Krisialdi ekonomikoak gogor jo du Irlanda, eta azken hilabeteetan eragin nabarmena izan du horrek politikan. Fianna Fail, 1997tik agintean dagoen alderdia,bereziki astindu du krisialdi politikoak, krisialdi ekonomikoaren errudun nagusitzat jo baitute oposizioak eta herritar gehienek. Arlo pertsonalean, alderdiko buru eta Irlandako lehen ministro Brian Cowenen irudia izan da gehien kalteturikoa. Oposizioko alderdiek aspaldian eskatu zioten Coweni dimititzeko, eta hauteskundeak aurreratzeko eskaera ere egin zioten. Azken egunetan, ordea, kolpean etorri dira Fianna Failen inguruko mugimendu politikoak. Joan den asteartean, Cowen berriz ere berretsi zuten alderdiko buruzagitzan, sei ministrok gobernua utzi zuten, eta iragan ortzegunean, hauteskundeen eguna iragarri zuen lehen ministroak (martxoaren 11). Atzo, ezustean, Fianna Faileko buruzagitzari uko egin diola jakinarazi zuen Cowenek.
Erabaki horrekin, Cowen ez da izanen lehen ministrorako hautagaia heldu den hauteskundeetan. Karguari, baina, martxoaren 11ra arte eutsiko diola iragarri du. Beraz, lehen ministro kargua eta alderdiko buruzagitza ez dira lagun bakarraren esku egonen—1994tik ez da hori gertatu—. Cowenek uste du hori ez dela egoerarik egokiena, baina denbora tarte laburrerako izanen dela espero du. Halaber, Fianna Failek jakinarazi du alderdiko buruzagi berria heldu den asteazkenean hautatuko dutela eta hautagaitzak biharko aurkeztu beharko direla. Irlandako hedabideen arabera, hautagaien artean egon liteke Micheal Martin Atzerri ministro ohia. Martinek iragan asteartean galdu zuen Cowenekin alderdiko buruzagitza lortzeko lehia, eta, horren ondotik, ministro kargutik dimisioa eman zuen.
Alderdiko buruzagitza uztearen arrazoi zehatzik ez du eman lehen ministroak. Azaldu du herenegun arratsean egoera politikoaren azterketa egin zuela eta erabakia atzo goizean bertan hartu zuela. «Bere kabuz» hartu duela dio, eta alderdikideek ortziraletik «denbora eta espazioa» eman diotela erabakiak beretzat eta Fianna Failentzat edukiko dituen ondorioak aztertzeko. Cowenek aldarrikatu du alderdi politikoak egiten ari diren proposamenetan finkatu beharko litzatekeela arreta, «norbanakoen aferetan» baino gehiago. Horren harira, bere alderdia kritikatu du lehen ministroak. «Kezkatuta nago nire Fianna Faileko buruzagitzaren inguruko azkenaldiko barne kritikek ez ote duten arreta desbideratu auzi garrantzitsu horietatik».
Alderdi barreneko kritikak, baina, azken erabaki honek ere sortu ditu. Charlie O'Connor parlamentariaren iritziz, alderdiko buruzagitza utzi eta lehen ministro karguan jarraitzea «zentzugabea» da, eta Fianna Faili «aurkako eragina» sor diezaioke.
Oposizioaren kritika gogorrak
Hauteskundeetarako aurreikuspenak ez dira hagitz positiboak Fianna Failentzat, eta azken egunetako mugimenduek alderdiaren irudia hobetzeko asmo soila dutela uste du oposizioak. Lehen ministroaren azken erabakia ere gogor kritikatu du. «Alderdiaren konfiantza galdu arren, Cowen gobernuaren buruzagitzan mantenduta, Fianna Failek erakutsi du bere iraupena herrialdearen iraupenaren gainetik paratzen duela», adierazi du Enda Kenny oposizioko alderdi nagusi Fine Gaeleko buruak. Alderdi Laboristako buru Eamon Gilmorentzat, ez da «iraunkorra» Cowenek lehen ministro karguan segitzea, eta Sinn Feineko presidente Gerry Adamsentzat, berriz, gobernua eta Fianna Fail «kaos batean murgilduta» daude. «Haien arreta ez dago herrialdearen arazoen gainean».
Brian Cowen Irlandako lehen ministroak Fianna Fail alderdiko buruzagitza utzi du
Martxoaren 11ko hauteskundeetan ez da hautagaia izanen; asteazkenean hautatuko dute haren ordezkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu