BRASIL. MST LURRIK GABEKOEN MUGIMENDUAREN MARTXA. Iraganeko aldarria gaurko

MST mugimenduko kideak astebeteko martxak egin dituzte herrialdean zehar, eta hamar egunez izan dira kanpatuta Brasilian

2009ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Brasilia hiriburuan hamar egunez kanpatuta egon diren hiru mila lagunak hasi dira etxeetara, jatorriko estatuetara, itzultzen. Brasil osoko milaka lagun bildu dira hiriburuan egunotan hainbat lekutatik abiatutako martxetan bat egin ostean. Abuztuaren 5ean ekin zioten ibilaldiei, eta bost egun geroago elkartu ziren Brasilian eta Sao Paulon. MST Lurrik Gabekoen Mugimendukojarraitzaileek nekazaritza erreformari bultzada bat ematea aldarrikatzen dute, eta, horretarako, protesta egun nazionala ere antolatu zuten; hilaren 14an. Orduz geroztik, negoziazioak iraun artean, kanpatuta egon dira hiriburuan, estu hartzeko. Eta protesta ekintzak eman du emaitza.

Gobernuak landatu daitezkeen lurren indizea gaurkotu dezan lortu dute. 1975etik ez ziren indize horiek berritzen eta hamabost eguneko epean indize hori iragarriko duela hitz eman diete agintariek. Planifikazio eta Finantza Ministerioek, berriz, iragarritakoa baino aurrekontu zabalagoa erabiliko du lurrak eskuratzeko. Nova Alegrian, berriz, 1.180 hektarea lur jarriko dituzte lurrik gabekoen eskuetan, eta 50 familiari kokaguneak emango dizkiete.

Ez da gutxi hamar eguneko negoziazioetan lortutakoa. MSTren eskaerak, baina, zabalagoak eta ugariagoak dira; eta 25 urteetan egin duen bezala, borroka egiten jarraituko du lurren banaketan aurrerapausoak egin daitezen. Luiz Inacio da Silva Lula presidenteari errepide bazterretan kanpatuta dauden 90.000 familiari lurrak banatzeko eskatzen diote.

Lularen promesak

Lulak 2003an iritsi zen agintera eta kanpainan egindako promesak bete dituela berretsi du urteotan -2006an eskuratu zuen bigarrenez presidentetza-; 450.000 familia kokatu dituela ziurtatu du. MST erakundearen arabera, berriz, familia horien bi herenek oraindik ez dute jaso adostutako lur sailik. Lulak sarritan eskatu die pazientzia, baina galtzen hasiak dira erakundeko kideak;hala ere, sostengua eman zioten azken bozetan. PT Langileen Alderdiarekin desadostasunak, baina, gero eta nabariagoak dira.

Lularen promesak askotarikoak izan ziren; lur eremuak banatzeaz gain, kooperatibak sortu, teknologia berrien erabilera sustatu eta nekazari txikiei kredituak emango zizkiela agindu zuen; kasu horretan, hori bermatuko luketen bankuak sustatuz. Haren helburua zen ekoizpenaren, industrializazioaren eta merkataritzaren arteko nahasketa bat egitea. MSTrentzat, nekazaritza erreforma oso geldo doa, eta horrek herritar xumeen bizi-baldintzak okertu besterik ez ditu egiten. MSTk eginiko proposamenaren ardatza nekazaritza garapenerako eredu berri bat bultzatzea da. Horretarako, zenbait xede betetzea beharrezkoa ikusten dute, hala nola herritar guztientzako lana bermatzea, aberastasuna bidezko moduan banatzea, elikagai merkea, ugaria eta kalitatezkoa ekoiztea, justizia soziala eta eskubideen berdintasuna eskuratzea edota emakumearen bazterketaren aurka borrokatzea.

Lurraren demokratizazioa, nekazaritza ekoizpena berriz antolatzea, industriaren garapena sustatzea, eredu teknologiko berri bat sortzea eta garapen soziala bultzatzea dira urteotako aldarriak; eta iraganekoak izateagatik ez dute gaurkotasuna galdu. Aldarrikapen horiek errealitate bihurtzea prozesu luze, zabal eta iraunkor baten emaitza izango dela badaki MSTk, eta horregatik herri antolaketa sendoa dute. Urteotan milioi bat familia kokaguneetan biltzea lortu dute, borroka luze eta irmo baten ondorioz. Orotara 7.500 alditan egin dituzte lurrak bereganatzeko ekintzak, 2.500 azken zazpi urteotan.

