Europako Batasunak bere ibilbidearen 60 urtean izan duen lehen dibortzioa martxan da, eta hemendik aurrera bi urteko epea izango dute bi aldeek banatzeko. Ez da banaketa erraza izango, orain artekoa ikusita bederen, izan ere, lehen fasea itxitzat jo duten arren, arazoak ez dituzte erabat gainditu. Ipar Irlandako unionistek "oraindik zeresan asko" izango dutela aurreratu dute, hitzarmena itxi ostean. Mayk eta Junckerrek nabarmendutakoaren arabera, baina, "Irlandan ez da muga gogorrik egongo". Bi aldeetako ordezkariak Leo Varadkar Irlandako lehen ministroarekin eta Arlene Foster Ipar Irlandako DUP alderdi unionistako buruarekin aritu dira goizaldera arte, negoziatzeko epeak azken-azkenera arte eramanda, eta azkenean, Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzean Ipar Irlandak Irlandarekin izango duen muga leuna izatea erabaki dute, Erresuma Batuaren osotasuna errespetatzearen truke. Horrek zer esan nahi du praktikan?
Besteak beste, Ipar Irlandan jaiotako herritarrek Europako herritartasuna mantenduko dute, eta Ipar Irlandaren eta Irlandaren arteko "muga ikusezina" posible egiteko formula juridiko oso korapilatsua baliatu dute. "Erresuma Batuak barne merkatuaren eta muga batasunaren arauekiko lerrokatze erabatekoa mantenduko du, orain eta etorkizunean, Irlandaren ipar eta hegoaren arteko harremana eta uhartearen ekonomia babesteko, hala nola 1998ko akordioa".
Erresuma Batuaren eta EBren osotasuna, eta Ostiral Santuko akordioa errespetatzearen alde egin dute, beraz. Izan ere, muga zurrun bat ezarriko balitz, 1998ko akordioarekin hautsiko lukete, Irlandako bake prozesurako akordio nagusiarekin. Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga, berriz, 1993an ezabatu zen, EBko merkatu bakarra indarrean sartu zenean, eta bi eremuetako herritarrek hala jarraitzea nahi dute. Irlandako Errepublikak muga zurruna baztertzeko Europan daukan ahotsa eta beto eskubidea jarri ditu mahai gainean, akordioek brexit gogorraren bidetik jarrai ez dezaten.
Ipar Irlandako unionistak, berriz, irmo aritu dira azkenera arte brexit gogorraren alde, eta "oraindik asko dago hitz egiteko" Foster buruaren arabera. Erresuma Batu osoarentzako irtenbide bat lortzea dute helburu; ez dute Ipar Irlandarako erregulazio berezirik onartu nahi. Dublineko gobernuaren jarrera ere gogor kritikatu du, ez dielako beharrezko informazioa ikusten utzi "behar bezala negoziatzeko". Theresa Mayk beharrezkoa du DUPen babesa, Westminsterko parlamentuan gehiengo osoa galdu zuenetik unionisten hamar parlamentarien bozak ezinbesteko baititu gobernuaren ekimen nagusiak aurrera atera ahal izateko, besteak beste, aurrekontuak, eta May gogotik ordaintzen ari da DUPen babesa.
Irlandako auzian aurrera egiteaz gainera, Erresuma Batuan bizi diren EBko herritarrek eta EBn dauden britainiarrek, berriz, bizitzeko eta lan egiteko eskubideak mantenduko dituzte. Erresuma Batuak ez du Europako Batasunean boto eskubiderik izango, baina hainbat arau bete beharko dituzte, Europako Justizia Auzitegiarenak, adibidez, eta era berean, Erresuma Batuko epaileek Luxemburgora jotzeko eskubidea izango dute, Europako arautegiari buruzko zalantzak dituztenean. Horrez gainera, 40.000 eta 60.000 milioi euro artean ordainduko ditu Erresuma Batuak EBtik ateratzeagatik.