Bozkatzeko ilara luzeak izan dira historikotzat jotzen diren bozetan

Kongresuko bi ganberen osaera eta 11 gobernadore hautatuko dituzte, tartean, presidenteaz gain

Kristina Berasain Tristan.
2004ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako hauteslekuen aurreko ilara luzeak izan ziren atzo presidentetzarako bozen protagonista nagusiak. Goizean erruz joan ziren herritarrak boza ematera. Egunak aurrera egin ahala, ordea, behera egin zuen botoemaileen kopuruak. Dena den, parte-hartzea «historikoa» izatea aurreikusi zuten adituek. Virginiako Unibertsitateko Joshua Scott politologoaren arabera, azken urteotako parte-hartze handiena izango da aurtengoa. «1968. urteko bozetan izan zen %60ra irits daitekeela uste dut», adierazi zuen. Beste adituen ustetan aurreko hauteskundeetan baino %20 handiagoa izan daiteke parte-hartzea %51,3koa izan zen duela lau urte.

Orotara 156 milioi estatubatuarrek eman dute boza emateko izena 205 milioi herritarrek dute bozkatzeko eskubidea. New Hampshire estatuan bizi diren herritarrak izan ziren aurrenekoak boza ematen. Azken hauteslekuak sei ordu geroago zabaldu zituzten Alaskan. Hauteslekuak zabaldu ahala ilara luzeak egin ziren hainbat hiritan. Herritarrak hiru orduz egon ziren itxoiten zenbait lekutan eta Washington eta New Yorken berrehun metroko ilarak ikus zitezkeen nonahi. Virginia estatuko Fairfax hiri errepublikanora hauteslekuak zabaldu baino bi ordu lehenago joan ziren herritarrak boza ematera. Hainbat estatutan aldez aurretik boza eman duten herritarren kopurua edota erroldan izena eman duten botoemaile kopuru handiak ere parte-hartzea handia izango zela adierazten zuen. Postaz bozkatzeko eskaera ere nabarmen areagotu da aurten.

Inoizko boz lehiatuenak

George Bush hautagai errepublikanoa eta John Kerry demokrata parekatuta zeuden inkestetan atzora arte. Herenegun gauean bi alderdietako jarraitzaileen telefono deiak jaso zituztela jakinarazi zuten hainbat herritarrek. Botoemaile berrien %64k hautagai demokratari bozkatuko diotela aurreikusi zuten inkestek. Emaitzak gaur goizaldean dira jakinaraztekoak.

Hurrengo presidentea izango dena aukeratzeaz gain, dena den, estatubatuarrek Kongresuaren bi ganberen osaera hautatu zuten bozetan. Ordezkarien Ganbara orotara 435 kidek osatzen dute osorik berritzen da bi urtetik behin. Senatuan, berriz, kideen heren bat berritzen da ehun senatari daude. Hamaika estatutako gobernadoreak aukeratu zituzten, halaber, hauteskundeetan orotara 50 gobernadore daude: bat estatu bakoitzeko. Hainbat estatutan alkateak aukeratu zituzten. Bozak gai ezberdinen inguruko erreferendumak egiteko ere baliatu zituzten, tartean, homosexualen arteko ezkontzak eta zelula amekin ikerketak egiteko aurrekontuak onartzea.

Irregulartasunen mamua

Azken hauteskundeetan egon ziren irregulartasunen mamua oso presente izan zen, bereziki, lehia handiena zegoen estatuetan: Florida, Ohio, Minnesota, Wisconsin, Iowa eta Mexiko Berria, besteak beste. Ildo horretan, bi alderdiek milaka abokatu bidali zituzten hauteslekuetara alderdi bakoitzak 10.000 abokatu kontratatu dituela jakinarazi zuten hainbat informazio iturrik. Justizia Departamenduak mila begirale bidali zituen hainbat estatutara azken hauteskundeetan baino hiru bider gehiago. Nazioarteko erakundeek ere ikuskatzaileak bidali zituzten herrialdera, tartean, ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak. Bozketa eguna normaltasunez joan zela iritzi zioten eguerdi partean begiraleek.

Kanpainan 3.900 eta 6.000 milioi dolar artean gastatu dituzte.

-

Datua



1845

Azaroaren aurreneko astelehenaren ondorengo asteartean bozkatzen dute estatubatuarrek 1845. urteaz geroztik. Garai hartan nekazariak nagusi ziren eta azaroa bozkatzeko hilabete egokiena zela iritzi zioten agintariek, batetik, uzta bilduta zegoelako eta, bestetik, neguko hotza heltzear zegoelako. Astelehenean ez bozkatzeko arrazoia hauxe izan zen: mendialdeko herritarrek egun oso bat eman behar zuten errepidean hauteslekura joateko eta igandean, halabeharrez,elizara joateko eguna zen.

-

POLEMIKA



Alderdietako begiraleak onartu ditu Gorenak



AEB Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak Ohioko hauteslekuetan alderdietako begiraleak egotearen aldeko ebazpena eman zuen atzo goizean. Begiraleok botoemaileei dokumentuak eskatu eta, erroldan egon ezean, boza ukatzeko eskubidea izango dute. Alderdi Demokrataren arabera, neurri horrekin gutxiengoak beldurtu nahi dituzte errepublikanoek; bereziki demokratei boza ematen dieten beltzak eta hispanoak. Errepublikanoek, alta, bozkatzeko eskubidea ez duten herritarren parte- hartzea eragotzi nahi dutela eman dute aditzera.

Helegite Auzitegiak herenegun emandako epaia berretsi zuen atzo John Paul Stevens epaileak: «Begiraleen parte-hartzea bertan behera uzteko ahalmena baldin badut ere, zuhurtasun arrazoiak direla medio ez egitea erabaki dut». Ikuskatzaileek «arduraz» aritzea espero duela gaineratu zuen epaileak. Lehen Auzibideko Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen begirale hauen parte-hartzea. Errepublikanoek helegitea jarri zuten.Bestetik, Hego Dakotako Lawrence Piersol epaileak kide errepublikanoak sioux indioak kikiltzeko estrategiak erabiltzen ari direla ebatzi zuen atzo. Tartean, euren autoen matrikula zenbakia hartzen ari direla jakinarazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.