Buenos Airesen ifrentzua

Argentinako hiriburuko txabolatan bizi diren herritarrek protesta egiteari ekin diote; okupatutako parkea hustu ostean etxebizitza duina izateko hitza jaso arren, ez dira fio.

Gorka Berasategi Otamendi.
Buenos Aires
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Buenos Airesek ere baditu aurkia eta ifrentzua; badu kanpora begira landutako irudia —hiri kosmopolita, modernoa, kulturala, bizia— eta, bestaldean, badu horren txukuna ez den aurpegia ere. Eta alde horixe azaleratu da azken hamar egunetan izan diren lur sailen okupazioekin: Argentinako hiriburuko biztanleen zati esanguratsu batek pairatzen duen etxe beharra, alegia.

Auziaren ondorioak hainbat izan dira orain arte. Larrienak, kokaguneak desegiteko saioan errepresioak utzitako hiru hildakoak; immigranteak hirurak—Bernardo Salgueiro, Rosmeri Cupeña eta Juan Castañares—. Ondorio politikoei dagokienez, berriz, etxebizitza plan bat martxan jartzeko akordioa; Argentinako Gobernuaren eta Buenos Aireskoaren artekoa. Kreditu merkeak eta diru laguntzak agindu dituzte, eta, neurri horien bidez, kokagunerik garrantzitsuena eta zabalena desegitea lortu dute, baita iritzi publikoaren aztoramendua apaltzea ere.

Villa Soldati auzoan piztu da gatazka. Hiriburuaren hegoaldean dago auzoa, eta inguruan hamahiru villa miseria ditu (favela gisako kokaguneak). Joan den astean, mila familiak baino gehiagok parke zabal bat hartu eta bertan geratzea erabaki zuen. Aspaldi hitz emandako etxeak eskatzen zizkioten hiriburuko agintariei. Datu ofizialen arabera, 13.000 pertsona baino gehiago ezarri ziren Parke Indoamerikarrean. Gehienak atzerritarrak dira; boliviarrak, paraguaitarrak, perutarrak...

Villa Soldatiko egoerak berehala utzi ditu agerian hiriburuko eta gobernu zentraleko agintarien arteko desadostasunak. Bi erakundeen arteko akordioaren aurretik, Mauricio Macri hiriburuko gobernuburuak adierazi zuen xantaiarik ez zuela onartuko, eta beharrezko neurriak hartuko zirela egora lehengora buelta zedin. Cristina Fernandezen gobernuak, berriz, negoziatzera bultzatu nahi izan zuen hiriburuko agintaria. Bi erakundeen eztabaidak ez zuen galarazi, ordea, polizien jazarpena, eta kokaguneko biztanleak kanporatzeko operazioan hiru pertsona hil dituzte, tiroz. Argentinako Gobernuak polizia operazioaren erantzuleak kargugabetu ditu gertatutakoa ikertzeko.

Muturreko jarrerak

Hiru pertsonen hilketak giroa sumindu zuen Villa Soldatin; auzoan, muturreko jarrerak hartu zituzten batzuek eta besteek. Protestan ari zirenek aldarrikapenei indar handiagoz eutsi zieten, eta auzoko bizilagunak protestan ari zirenak parketik bidaltzeko neurriak eskatu zizkieten agintariei. Mezu arrazistak ere entzun dira bizilagunen artean, hedabideetan nahiz hiriko gobernuko kideen ahotik, eta parkeari eginiko erasoetan presio talde parapolizialen presentzia salatu dute tokiko hainbat hedabidek.

Mauricio Macri Buenos Airesko gobernadoreak narkotrafikoarekin eta delituarekin lotu du auzoko protesta, eta neurrigabeko migrazioaren ondorio dela adierazi zuen auziaren lehenengo egunetan. Asteak aurrera egin ahala, baina, agintariak Etxe Arrosan bildu dira protestan ari ziren familien ordezkari aritu diren elkarte sozialekin; etxebizitza plana martxan jartzea adostu dute. Baldintza gisa ezarri diete bizitokia aldarrikatzen ari direnei lursailak hartzea bertan behera uzteko. Hala egiten ez duenari diru laguntza sozialak ukatuko dizkiotela ohartarazi dute bi aginte organoek.

Akordioak dagoeneko eragina izan du. Parke Indoamerikarrean bildutakoak joan egin dira, eta lursaila hutsik da berriz iragan asteazkenaz geroztik. Mesfidantza handia dago, ordea, politikarienganako. Josefina Dominguez parkean ezarritako emakumeetako bat da. Haren hitzetan askoren iritzia laburbil daiteke, zalantzan jartzen baitute agintariek hitza beteko duten: «Norbaitek entzun beharko gaitu oraingoan; bestela, borrokara itzuli beharko dugu berriz, eta hori inork nahi ez duen arren, ez dago beste modurik gure aldarrikapenak aintzat hartuak izan daitezen». Nardulli Mateo ere ez da fio agindutakoarekin. «Salvatierrak [protestan ari zirenen ordezkarietako batek] asko hitz egin dio jendeari gobernu nazionalak hartu duen konpromisoaz. Konfiantza eskatu du, baina ni ez nago ziur konpromiso hori existitzen denik».

Arazo sakonagoak

Bistan da auzitan dagoela gatazka bideratuko den; izan ere, hiriburuko beste eremu batzuetara hedatu da protesta. Villa Soldatiko parkea hustu dute, baina beste eremu batek hartuta jarraitzen du; Retiroko tren geltokiaren alboan eta metropoli eremuko beste bost tokitan ere hainbat familiak behin-behineko bizitokiak eraiki dituzte etxebizitza duin bat aldarrikatzeko. Gobernu nazionalak erroldak iragarri ditu toki horietan, eta, ondoren, zein irtenbide eman aztertuko duela adierazi du.

Kokaguneekin sortutako gatazkak agerian utzi ditu, baina, azken gertakariak baino sakonagoak diren zenbait auzi. Batetik, poliziek eta haiengandik kanpo kokatzen diren beste zenbait talde armatuk protesta sozialen aurka erabiltzen duten indarkeria maila. Azken asteetan gai berarekin lotuta erakunde sozialen kezka plazaratu da hainbat manifestazioetan. Aste gutxi dira hiriburuan manifestari bat hil zutela eta herrialdearen iparraldean herri indigenetako kideek antolatutako protestetan ere hilketak izan direla. Testuinguru horretan kokatzen da Argentinako Gobernuak iragarri izana Polizia Federaleko buruak berritu dituela. Horrez gain, polizien gaineko kontrol zibila handitu nahi duela adierazi du exekutiboak. Segurtasun Ministerio berriaren sorrera ere bide beretik doa analista gehienen usteetan.

Azken lau urteetan, Buenos Airesko villa-tan biztanleria %30 handitu izanak, hiritarren zati esanguratsu batek duen etxe beharra erakusten du. Gaur egun, 200.000 pertsona inguru dira arautu gabeko kokaguneetan bizi direnak, eta ez dute legezko etxebizitza merkatuan alokatzeko eta erosteko ahalmen ekonomikorik. Macriren Gobernuak Hiriko Etxebizitzarako Institutuari aurrekontua murriztu izana ere salatu dute hainbat elkartek. Azken bost urteetan %5,4tik %2,4ra gutxitu du aurrekontua, eta iaz baino %25 murritzagoa da aurtengoa. Buenos Airesko Etxebizitzarako Institutuaren datuen arabera, aurrekontua ez da osorik exekutatu. Iaz, %56 bakarrik erabili zuten ezarritako helburuetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.