mundua

Breivikek dio bere buruaren defentsan jokatu zuela

Amaitu da epaiketaren lehen saioa, Oslon, eta Breivikek ez du bere burua erruduntzat jo. Ustez Norvegian 77 lagun hil zituen, eta Fiskaltzak "terrorismoa" leporatzen dio. Epaiketak hamar bat aste irautea espero da.

2012ko apirilaren 16a
16:44
Entzun

Anders Behring Breivikek, ustez Norvegian uztailean 77 lagun hil zituen gizonak, gaur deklaratu du bere buruaren defentsan jokatu zuela, eta lagun horiek hil izana onartu badu ere, bere burua ez du "erruduntzat" jo. 

Gaur hasi da, Oslon, haren aurkako epaiketa, eta gaurko saioa amaitu da dagoeneko. Hamar aste inguru iraungo duela uste dute. "Ez dut onartzen Norvegiako auzitegien agintaritza; multikulturaltasuna babesten duten alderdietatik jaso dute agindua", esan du Breivikek auzitegira sartu aurretik.

Inga Bejer Engh fiskalak ordubetez errepasatu ditu "aurrez pentsatutako 77 homizidioak", eta hildako eta zauritutako bakoitzaren azalpen laburra eman du. Engh-ek esan du gertatutakoa "historia modernoan ikusi gabea" dela. 

Breivikek ezin izan dio negarrari eutsi erasoen egunean berak zabaldu zuen bideo bateko irudiak erakutsi dizkiotenean.

Norvegiako Fiskaltzak gaur baieztatu du Breiviken ama ere deklaratzera deituko duela; guztira, 150 lekukok parte hartuko dute. Fiskaltzak "terrorismoa" egozten dio Breiviki. Hark aitortu izan du berak hil zituela haiek denak, eta Fiskaltzak "homizidio boluntarioa" ere leporatzen dio.

Jens Stoltenberg lehen ministroak esan zuen gertatutakoa "Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako tragediarik handiena" izan zela.

  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.