MSTren jatorria

MSTk iragan urtarrilean bete zituen 25 urte, eta denbora tarte horretan badu ahaztu nahi ez duen alde ilun bat; erakundeko ekintzaileen hilketak. Eta erantzuleak zigortzearen alde egiten du lan ere. Izan ere, urteotan 1.400 nekazaritik gora hil dituzten arren, 85 kasu bakarrik izan dira ikertuak, eta bost hiltzaile soilik daude egun kartzelan. Dorado el Carajasen 1996ko apirilaren 17an izandako sarraskia izan zen bortitzena. Kendutako lurrak itzultzeko eskatzen ari ziren 1.500 nekazari inguru errepide bat itxita; Brasilgo Polizia Militarra tiroka hasi zitzaien, eta hemeretzi lagun hil zituzten. Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguna izendatu zuten egun hura.

MSTren jatorria hainbat faktore sozio-ekonomikoen batuketan aurki daiteke. Kapitalismoaren garapenak lurren metatzea ekarri zuen, eta horrek, aldi berean, lurrik gabeko nekazarien sorrera. Diktadura militarraren amaieran nekazarien mugimenduak jaio ziren, eta nekazaritza erreformaren beharra aldarrikatu zuten. 1984ko urtarrilean eratu zen mugimendua eta urtebete geroago nazio mailako kongresu nazional historikoa egin zuen Curitiban -1.500 ordezkari bildu ziren-. Mota guztiko protesta ekintzak egin izan ditu orain artean mugimenduak, ezagunenak 80ko hamarkadako lur eremu zabalen okupazioak; Sebastiao Salgado argazkilariaren irudiek betirako erretratatutakoak.



Maria Fatima Medeiros.Mato Grosso do Suleko MSTko burua
Brasilgo lurren %85 herritarren %10en eskuetan egotea salatzen du Medeirosek; eta 31 milioi lagun miseria gorrian bizitzea.

«MSTk nekazaritza erreforma agenda politikoan egotea lortu du»

M. Aginagalde.

MST Lurrik Gabekoen Mugimenduko Mato Grosso do Sul estatuko arduraduna da Maria Fatima Medeiros. Campo Grande hiriburutik erantzun ditu, telefonoz, BERRIAren galderak.

Lurrik Gabekoen Mugimenduak hainbat martxa egin ditu egunotan. Mato Grosso do Sul estatuan ere izan da martxa. Nola joan da?

Estatu gehienetan egin ditugu martxak; nazioko, zein estatu osoko martxak izan dira. Mato Grosso do Sulen abuztuaren 8tik 14ra egin genuen ibilbidea, eta orotara, 800 lagundik gora elkartu ginen. Estatu guztiko herrietatik etorritako jendea bildu ginen; bi martxa egin genituen, aldi berean, baina ibilbide ezberdinarekin; bat ehun kilometrokoa, eta bestea 130 kilometrotakoa. Abuztuaren 8an hasi, eta sei egun geroago iritsi ginen denak hiriburura, Campo Grandera. Orduz geroztik, hainbat bilera egin ditugu, eta nazioan negoziazioetan aritu dira Gobernu Federalarekin.

Brasilian ere antolatu duzue ekimen bat?

Brasilgo hiriburuan lurrik ez duten 3.000 lagun izan dira kanpatuta, abuztuaren 10etik atzora arte. Lula presidenteak gure aldarrikapenak entzun ditzan egin dugu kanpalekua, eta negoziazioetan aritu gara; manifestazioak, elkarretaratzeak eta martxak ere izan dira, eta betiere festa giroan gertatu dira.

Zer da zehazki negoziazio horietan eskatzen duzuena?

Hiru aldarrikapen nagusi ditugu. Brasilgo Gobernuak ekoitz daitezkeen lur sailen kopurua handitzea eskatzen dugu. Brasilen lur asko eta asko daude ekoitzi gabe, eta ekoitz daitezken lurrak zehazten duen indizea erabat zaharkituta dago, 1975. urtekoa da, pentsa! Parametro horiek gaurkotzea eskatzen dugu; izan ere, teknologia berriei esker, lur gehiago landu daitezke egun, eta horrek aukera emango lieke milaka familiari euren bizitza aurrera ateratzeko. Bestalde, herrialdeko errepide bazterretan lurrak emateko zain dauden 90.000 familien aldarrikapenak aintzat hartzea eskatzen dugu, irtenbide duina ematea. Azkenik, lurrik ez dutenei aurrekontuetan promestutakoa betetzea eskatzen diogu Lulari; giza programetarako 800 milioi erreal erabiliko zituela agindu zuen. Brasilgo Gobernuak ez du erreparorik multinazionalak eta bankuak finantzatzeko orduan, baina bai lurrik gabekoei promestutakoa ez betetzeko.

Lula presidenteak 2003an agintera iristean eginiko promesak ez dituela bete salatu izan duzue. Hala ere, sostengua eman zenioten azkeneko bozetan?

Lulak egindako promesa ez du bete, egia da; Kongresua eta Senatua estu hartu ditu, baina ez du espero zuen emaitza eskuratu. Oposizioko foralistak dira gure helburua lortzeko traba gehien jartzen ari direnak; pentsamendu atzerakoia dute guztiek, eta latifundistak babesten dituzte. Lulak sei urte daramatza agintean, eta berak dio denbora tarte honetan 450.000 familiari eman dizkiola lurrak; arazoa da familia horien bi herenek soilik paperetan dituztela lurrak; dokumentuak baino ez dituzte.

Zein da egun Brasilgo nekazaritzak duen benetako arazoa?

Brasilek ez du etorkizunik, nekazaritza erreforma aldatzen ez badu. Lurraren %85 herritarren %10en eskuetan dago, eta hori onartezina da 31 milioi lagun miserian bizi direnean. Orotara landatu daitezkeen 600 milioi hektarea lur daude Brasilen. Egia da urratsak egin direla urteotan, baina oraindik asko dago egiteko. Gobernuak familia askori kredituak eman zizkion, nekazaritza lurrak prestatu eta haietan lan egiteko; baina hiru urte pasatu dira, eta familia horiek ez dute lortu kreditu horiek ordaintzea; kokaguneetan bizi direnak oso pobreak dira. Gobernua estutzen ari gara familia, horiei laguntza eman diezaion; nekazari txikiei interes txikiko kredituak eman beharko lizkieke. Eta janaria eta lana bermatuko dituen lurren garapen programa finkoa ezarri beharko luke; lurra enpresa multinazionalen esku baitago, eta lur jabe txikien kalterako da hori.

MSTk sortu zela 25 urte bete ziren urtarrilean. Zer ekarpen egin duzue urteotan?

Azken 25 urteetan eginiko lanaz harro gaude, eta, bederen, nekazaritza erreformak agenda politikoan lehentasuna izatea lortu du MSTk. Etorkizunean dugun erronka handiena nekazaritza erreforma hori errealitate bihurtzea da, eta lurrik eta bizilekurik gabe dauden familiak kokatzea; globalizazioaren eta neoliberalismoaren politiken ondorioz lur horiek esku gutxietan metatzen dira, eta lur horiek demokratikoki banatzea eskatzen dugu.





Zer da MST?

Lurrik Gabekoen Mugimenduak lurraren eta nekazaritza erreformaren alde borroka egiten duen nekazarien erakundea da. 1984. urteko urtarrilean jaio zen eta aurten 25 urte bete ditu. Mugimendu autonomo eta sindikala da, baina ez du beste erakunde politikoekin loturarik. Brasilgo 27 estatutatik 23tan dago, eta nekazarien batzordeetan dago antolatua.





1,5 milioi

MST-ko kideak. Lurrik Gabekoen Mugimenduak 1,5 milioi nekazarien babesa du Brasilen. Latifundisten eta multinazionalen esku dauden lur-sail eremu zabalak desjabetzearen eta demokratikoki banatzearen alde dago. Latinoamerikako beste herrialdeetan ere ezarri da MST.







Joao Pedro StedileMSTko buruzagia

Joao Pedro Stedile (Lagoa Vermelha, Brasil, 1953)familia xume batean jaio zen, eta, bere heziketari esker-ekonomista da-, aski ongi ezagutzen ditu marxismoaren teoriak, baita teoria kritikoa ere. Eliza katolikoaren eragina jazo zuen gaztetan, etaMST mugimenduko sortzaileetako bat izan zen; gerora buruzagi nagusietako bat izan zen. Lurraren alde, eta emankorrak ez ziren latifundioen aurka jaio zela dio MST. «Jainkoa nekazaria da, eta artoa gure dirua», du lelo ezagunena.Hezkuntzaren beharra aldarrikatzen du, nekazariak hiritar izan daitezen, eta ez du politikan sinesten: «Ez telebistak, ezta botoek ere, ez dute errealitatea aldatzerik lortuko». EZLN Nazio Askapenerako Armada Zapatistarekin bat dator arlo askotan; Stedileren ustez, mugimendu horrek «gizarte masa» sortu nahi baitu. «errealitate berri bat eraikitzeko». Munduko herri askoren askapenerako borroka babesten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.