Brasilgo justiziak baliogabetu egin du Lulari 'Odebrecht auziagatik' jarritako salaketa

Aho batez hartu du erabakia, eta presidente ohia kargugabetu egin dute auzi horretan.

Lula da Silva, artxiboko argazkian. MARTIAL TREZZINI, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko irailaren 2a
09:19
Entzun

Odebrecht eraikuntza enpresari ustez mesede egin ziolakoan Brasilen Lula da Silva presidente ohiaren aurka irekita zegoen prozesu judiziala artxibatu egin du bart Brasilgo justiziak. Aho batez hartu du erabakia Eskualdeko Auzitegi Federalak (ATRF-1), frogarik ez dagoela argudiatuta. Lehenago ere auzi horren salaketaren zati bat baliogabetu zuten, eta oraingo honekin kargurik gabe geratu da Lula Odebrecht auzian. Lava Jato auziko zigorra du oraindik, ordea.

Auzi horretan Lulari leporatzen zioten Odebrechten alde egiteko eskatu zuela Brasilgo Garapen Ekonomiko eta Sozialaren Banku Nazionalean, enpresa hori Angolan egiten ari zen lan batzuetarako mailegu batzuk eman ziezazkioten. Salaketaren arabera, horren truke dirua jaso zuen Lulak. Besteak beste, delitu hauek salatu zituen fiskaltzak: ustelkeria, bere harremanak horretarako erabiltzea, erakunde kriminal bateko kide izatea. 2016ean aurkeztu zuen salaketa.

Lularen defentsak azpimarratu du bosgarren aldia dela Lularen aurkako salaketa bat artxibatzen dutela frogarik ez dagoelako. Oraingoan fiskaltzak jarritako salaketa "ahula" eta oinarririk gabea zela esan du.

Presidente ohiaren defentsa orain Lava Jato auzian dago buru-belarri lanean; Petrobras enpresa publikoari lotutako ustelkeria sarearen parte izatea leporatzen diote, eta hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Bi helegite aurkeztu ditu defentsak Auzitegi Gorenean, orain arteko prozesuak baligabetu ditzatela eta epaiketa berriz egin dadila eskatzeko. Defentsak argudiatzen du Deltan Dallagnol fiskala eta Jair Bolsonaro (gaur egungo Brasilgo presidentea epailea zen auzi horretan) eta Sergio Moro epaileak ez zirela inpartzialak izan.

Defentsak dio auzi horietan ere artxibatu egingo dituztela bere kontrako salaketak. Azaroaren 8az geroztik aske da Brasilgo presidente ohia, espetxean 580 egun egin ondoren Guarujako apartamentuen auzia dela eta. Helegiteen prozesu osoa bukatu arte zigortuak ez direla kartzelatu behar ebatzi zuen Gorenak orduan, eta Lularen defentsak hori argudiatu zuen aske utz zezaten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.