat izan zen. Honez gain, beste sei langile hil zituzten hegoaldeko Zamboanga del Norte eskualdean eta beste bat Cebun. Masbate uhartean hauteskundeak zaintzeko lanetan ari ziren zazpi segurtasun agente hil zituen Poliziak.Ustelkeriari dagokionez, «inoiz izaniko hauteskunderik zikinenak» bezala deskribatu zituen bozak Max Soliven Philippine Star egunkariko buru eta itzal handiko analista politikoak. Milaka filipinarrek ez zuten beren izenik aurkitu hautes zerrendetan, Davao eta Iloilo hirietan botopaperak falta ziren eta Abran hautestontziak lapurtu zituzten. Hala salatu zuen bozak behatzeko 300.000 ikuskatzaile zabaldu zituen Namfrei erakundeak.

Aktorea eta ekonomista

«Gure herrian bakea eta batasuna izan dadin otoitz egiten ari naiz», esan zuen 57 urteko Arroyo hautagaiak atzo, Manilako bozkaleku batean botoa eman zuenean. Egungo presidenteari sei eta zazpi puntuko abantaila ematen zieten inkesta gehienek atzo. Arroyoren lehiakide nagusiak Fernando Poe aktorea (64 urte) zinema munduan lorturiko sonan oinarritu du bere kanpaina, eta programa politiko zehatzik aurkeztu gabe, eskarmentu gutxiko presidentegai gisa agertu da hautesleen aurrean. Halere, jarraitzaile ugari zituen atzo zain, bozkalekuan Filipinetako akzio filmetako aktorerik ospetsuenak.

Arroyok, bestalde, Estatu Batuetako Gobernuaren sostengua du: George Bush AEBetako presidente errepublikanoa eta Bill Clinton gobernuburu ohi demokrata Filipinetako presidente izaniko (1961-65) Diosdado Macapagalen alabaren alde agertu ziren kanpainan. Halere, Macapagal Arroyok agintean eginiko hiru urteen balantzea ez da oso positiboa. Ekonomia aski ahul dago Manilak 61.000 milioi dolarreko zorra du, ezin du horri aurre egiteko behar adina zerga bildu, gerrilla komunistak 35 urteko borroka darama Gobernuaren aurka, eta, hegoaldean, Al Kaedarekin lotzen dituzten independentista musulmanak gogor dabiltza Mindanao eta Jolo uharteetan. Atzoko bozak irabaziz gero, hurrengo sei urteotan filipinarren presidentea izateko aukera izango du Arroyok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.