Brasilgo Gobernua, enpresa teknologikoei aurre eginez

Lularen gobernua tirabiran dabil Elon Muskekin (X) eta Mark Zuckerbergekin (Meta), biek ala biek garrantzi handia hartu baitute politikan, eta Donald Trumpen aliatuak baitira.

Luiz Inazio da Silva 'Lula' Brasilgo presidentea agerraldi batean, apirilaren 3an. ANDRE BORGES / EFE
Luiz Inazio da Silva 'Lula' Brasilgo presidentea agerraldi batean, apirilaren 3an. ANDRE BORGES / EFE
Cecilia Valdez
2025eko apirilaren 30a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Enpresa teknologiko handietako exekutiboek, hala nola Metako Mark Zuckerbergek eta X-ko Elon Muskek, garrantzi handia hartu dute mundu osoko politikan, eta tirabira etengabean dabiltza Brasilgo Gobernuarekin eta, beraz, Lula da Silvarekin. Hango Auzitegi Nagusiko epaile Alexandre de Moraes munta handikoa da gatazka horretan. Kontua Elon Muskekin izandako ika-mika batekin hasi zen, eta gero eta gehiago okertzen ari da liskarra.

Iazko abuztuaren 30ean, Brasil guztian X sare soziala etetea agindu zuen Moraesek; izan ere, horren aurretik, Muskek ezezkoa emana zion Brasilen lege ordezkari bat izendatzeari, eta uko egina zion edukiak moderatzeko agindua betetzeari. X-ren bitartez, Moraesek ohartarazi zion 24 orduko epea zuela Brasilgo legea betetzeko, baina enpresariak sarkasmoz erantzun zion, adimen artifizialak egindako meme batzuk argitara emanez, eta «zentsore» eta «diktadore» deitu zion epaileari.

Musk ikertzen ari dira 2024ko apirilaz geroztik, Milizia digitalak izeneko auzia dela eta: 2022ko urtarrilaren 8an Brasilian izandako atentatuei buruzkoa da kasua, Lula presidente izendatu ondoren izandakoei buruzkoa. Susmoa dute Muskek parte hartu ote zuen sare sozialetan berri faltsuak zabaltzeko talde batzuetan, prozesu politikoetan eragin nahian. «Plataformen jabeek eragina izan dezakete iritzi publikoan eta, beraz, zuzenean ari daitezke politikan», adierazi du Debora Sirotheauk, zeina Informazioaren teknologien arloko aditua baita, abokatua, Rebrip-eko Lan Digitalaren taldeko kidea eta Datu Pertsonalak eta Pribatutasuna babesteko Kontseilu Nazionaleko kontseilari titularra. «Horren erakusgarri dira, esaterako, Elon Muskek Trumpen gobernuan duen eragina, egin zuen agur nazia, eta urtarrilaren 8ko ekintza antidemokratikoetan plataformek izandako garrantzia; horren erakusgarri dira, era berean, gobernu autoritarioetan halakoek dituzten jokabideak eta garrantzia, eta hori guztia oso kezkagarria da demokrazien osasunari dagokionez». Legelari horren esanetan, plataformek zabaltzen duten desinformazioak mesede egiten die babesten dituzten lider horiei, eta «liderrok, boterera iristen direnean, enpresa horien interes partikular eta korporatiboak defendatzen dituzte».

Iazko urtarrilean, berriz ere egunkarietan azaldu zen ika-mika: Metaren fundatzaile eta zuzendari eragile Mark Zuckerbergek iragarri zuen kendu egingo zituela informazio faltsua kontrolatzeko mekanismoak, bai Instagramen eta bai Facebooken, hau argudiatuz: «Zinez, hauxe nahi dugu: herrialde bakoitzak babesturik edukitzea bere subiranotasuna». Zuckerbergek argudiatu zuen Latinoamerikako auzitegiek kontrolpean dutela sare sozialetan dabilen informazioa. Lulak gaitzetsi egin zuen Zuckerbergen erabakia: «Ez da onartzekoa pertsona batek, bik edo hiruk uste izatea zilegi zaiela kalte egitea nazio baten subiranotasunari». Eta erantsi zuen: «Bilera bat egingo dut Metaren afera honetaz hitz egiteko. Ikaragarri larria iruditzen zait batzuen asmoa zera izatea, komunikazio digitalean libre izatea prentsa idatzian delitu diren gauzak».

