1954ko uztailaren 28an jaio zen Hugo Rafael Chavez Frias, Sabanetan (Venezuela). Venezuelako Akademia Militarrean egin zituen goi mailako ikasketak, eta azpiteniente izatera iritsita amaitu zituen. Zientzia eta Arte Militarretan lizentziatu zen ingeniaritzako adarrean, eta haren ikasturteko zortzigarren izan zen. 1975. urtea zen.
Hainbat postu bete zituen armadan komandante lanetan. 1982an, 200 Mugimendu Bolivartar Iraultzailea (MBR-200) sortu zuen. 1992ko otsailaren 4an, teniente koronel zela, Andres Perez presidentearen aurkako altxamendu militarrean hartu zuen parte, baina huts egin eta atxilotu egin zuten Chavez.
[Youtube]http://youtu.be/dV1fKQscgSQ[/Youtube]
Preso eraman aurretik, ordea, telebistaren aurrean adierazpenak egin ahal izan zituen. Agerraldi publiko horrek herrialde osoan ezagutarazi zuen Chavez, eta bultzada handia eman zion haren ildo politikoari. Zigortu egin zuten, baina bi urtera indultua eman zion orduko presidente Rafael Calderak.
Aske zela, Bosgarren Errepublika Mugimendua sortu zuen, eta 1998ko hauteskundeak irabazi zituen, botoen %56 eskuratuta. Hurrengo urtean, 1961ko konstituzioaren aldaketa proposatu zuen, eta %71 herritarren babesa jaso zuen arauak. 2000n presidentetzarako eginiko bozetan hautesleen botoen %59 lortu zuen.
2002ko apirilean, protesta artean, militarrek estatu kolpe bat eman zuten Chavezen aurka, baina egun batzuk geroago berreskuratu zuen presidentetza. 2004an, berriz, Chavez kaleratzeko erreferendum bat antolatu zuten, baina %59k egin zuten presidentearen alde. 2006ko bozetan hazi egin zen Chavezen babesa, botoen %62,84 eskuratuta. 2007-2012 eperako hautatu zuten.
2009an konstituzioan egin asmo zuen aldaketak harrabotsa sortu zuen oposizioan. 1999ko arauaren arabera, presidente batek bi legealdi egin zitzakeen karguan gehienez: hamabi urte. Muga hori ezabatzeko egitasmoak %54,86 herritarren babesa izan zuen. Hala aurkeztu ahal izan zen 2012ko urriaren 7ko bozetara, eta horiek ere irabazi egin zituen.
Ordurako gaixorik zen, ordea. Minbizia diagnostikatu zioten 2011ko ekainean, eta hainbat ebakuntza egin zizkioten. Iazko abenduan antzeman zuten birsortu egin zitzaiola gaitza, eta berehala egin behar izan zioten ebakuntza Habanan. Egun ugariz larri egon ostean zendu da gaur.