Buenos Airesko bozetan kirchnertarrak beste porrot bat izateko arriskuan dira

Mauricio Macri kontserbadoreak irabazten badu, hirugarren aldiz galduko du Cristina Fernandez presidentearen alderdiakUrriko hauteskunde orokorretarako primarioak bi aste barru egingo dituzte

Gorka Berasategi Otamendi.
Buenos Aires
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Urduritasuna dago peronismo kirchnertarraren barruan, gaur Buenos Airesen gertatzen denak baldintza baitezake Argentinako hauteskunde orokorretan gertatuko dena. Mauricio Macri PRO alderdi kontserbadoreko hautagaiak irabazten badu, hirugarren porrotari aurre egin beharko dio FPV alderdiak. Buenos Airesko lehen itzulian oso atzera geratu zen, eta Santa Fe probintzian, joan den astean, hirugarren egin zuen. Gaurko bozketak ikusmin handia eragin du, CristinaFernandez presidentearen gobernua ataka zailean jar dezakeelako.

Urrian izango dira hauteskunde orokorrak, baina bi aste barru primarioak dituzte. Abuztuaren 14an argentinar guztiek derrigor bozkatu behar dute primarioetan, eta aurkezten diren hautagaiek botoen %1,5 atera behar dituzte gutxienez urriaren 23ko bozetan lehiatu ahal izateko.

Gaur, berriz, Mauricio Macriren eta Daniel Filmus FPV gobernuaren alderdiko ordezkariaren artean banatuko dira bozetara deitu dituzten 2,5 herritarren botoak. Macri Buenos Airesko egungo gobernuburu denari gutxi falta izan zitzaion kargua lehen itzulian irabazteko. Bozen%47 eskuratu zituen, ia gehiengo osoa, eta Daniel Filmusek %28. Hirugarren postuan gelditu zen Fernando Solanas, Pino, Proyecto Sur alderdi aurrerakoiko hautagaia (% 13). Orain, Filmusen taldeak espero du Pino Solanasen botoak harengana joatea.

Dena den, urduri daude Argentinako Gobernuan. Izan ere, Macriren agintaldian zenbait eskandaluren ondorioz hainbat iskanbila piztu diren arren, ez dio balio izan FPVri egoera bere alde jartzeko. Buenos Airesko gobernuaren kontrako epaiketa prozesua zabaldu dute, eta biztanleriaren herenak ez du oso iritzi ona Macriri buruz, baina askorentzat Fernandezen politikak aldaketa behar du.

Buenos Aires behar du presidenteak, batez ere beste ezusteko kolpe bat jaso duenean Santa Fe probintzian, herrialdeko eskualde nagusienetako batean. Alderdi Sozialistak gobernatzen jarraituko du han. Albistea, ordea, PRO alderdiaren gorakada izan da, oso alde estuarekin gelditu baita bigarren — botoen %38,7 sozialistentzat eta %35,2 PROrentzat—. Urrun gelditu da Fernandezen aldeko hautagaia (%22,2).

Oposizioa, liderrik gabe

Oraingoz, hauteskunde orokorretarako inkestek Cristina Fernandezek irabaziko duela iragartzen dute, baina egiten ari denagatik baino gehiago oposizioan ez delako aurre egingo dion aurkari sendorik ageri. Gobernuarekin bat egiten ez duten politikarien artean, Macri bera jotzen dute Fernandezi aurre egiteko hautagai gisa, baina Macrik uko egin dio presidentetzarako aurkezteari.

Gaur Macrik irabaziz gero, urriko hauteskunde orokorrei begira beren aukera indartzeko esperantza izangodute oposizioko hautagaiek, Cristina Fernandezen irudia higatzeko baliabide aproposa eskuratuko baitute. Macriri, berriz, 2015ean Argentinako presidentetzarako hautagai gisa prestatzeko bidea zabalduko zaio.

Azkenean Daniel Filmusek lehen itzuliko emaitzei buelta ematea lortzen badu, ordea, Buenos Aires kirchnerismoaren estatu ereduarekin bat eginda aurkezteko aukera izango du Fernandezek. Argentinako Gobernuaren eta Buenos Aireskoaren arteko elkarlana erraztuz, hauteskunde orokorren aurretik hirian hobekuntzak aurkezteko parada izango du, baina ez dirudi hala gertatuko denik.

Buenos Airesko Gobernua osatzeko aukera duten bi hautagaien ezaugarriak aztertzeko orduan, molde politiko guztiz desberdinak ageri dira. Bi aukeren kontrakotasunak kanpaina polarizatu egin du. Horren adierazle da Pino Solanasen emaitza kaskarra; izan ere, hasiera batean askorentzat hautagai indartsua zen.

Bigarren itzulian, beraz, peronismoaren eta macrismoaren artean erabaki beharko dute. Peronismoa fenomeno politiko konplexua da oso, aurpegi askokoa eta Argentinan tradizio politiko sakonekoa. Daniel Filmusek ildo horren barruko proposamena ordezkatzen du, Cristina Fernandezen kudeaketaren luzapena Buenos Airesko hirian. Aberastasunaren banaketa, leku publikoaren berreskuratzea eta hezkuntza eta etxebizitza eskubidea izan ditu kanpainako zutabeak, eta politika aurrerakoiak martxan jartzeko asmoa.

Macriren kasua oso bestelakoa da; «politika berriaren ordezkari» izendatu izan du bere burua. Macri negozioetako gizona da; Boca Juniors futbol taldeko presidente izan zen. Franco Macri enpresaburuaren semea eta, ondorioz, Argentinako enpresaburu boteretsuenetako baten oinordekoa. FPVko hautagaiak ez bezala, Macrik ez du proposamen politiko garbirik egiten, eta hautagai ideologizatu gabea izatea leporatzen dionari, berea kudeaketa eraginkorra dela esanez erantzuten dio. Mezu baikorrak, puxika koloretsuz jositako agertokiak eta istiluak saihesteko estrategia erabili ditu. Hainbat alditan hautagaien arteko eztabaidan parte hartzeari ere uko egin dio.

Ez du ekitaldi jendetsu eta handirik antolatu, ezusteko kale agerraldiak baizik. Bizilagunekin hitz egiten duen agintariaren irudia izan da haren kanpainaren argazkia. Jose Natanson politologoaren hitzetan, «Macri politikaren, negozioen eta kirolaren uztartze posmodernoaren ikur garbia da, Silvio Berlusconi edota Sebastian Piñeraren antzera».

Ekintza susmagarriak

Lau urteotan hartu dituen erabakien artean, metroa hedatzea, trafiko sisteman eginiko aldaketak eta hiriko boterearen deszentralizazioa nabarmendu izan dute Macriren aldeko sektoreek. Kontrako aldean, baina, protestak ez dira falta izan; esaterako, Buenos Airesko Polizia propioa sortu izanak eragin dituenak.

Segurtasuna hiriburuko gobernuaren aldarrietako bat izaki, babes politikak delituaren sarrailatik bakarrik begiratzea leporatu diote hainbat erakundek. Bestalde, auzipetuta dago hainbat politikari, sindikalista eta gizarte eragileri jazartzeko legez kanpoko entzuketetan erantzukizuna duelakoan. Horretaz gain, zenbait zerbitzuren pribatizazioa eta hezkuntza publikoarentzako aurrekontutik xahutu izana ere leporatu izan diote Macriren gobernuari, finean, negozio ilunetan sartuta dabilen enpresari iaioa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.