Formicaren itxierak Galdakaon (Bizkaia) 2012an utzitako zuloaren zati bat estaliko du Bricomartek. Eraikuntzarako produktuen banatzaileak iragarri zuen atzo 110 lanpostu sortuko dituela Formicak betetzen zuen orubean. Beste 25 lanpostu zeharka ere eragingo ditu Bricomarten inbertsioak, azpikontraten bidez edo zerbitzu enpresen bidez. Hilabete honetan Bizkaian iragarritako bigarren inbertsio handia da; maiatzaren hasieran Precicastek iragarri zuen fabrika berria jarriko duela Sestaon, 200 lanposturekin.
Bricomarteko hiru arduradunek Galdakaon egin dute inbertsioaren iragarpena, herriko alkate Ibon Uribe (EAJ) eta haren alderdiko ahaldun nagusigai Unai Rementeria han zirela. Azaldu dutenez, 14 milioi euro inbertituko dituzte, 9.000 metro koadroko salmenta eremua izango duen saltokia atontzeko. 14.000 produktu izango dituzte salgai, haien artean eraikuntzarako edo iturgintzarako materialeak, egurrak, margoak, tresna elektrikoak, sukaldeak, erremintak eta burdindegietako piezak.
Sektore horretako enpresetan munduko hirugarren handiena da Bricomart, eta Europako lehena. Kontinentean 63 saltoki ditu, Frantzian (35) eta Italian (11) batez ere. Adeo talde frantziarraren parte da, Leroy Merlinekin eta Akirekin batera.
«Kalitatezko enplegua»
Bricomarteko buruek ziurtatu dute «kalitatezko enplegua» izango dela beraiena, beren langileen %90k kontratu mugagabeak dituztelako. Kontratazioetako asko Galdakaon bertan egingo dituztela iragarri dute, enpresa ongi joateko baldintzen artean baitu beharginak lantokitik gertu bizitzea.«Horrek lagunduko du lan giro bikaina izaten, eta enplegatuekin eta hartu gaituen hiriarekin geure konpromisoak bete ahal izango ditugu horrela».
Uribek eskerrak eman dizkie Bricomarteko buruei Galdakao aukeratzeagatik. «Formica geure herriaren ikur bat zen, eta hura itxi ondoren ahalegin handiak egin ditugu ingurua biziberritzeko. Bricomarten etorrera berri bikaina da, inguruarentzat motor ekonomikoa izan daitekeelako». Frantziako multinazionalaren atzetik beste inbertitzaile batzuk iritsiko diren itxaropena azaldu du Galdakaoko alkateak.
Frantziakoa ez, Bizkaiko bertakoa da lurralde horretan beste inbertsio handia iragarri berri duen Precicast. ITPren filial horrek fabrika bat du Barakaldon, eta handik gertu jarriko du lantegi berria, Sestao Bai industrialdean. Bizkaiko Aldundiak aurreratuko dio inbertsioaren zati bat.