«Brasilgo Gobernuak jarrera kritikoa du plataformei dagokienez, uste baitu erantzukizun handiagoa izan behar dutela»

DEBORA SIROTHEAUAbokatua

Alde horretatik, Sao Pauloko Ministerio Publiko Federalak AEBetako enpresari galdetu zion ea Brasilen ere aldatuko zuen edukiak moderatzeko politika. «Zuckerbergek AEBetako Gobernuarekin duen aliantzaren ondorioz, herrialdeek ezin dute arautu plataforma digitalen jarduna», gehitu du Sirotheauk. «Enpresek badute erantzukizuna, berri faltsuak zabaltzen dituztelako eta emozio jakin batzuez beteriko edukiak sustatzen dituztelako: beldurra, amorrua, sumina. Nire ustez, modu demokratikoan arautu behar da hori guztia, eta gizarte zibilak parte hartu behar du, eta eztabaidatu. Gardentasun eta erantzukizun handiagoa behar da, eta, informazioaren zabalkundeari dagokionez, kontrol mekanismoak behar dira plataformen jarduera arautzeko, zentsuraraino iritsi gabe. Era berean, oreka lortu behar da adierazpen askatasuna bermatzeko baina neurriz gain sustatu gabe adierazpen askatasun indibiduala eskubide kolektiboen kaltean; izan ere, gorroto diskurtsoak askatasun indibidualtzat hartzen dira oso maiz».

Plazaratzeko beharra

Orain aste batzuk, Moraesek esan zuen enpresa teknologiko handientzat «negozio bat» dela demokrazia, enpresa horiek «nahi duten guztia egin» nahi dutela, eta ez direla «neutralak», «baizik eta munduko ekonomia eta politika menderatu nahi duten talde ekonomiko batzuk» direla, eta «mugen, nazioen subiranotasunaren eta legeen gainetik» aritu nahi dutela horretako, «dirua egiteko» asmoz. AEBak eta hango presidente Donald Trump elkar hartuta daude teknologia enpresa erraldoiekin, eta horrek are gehiago handitu ditu Brasilgo Gobernuaren eta AEBetakoaren arteko desadostasunak. Trumpek, gainera, ondo-ondoan dauka Musk. Moraesek, azken neurrien artean, agindu zuen Rumble bideo plataformaren jarduera ere etetea, betiko arrazoibidea erabilita: gorroto diskurtsoak zabaldu eta demokraziaren aurka egiten duela esanez.

«Brasilgo Gobernuak jarrera kritikoa du plataformei dagokienez, uste baitu erantzukizun handiagoa izan behar dutela, gardentasunaren alde egin behar dela, eta desinformazioaren kontra», argitu du Sirotheauk. «Gai horiek guztiak darabiltza Brasilgo Gobernuak bere diskurtsoan, baina iruditzen zait ezinbestekoa dela gune digitalak gero eta seguruagoak, osasungarriagoak eta inklusiboagoak izatea, batez ere gutxiengoentzat. Era berean, garrantzizkoa da Brasilek BRICSen [G7koen alternatiba den nazioarteko aliantza] planteatzea gai horiek: zein beharrezkoa den kontu horiek arautzea, eta nola aurre egin teknologia enpresa erraldoiei, estatuen autodeterminazioa eta subiranotasuna arriskuan jartzen duten neurrian. Hau da, garrantzizkoa da proposamenak egitea teknologian inbertituz egoera aldatu dadin, herritarrak babesteko eta mundu gero eta polarizatuago honetan ekonomia sendoak sustatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.